Adimen artifiziala gorpuztu

2026/11/03
Burujabetza teknologikoa.jpg
Adimen artifiziala gure egunerokoan gero eta presenteago dago, baina nola eta zertarako erabili erabakitzea ezin dugu enpresa teknologikoen esku utzi. Artikulu honetan ikuspegi kritiko eta burujabe batetik AA erabiltzeko hamar printzipio proposatzen dira, mendekotasun teknologikoa murrizteko, datuak eta langileen eskubideak babesteko eta erabaki kolektiboak lehenesteko. Eztabaidarako abiapuntu interesgarria.

Gorka Julio, EH Digitala (artikulu hau Gaur8-n argitaratu da)

Adimen artifiziala (AA) barruraino sartu zaigu, eta ez lanera edo etxera bakarrik: bizitzan bertan eragiten digu. Ezinegona, posizionatzeko beharra, urgentzia edota erabiltzeko premia sentiarazten dizkigu. Gorpuztu dugu AA; gorputzik ez duen zerbaiti forma eman diogu guk gure gorputzekin.

Aitortu behar dizuet zutabe hauetan AAri buruz zuzenean hitz egitea saihestu dudala. Aipatu orduko, teknologiaren inguruko eztabaida guztiak kanibalizatzen dituen gaia da AA. Denok gehitzen diogu geruza bat teknokapitalismoak sortu nahi duen hype-ari. Hala ere, zerbait esateko garaia heldu dela sentitzen dugu. «Dugu» diot, eztabaida eta txoko askotan gai horren inguruko antzeko arazoak partekatzen ari garelako. Erabili? Zer erabili? Nola erabili? Zer da erabili? Erabiliak izan? Zer da? Da?

Horretan geundela, AAren inguruko dekalogo-zirriborro bat egiteko gogoa agertu zitzaigun. Izan dadila hura eztabaidetarako lehen pausoa, amaitu gabeko lana, bakoitzak egokitu eta eztabaidatu beharreko mapa bat, eta ez kalko bat.

HIRU NEURRI

Dekalogora iristeko lehen ahalegin gisa, RAP (Résistance à l'Agression Publicitaire) elkartearen neurriak oinarri hartuta, antzeko zerbait egitea ideia ona izango zela pentsatu nuen. Hain dira sinpleak RAP neurriak (https://rap.komunikilo.org/eu/neurriak.html), non merezi baitzuen AArako bertsio bat egitea.

AA erabiltzea beharrezkoa izan daiteke, baina horrek ez du hura lehenesteko edo legitimatzeko arrazoia izan behar. Hiru neurri hauek mendekotasuna murriztu dezakete, AA erabiltzeari uko egin gabe:

1. Normalizatu gabe erabili. Gauza bat da AA zeregin jakin baterako erabiltzea, eta beste bat, hura aukera lehenetsia bihurtzea. Ez da ezer normalizatu behar zer erabiltzen den jakin gabe eta erabaki kolektiborik gabe.

2. Esklusibotasuna saihestu. Erakundeak soilik duena (datu sentikorrak, barne ezagutza, artxiboak) ez eman kontrolatzen ez ditugun zerbitzuei. Bermerik gabe zerbait igoz gero, lehendik ere publikoa izan dadila.

3. Mendekotasuna finantzatzea saihestu. Dirua, lehenik, autonomia gehien eskaintzen duten aukeretara bideratu: eredu irekietara, hurbileko hornitzaileetara, geure hizkuntzan sortutako teknologiara eta prestakuntzara. Kanpoko zerbitzu bat ordaindu behar bada, bermeekin izan dadila: entrenamendua baztertzen duen kontratu batekin, ez plan indibidual batekin. Doan dena, batzuetan, datuekin ordaintzen da, azpiegitura geurea edo burujabea ez denean.

DEKALOGO-ZIRRIBORROA

Lehen saiakera horrek, motz geratzen dela jakinik ere, pauso batzuk emateko balio dezake zenbaitentzat. Eztabaidarako aukera ere irekitzen du: neurri batzuk sinpleak izan arren, agian zailak izan daitezke kasu eta testuinguru batzuetan aplikatzeko.

Zergatik diren hamar ez dugu justifikatuko; dekalogoak tradizio bat dira, eta gure garunari hamarrekoak gustatzen zaizkio, auskalo zergatik. Hamaika izan zitezkeen, baina hobe da muga bat jartzea, ez dago hamar neurri izateko bestelako arrazoirik.

Dekalogo formak pentsamendu marko bat ematen digu. Batzuentzat itxiegia izan daiteke, baina, hasieran azaldu bezala, eztabaidarako aitzakia bihurtu nahi dugu. Adimen artifizialaren erabilerarekiko kritikotasuna nabaria da testuan, baina horren erabileraren kontra egiteak ez du gehiegi laguntzen ikuspegi teknopolitiko askatzaile batetik.

Dekalogo hau ez da teknofoboa, ezta teknosoluzionista ere, eta ez du garbitasunik eskatzen: gaur egun inork ez du alternatiba garbirik denerako. Ezagutzaz erabakitzea eskatzen du, mendekotasunak pixkanaka murriztea eta erantzukizun kolektiboa, dena makina baten esku ez uztea. Ahal den kasu guztietan, kaltetuak izateko arrisku handiena dutenak erdigunean jartzea eta behetik erabakitzea ere eskatzen du, gune kolektiboetan.

1. Kolektiboki erabaki; ezezkoa ere baliozkoa da: AA inork erabaki gabe sartu ohi da erakundeetan: kontu pertsonalen bidez edo lehendik erabiltzen ditugun programen eguneratzeen bidez. Lanari, datuei eta zerbitzatzen ditugun pertsonei eragiten die. Erabakia teknikoa edo zuzendaritzarena soilik bada, kanpoan geratzen dira ondorioak jasaten dituztenak.

2. Arazotik abiatu, ez tresnatik: AA, askotan, arazo baten bila dabilen irtenbide gisa iristen da, presio komertzialak eta atzean geratzeko beldurrak bultzatuta. Arazoa zehaztu gabe, ez dago jakiterik tresnak funtzionatzen duen, ezta merezi duen ere.

3. Datuak semaforo batekin babestu: Arriskurik handiena ez dago ereduan, ematen diogun horretan baizik. Zerbitzu askok, batez ere doakoek, idazten duguna erabiltzen dute beren sistemak hobetzeko, eta gure erakundetik ateratzen dena ez da itzultzen. Datu motaren arabera, erabaki zer erabilera diren posible eta zer ez.

4. Pertsonei buruz, pertsonek erabakitzen dute: AAk pertsonak sailkatzen, puntuatzen edo iragazten dituenean, nekez ikusi eta nekez errekurri daitezkeen bazterketak sortzen ditu. Akatsak, berriz, erreklamatzeko botere gutxien dutenen gain erortzen dira.

5. Sinatzen duenak erantzuten du: Eredu sortzaileek datuak, aipuak eta erreferentziak asmatzen dituzte batzuetan. Egiaztatu gabe argitaratzeak irakurleari pasatzen dio akatsa, eta irabazteko hain zaila den konfiantza higatzen du. Erantzukizunak ez du makina baten esku egon behar.

6. AA ez erabili lanaren aurka: Denbora askatuko duela agintzen da, baina esperientziak erakusten du lana areagotu, kontrola handitu eta prekaritatea zabaldu egiten duela kasu askotan. Eredu bakoitzaren atzean, gainera, lan ikusezina dago: gaizki ordaindutako etiketatzea eta moderazioa, askotan Hegoalde Globalean.

7. Irekia, hurbilekoa eta kontrolagarria aukeratu: Hartzen dugun zerbitzu korporatibo bakoitza, eta ordaintzen dugun harpidetza bakoitza, mendekotasun bat gehiago izan daiteke, eta datuak, ezagutza eta boterea enpresa gutxi batzuen esku pilatzeko arriskua dago. Lizentzia murriztailea duen eredu deskargagarri batek mendekotasuna sortzen jarrai dezake, baina seguruenik eredu korporatiboak baino ziurragoa izango da.

8. Edozein unetan irten ahal izatea: Baldintzak, prezioak eta erabilera politikak abisatu gabe aldatzen dira. Tresna bat utzi ezin duen erakundeak erabakitzeko gaitasuna galdu du, inork hala erabaki ez badu ere.

9. Geure hizkuntza eta ezagutza zaindu: Eredu handiek okerrago funtzionatzen dute hizkuntza gutxituetan, eta kultura arau nagusiak erreproduzitzen dituzte. Badira beste eredu batzuk: Latxa euskalduna adibide eredugarria da.

10. Neurriz erabili: Kontsulta bakoitzak energia, ura eta azpiegitura kontsumitzen ditu lurralde jakin batean. Datu zentroak lurzoruagatik, uragatik eta sare elektrikoagatik lehiatzen dira beste behar batzuekin. Neurritasuna burujabetzaren aurpegi ekologikoa da: behar ez dugunak ez gaitu mendeko bihurtzen.

Puntu bakoitza asko luza daiteke, baina labur izateak ere badu bere onura. 7. puntuan sakonduta, honelako zerbait izan zitekeen. Lehentasunak:

1. Eredu irekiak, geure azpiegituran.

2. Eredu irekiak, hurbileko azpiegituran: erakunde publikoak, komunitarioak edo kooperatibak.

3. Zerbitzu komertzialak, entrenamendua baztertzen duen kontratuarekin; ez plan indibidualak.

4. Zerbitzu komertzial doakoak edo plan indibidualekoak, datu berdeetarako soilik.

Horretan sakontzea, ordea, ez da zutabe bateko kontua, erakunde bakoitzak egin beharreko lana baizik. Norbaiti baliagarria izatea, hori da zutabe berezi honen helburua.