2013ko Hego Euskal Herriko fiskalitateari buruzko txostena

2014/09/22
iruzurra.jpg
Fiskalitateari buruzko eztabaida funtsezkoa da bidezko gizarte eredua diseinatzeko. Funtsezko garrantzia du, hark eragiten baitu zenbat diru eta nola biltzen duten administrazioek zerga bidez. Hego Euskal Herrian diharduten Administrazioek egindako doikuntza politikek gastua murriztea dute oinarri; gizarte gastua, bereziki. Politika horien ondorioz, langabezia eta pobrezia handitzen ari dira, bai eta gizartearen babesgabetasuna ere; hau da, babesik gabe gelditzen ari dira baliabide gutxien duen jendea, langabeak, etxegabeak, etab.

Azterketak 31, 2014ko Iraila

ELAn beti esan dugu arazoa ez dela gastua, diru-sarrera publikorik eza baizik. Datu ofizialek diote HEHko gastu publikoa Europar Batasunean batez beste egiten den gastu publikoaren azpitik dagoela; BPGaren 11 puntu azpitik, hain zuzen. Horregatik proposatzen ditugu murrizketez bestelako bideak, hots, batetik, gizarte gastua handitzea, eta, bestetik, diru-sarrera publiko gehiago eskuratzea. Izan ere, txostenean ikusiko dugun bezalaxe, Europako batez bestekoaren oso azpitik daude.

Txosten honetan garrantzi berezia eman diegu zerga-politikarako proposamenei. Azkenaldian, izan ere, alderdi politikoek arma gisara erabiltzen dute zerga-politika haien arteko borroketan. ELAk, ordea, argi eta garbi egina du salaketa, hots, Gobernuak txandakatzen badira ere, zerga politika ez da aldatzen, eta oraindik ere sekulako aldea dago Europako zerga-politikarekin alderatuta.

Urteak daramatzagu salatzen Hego Euskal Herriko fiskalitateak bi arazo larri ekarri dituela berekin:

· Ez dago behar adina diru-sarrera publikorik gizarte beharrak asetzeko.

· Zerga-politika bidegabea, eta soldatatik ez datozen errentetan dagoen iruzurrarekiko permisibitatea

ELAk proposatzen dituen neurrien artean:

 Iruzur fiskalaren aurkako borroka.

 Zerga itzurpenaren aurka borroka.

Ondarearen gaineko Zergak galdu duen dirua biltzeko gaitasuna berreskuratzea.

 PFEZ: galdutako progresibotasuna berreskuratzea, kapitalaren errentek duten tratu pribilegiatua ezabatzea...

Sozietateen gaineko Zerga: tasa nominala %35ean ezartzea; oro har, behar bezalako arauak onestea ingeniaritza fiskala eragozteko.

Finantza sektorea: bukatu behar da finantza sektoreari zerga arloan ere ematen zaion tratu pribilegiatua. Horien artean, Zerga berri bat sortzea, zorraren bidezko banku finantzaketa probetxugarria izan ez dadin.

Gutxieneko tributazio bat ezartzea oinordetza eta dohaintzetan.


"Ogasuna denok bagara", denok ere erabaki behar dugu. Prozesu parte-hartzaile bat egin beharra dago, zerga-politika definitze aldera, eta bitarteko instituzionalizatuak izan behar dira eskura, sindikatuek parte har dezaten. Zerga-erreformak egiterakoan, gizarteari kontsulta egin behar zaio, erreferenduma erabiliz.

 

Txosten osoa kontsulta dezakezu gure webean.