NAVARPLUMA. Haizatzen utzi ez dituzten lumak

2019/10/28
NavarplumaAzala.jpg
Lan taldearen duintasuna erakustea lortu dute jarrera eta jokaera batekin baino gehiagorekin. Enpresariari erakutsi diote ez direla beldur eta dagokiena eskatzeko gaitasuna badutela. Errespetatuak izan daitezela lortu dute euren lantokian. Bide berriari ekin diote: “Atzera bueltarik gabeko bidea markatu dute”. Izan ta Esan bildumaren bederatzigarren alea, Navarplumako langileek lortutako garaipen sindikal eredugarriaren inguruan.

Izan ta Esan 9

Irakurri argitalpen osoa

Beldurretik elkartasunera

Lanpostua prekarietatearen eta ia esklabutzaren sinonimo bilakatzen direnean kemena azaleratzen da. Horixe da Navarplumako langileek behar izan dutena euren borroka amaieraraino eraman ahal izateko. 2019ko otsailaren lehen egunean ekin zioten greba mugagabeari eta 41 egunen ondoren eman zuten amaitutzat. Ez dira nolanahi pasatzen horrenbeste egun lantokiaren atarian protestan. Luze doaz. Hotzari, euriari eta enpresako agintarien gutxiespenei egin behar izan diete aurre Navarpluman ari diren langileek. Guztira 38k osatzen dute lan-taldea, eta hamazazpik egin dute euren lanpostuen duintasuna berreskuratzeko borroka.

Mehatxuak, langileen gehiegizko ikuskaritzak, justifikatu gabeko kaleratzeak, zigor zentzugabeak, azalpenik gabeko murrizketak … horiek guztiak izan ziren langileen artean eztanda-eragin zutenak.

Langileek, eguneroko ogia eskuratzeko lanorduak egiten dituzten horiek, behar argia ikusi dute: denbora gehiegi eman dute ia eskubiderik gabeko lanpostuan aurrera egiten. Egun bat bai eta bestea ere bai. Ezin kexatu eta ezin dagokiena eskatu. Beldurraren estrategia erabili izan du askotan Navarpluma enpresako zuzendariak, Olivier Martinek, langileak deus egitera ausartu ez zitezen. Eta, hilabete askoan baliagarria izan zaio hori zuzendaritzari. Langile bakoitza, berea egiteaz arduratu, eta, inori hitz erdirik esan gabe ia burumakur itzultzen zen bere gainerako bizia egiten segitzera. Kasu honetan, eztanda egin zuen egun batez.

Mehatxuak, langileen gehiegizko ikuskaritzak, justifikatu     gabeko kaleratzeak, zigor zentzugabeak, azalpenik gabeko murrizketak … horiek guztiak izan ziren langileen artean eztanda-eragin zutenak. Sumatzen hasi ziren egoera hark ez zituela banan-banan erasaten, baizik, lan-talde osoari eragiten zion egoera orokorra zela. Horrek eraman zituen elkartzera, hitz egitera eta egoera jasangaitzari buelta eman nahi izateko indarrak batzera. Eta izan zen detonatzaile argi bat aurrera pausoa ematerako garaian: 2013an enpresan sartu zen manager berria. Ordura arte zituzten baldintzak erabat txikituak geratu ziren haren aginduz: gaueko txandei gehigarriak kendu zizkien, soldatak jaitsi
zizkieten, produkzioagatik ez zizkieten pizgarriak ordaintzen, lizentziak ezeztatu zizkieten, opor egunak murriztu zizkieten... Adibide praktikora eramanda Viallek egindakoa, hauxe litzateke: lau urtean langile bat 800 euro gutxiago jasotzera iritsi zen, alegia, lantokira sartu zenean 1.800 euroko soldata bazuen, lau urte beranduago eta krisiaren aitzakiarekin 1.000 euroko soldata jasotzera iritsi zen.

Beldurraren bideak indar handia hartu zuen eurengan eta biltzen hasteko lehen batzarrak isilpean eraman zituzten. Ohartu ziren arte, hori zela hartu beharreko bidea eta langileen gehiengoak bat egiten zuela haiekin

Lehen egunak zailak izan zirela diote ELA sindikatuko afiliatu diren Navarplumako hiru langile ordezkariek: Momar Diop, Amadou Diop eta Felix Gonzalezek. Beldurraren bideak indar handia hartu zuen eurengan eta biltzen hasteko lehen batzarrak isilpean eraman zituzten. Ohartu ziren arte, hori zela hartu beharreko bidea eta langileen gehiengoak bat egiten zuela haiekin. Lehen harremanak hasi zituzten eta elkar ezagutzeko aukera zabaldu zien. Lehenengo pausoa ematea erdietsi zuten laster: beldurrak albo batera utzi eta batzearen indarrak lagundurik euren esku zegoen guztia egiteko adorea hartu zuten.

Otsailaren lehen egunean greba hasi aurretik zenbait hilabete izan ziren langileak batzartzen eta egoera zein zen aztertzen. Argi utzi zituzten euren eskariak zein ziren. Dena ez zen soldata kontua. Lanpostuetako baldintzak duintzeko asmoz ekin zioten bideari. Egutegi zehatzak izateko, lan-baliabide egokiak erdiesteko, bakoitzaren eginbeharra argitzeko, tresna egokiak erabili ahal izateko… ez dira bakarrik diru kontuez aritu. Horiek guztiak zehaztuta, enpresariekin eta zuzendaritza taldearekin biltzeko ahalegina egin zuten behin baino gehiagotan baina erantzunik ez dute jaso. Borondaterik ez dute agertu eta ez dute intentziorik agertu langileen eskaerak, asmoak edo nahiak entzuteko ere. Horrek bultzatuta, greba mugagabea egitea adostu zuten.

Jarraitu irakurtzen