‘Ipar Euskal Herriko irakaspenak, Hego Euskal Herriko korapiloak’ solasaldia ekainaren 3an Donostian
Hitzaldiaren izenburuak agerian jartzen duenez, Ipar zein Hego Euskal Herriko ikuspegiak eta esperientziak partekatuko dituzte solasaldian. Izan ere, Unai Apaolazak Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren mende erdiko ibilbidea aztertu du, eta bi estrategia abertzale bereizten ditu, biek ere porrot egin dutenak, dioenez; horregatik ondorioztatu du estrategia berri baten falta dagoela. Bestelako ikuspegia du Butronek: estrategia jakin baten emaitza dira Ipar Euskal
Herriko abertzaleek lortutako aurrerapausoak, Batera plataformaren eta herri ekimenaren bitartez. Bada, bi ikuspegi horiek uztartuko dituzte solasaldian.
Liburuaz: zazpi begirada burujabetzaz
Euskal Errepublikarako bidean, burujabetzan aurrera egiteko norabideak eta gakoak jasotzen ditu liburuak, hain zuzen ere alor sozialeko, akademiako eta sindikalgintzako zazpi egilerekin: Unai Apaolaza Amenabar (filosofoa), Uzuri Aboitiz Hidalgo (EHUko ikerlaria eta antropologoa), Andrea de Vicente Arias (EHUko irakaslea, Lan Harremanen eta Gizarte Laguntzaren fakultatean), Iñaki Lasagabaster Herrarte (EHUko Administrazio-Zuzenbideko katedraduna), Roser Espelt Alba (ELAren Azterketa Bulegoko kidea), Ainize Butron Arana (Alda elkartearen zuzendaritzako kidea) eta Amaia Alvarez Berastegi (NUPeko irakaslea). Norbere esparrutik, burujabetzei buruz hausnartzen dute egileek.
Zer: ‘Ipar Euskal Herriko irakaspenak, Hego Euskal Herriko korapiloak’ solasaldia
Non: Donostian, Kaxilda liburu dendan
Noiz: 2026ko ekainaren 3an, 18:00etan
