Iker Tubia: “Nafarroako Gobernuak ez du euskararen normalizazioa helburu nagusitzat”
2026/01/27
Hamar urte igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik kanporatua izan zenetik. ‘Aldaketaren gobernua’ deitutakoa osatu zen 2015ean, Geroa Baiko Uxue Barkos presidentea buru, eta 2019ko hauteskundeetan hartu zuen presidentetza Maria Chivite PSNko kideak. Aldaketa hori gertatu den edo ez baloratzeko unea da. Horregatik, ‘10 urte UPN gabe. Gauzatu gabeko aldaketa’ txostena osatu du ELAk esparruz esparru, eta mahai ingurua antolatu zuen 2025eko urrian Iruñeko Katakraken hainbat gonbidaturekin.
Euskararen auziaz jarduteko hartu zuen hitza Iker Tubia kazetariak eta LABA espazioko kideak. Euskarak Nafarroan urratsak egin dituela dio, baina hainbat erronka jarri ditu mahai gainean. Horien artean, Nafarroako Gobernuaren marra gorriak irauli eta jendearengana gerturatzeko premia.
