10 urte UPN gabe: gauzatu gabeko aldaketa

Hamar urte igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik kanporatua izan zenetik, eta une hura milaka nafarren memorian iltzatuta dago. UPNren aginte luzeak amaiera eman zion “korralito foral” deituriko sareari: UPN, PSN, patronala, UGT, CCOO, Opus Dei eta beste hainbat eragilek osatutako blokea, herritarrak baztertu eta kontrol soziala ezarri zuena. ELAk erepairatu zuen "erregimenaren" jazarpena.
2008ko krisiaren ondoren, murrizketak eta ustelkeria areagotu ziren, eta horrek mobilizazio historikoak eragin zituen, sei greba orokor barne. Aktibazio sozial horrek ahalbidetu zuen UPN boteretik kentzea.
Hala ere, 2015ean osatutako gobernu berriak (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E) ez zuen PSNren menpekotasunik gabe jarduteko aukera hura baliatu UPNk eta PSNk utzitako politikak atzera bota eta sakoneko aldaketa egiteko. Honek frustrazio eta aukera galduaren sentsazio sakona utzi zuen. 2019ko hauteskunde ondoren osatu diren gobernuek PSN izan dute buru, Geroa Bai eta Contigo Zurekinekin koalizioa osatuz eta EH Bilduren kanpoko babesa jasoz, baina aurreko politikei eman diete jarraipena.
Hamar urte ondoren, une aproposa da gobernuaren jarduera eta egindako politikak baloratzeko. ELAren ustez, gobernua aldatzeak ez du berez politiken aldaketa ekarri: zerga-sistema ia bere horretan dago, AHT egiten ari dira, euskararen normalizazioa lortzeke dago eta UGT, CC.OO. eta patronalari finantzaketa publikoa itzuli zaie. Aldaketa sakonak sistematikoki saihestu dira, elite ekonomiko eta erlijiosoen interesak ez kaltetzeko.
Honek ez du esan nahi aurrerapausorik egon ez denik. Horrela gertatu da memoria historikoan, torturaren biktimen aitortzan, Skolae programaren ezarpenean edota kultura, politika eta gizarte mailan pluraltasun handiagoa onartzean.
Argitalpen honen helburua azken 10 urteetan “aldaketaren” gobernuen politikak aztertu eta baloratzea da, horretarako, politika horien edukia erdigunean jarriz eta ez babestu dituzten alderdien kolore politikoa. Dokumentu hau, politikoki eta ekonomikoi independientea den sindikatuaren begiradatik, benetako aldaketaren irismena zintzotasunez baloratzen saiatzen da euskara, ekonomia, zerbitzu publikoak edo ingurumena moduko arloak aztertuz.