Zero zabor negoziazio kolektiboan

2018/02/13
ZaborGaraipena.jpg
Murriztu, berrerabili, birziklatu eta berreskuratu: ingurumenarekiko begirunea duen zabor kudeaketaren gakoak. Gipuzkoako komunikabideetan sarri jorratzen da zabor kudeaketaren gaia, gehienetan, gainera, polemika dosi kutsakorrarekin datorkigu. 2017 urtearen azken egunetan, ostera, zaborren beste alderdi bat zuen hizpide prentsak, kale garbiketaren eta zabor bilketaren lan‑baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren negoziazioa, alegia.

Mirari IrureMirari Irure, ELA Zerbitzuak (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Gaur jakin badakigu negoziazio hori amaiera zoriontsudua izan duen istorio izatera pasa dela. Hori gutxi balitz, beren aldarrikapenak lortzeko, kale garbitzaileek azkenean ez zuten greba egunik egin behar izan. Zorionez, beti ez da beharrezkoa izaten Bizkaiko erresidentzietako emakumeek erakutsi ziguten 300 egunetik gorako borroka heroikoa. Edonola ere, kale-garbitzaileen lorpena ez zen ezerezetik sortu. Garaipenaren nondik norakoak ulertzeko, egin dezagun historia apur bat.

2016an hasi ginen negoziatzen hitzarmena; azken negoziazioaren ajeak bizirik zirauen artean. Aurreko hitzarmena abagune zailean negoziatzea egokitu zitzaigun, krisialdiak, lan-erreformek eta udalen murrizketek eragindako testuinguruan, hain zuzen ere. Ondorioz, egoerak baldintzatutako %0,7ko eros-ahalmena utzi genuen bidean. Hortaz, negoziazio berriarekin bagenuen egitekoa.

Eusteak merezi izan zuen, eta greba egunaren bezperan itxi genuen akordioa. Patronalak ondo zekien grebari eusteko beharrezkoak diren antolakuntza eta tresnak bagenituela. Horregatik eman zuen amore

Negoziazio prozesuak luze jo zuen. Hilabeteak joan hilabeteak etorri, muinari heldu orduko urtea joana zitzaigun (pentsa, 5 urteko ultraaktibitatearen ordez urtebeteko ultraaktibitate legala bagenu, hitzarmenik gabe geundeke ordurako). Urtea pasata, diru-kontuez hasi ginen, eta orduan hasi ziren komeriak. Patronalak, FCC buru zuela, eskala bikoitza proposatu zigun: prezioaren berrikuspena zuten kontratetarako igoera bat eta gainontzekoentzat beste bat, baxuagoa, noski. Proposamenak sindikatu guztion ezezko borobila jaso zuenez, bigarren erasoa etorri zen: hitzarmen probintzialetik kanpo uztea Donostiako kontrata. Gipuzkoako kale garbikuntzan 1.200 langilek badihardute, Donostian 250 langile dira, beraz, esparrua ez zen nola-nahikoa. Langile guztien %20ari Rajoyren erreformak ahalbidetu zituen enpresa-hitzarmen eskas horietako bat aplikatu nahi zieten. Orduan ere erantzuna tinkoa izan zen, eta alde sindikalak ez zuen xantaia onartu. Baina patronalaren erasoak ez ziren hor bukatu, eta gainontzeko kontratetan negoziazio mahaiak ireki zituzten.

Negoziazio horietan, probintzialean ordura arte eskainitakoak baino soldata-igoera hobeak eskaini zituzten, langileak zatitzeko helburuarekin. Mugimendu horren aurrean Gipuzkoa osoan zehar langileen asanbladak egin genituen, eta, beste behin ere, erasoari eutsi genion. Langileak ez ziren zatiketara makurtuko eta ez zuten hiltzen utziko hitzarmen probintziala. Inondik inora. Gauzak horrela, gatazka antolatzea beste aukerarik ez zigun uzten patronalak. Greba mugagabea deitu genuen Santo Tomas egunerako.

Ordura arte mantendutako batasun sindikala greba eguna hurbildu ahala hasi zen puskatzen. Patronalak gogor jokatu zuen, eta soldata ez beste bi aldarrikapenak eman zizkigun: ultraaktibitate mugagabea eta asteburuetako langileen prekarietateari aurre egiteko sistema. Grebaren bezperatan, CCOO eta UGTrentzat galdutako eros‑ahalmena berreskuratzea ez zen jada ezinbesteko, eta greba deialditik irten ziren. Egoera zaila zen oso.

Eusteak merezi izan zuen, eta greba egunaren bezperan itxi genuen akordioa. Patronalak ondo zekien grebari eusteko beharrezkoak diren antolakuntza eta tresnak bagenituela. Horregatik eman zuen amore. Gaur eskerrak ematea dagokit. Batetik, ELAri. Sindikatu independente, ekonomikoki autonomo eta erasokorra izateko tresna sortzeagatik. Gora erresistentzia kutxa! Bestetik, %63ko ordezkaritza ematen diguten ordezkari guztiei, beraiei esker, negoziazioak eskatzen duen bat-batekotasunarekin barreiatu ahal izan genuen informazioa Gipuzkoa osoan zehar. Aupa, ekipo! Azkenik, gure afiliatu eta jarraitzaileei, jasan genituen xantaia guztiei muzin egiteagatik eta sindikatuan azken unera arte erakutsi duzuen konfiantzagatik. Bihotzez, Zorionak! Harrotasunez esan dezakegu Gipuzkoako kale-garbiketaren negoziazioan zero zabor daukagula.

Murriztu: asteburuetako langileen prekarietatea murriztu dugu, beren lanaldiak handitzeko sistema arautuz.

Berrerabili: gure argudioak behin eta berriro erabili ditugu, nondik gatozen jakitea garrantzitsua baita nora goazen erabakitzeko.

Birziklatu: sindikalgintza birziklatze prozesu etengabea da, eta negoziazio hau ere hala izan da. Behar indibidualetatik interes kolektiboak eraiki ditugu, langile zapalduetatik militanteak egin ditugu eta haserrealditik aldarrikapen-gatazka antolatu dugu.

Berreskuratu: ultraaktibitate mugagabea eta eros-ahalmena berreskuratu ditugu. Baina ez hori bakarrik, duintasuna eta errespetua ere bai. Finean, gurea dena berreskuratu dugu.