Adolfo Muñoz:«Enpresetako lan hitzarmenetan ELAk eta LABek gehiago egin genezake»
Lander Muñagorri, Berria 2013/10/20
Uztailaren 7az geroztik, negoziazio kolektiboa blokeatuta dago Hego Euskal Herrian. Patronalak lan erreformak emandako baliabideei heldu die lan baldintzak izozteko, eta sindikatuak hori saihestu nahian ari dira lanean. Testuinguru horretan Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak (Mañueta, Araba, 1959) garbi dauka zein esparrutan borrokatu behar diren langileen eskubideak: enpresa mailan. Datorren aste hau mobilizazio astea izango dela iragarri du sindikatuak, negoziazio kolektiboa mugiarazteko.
Datorren astea mobilizazio astea izango dela iragarri du ELAk. Uztailaren 7ko amildegia saihestu ez zuen borrokak urte amaieran berriro etor daitekeen hondamendia saihesteko balioko du oraingoan?
«Patronalak ikusten badu enpresan indarra galdu duela, sektorean jarrera alda dezake»
Guk hori prozesu baten barruan kokatzen dugu. Hausnarketa sakon bat egin dugu negoziazio kolektiboari buruz, eta gure bidea egin dugu. Erreforma horrek sektorea debaluatu du, hitzarmenak egon arren bertan dioena ez baita aplikatzen. Hori alde batetik. Bestetik, patronalaren blokeoa dago, nahi duena egiten baitu. Eta gu bide bat irekitzen ari gara, sektoreak baztertu gabe. Baina une honetan ez bada soldata erorketarik onartzen, oso zaila da patronalarekin zerbait adostea. Gu esparru berriak bilatzen ari gara, batez ere enpresetan, eta posible bada sektoreetan. Baina non kokatzen dugu benetako negoziazio kolektibo bat? Indar korrelazioan. Beraz, hurrengo astea prozesu horretan kokatzen du gure sindikatuak. Berrehun hitzarmen baino gehiago sinatu ditugu enpresetan, eta bide horrekin jarraitu nahi dugu.
Patronalekin duzuen harremana, ordea, ez dago onenean. Aurreko astean «mafioso eta gezurti» deitu zenien Adegiko ordezkariei. Ez dirudi giro onena denik urte amaiera baino lehen negoziazio kolektiboan ezer adosteko.
Hori zahar etxe baten aurrean esan nuen, emakume batzuek greba egin, eta kalera bota dituelako enpresak. Eta horren atzean Adegi dago. Esan dute enpresek ez dutela zergarik ordaindu behar, eta lehendakaria pikutara bidali zuen uztailean sektore arteko akordio bat lortzen saiatu zenean. Patronala diru publikoarekin finantzatutako lobby bat da, eta, zoritxarrez, instituzioek arrazoia ematen diote. Lan esparruan esaten du negoziazio kolektiboak murrizketak egiteko balio duela, eta ez aberastasuna banatzeko. Eta esparru horretan interesen gatazka bat dago. Harrigarria da Confebaskek lehendakaria pikutara bidali ostean gobernua ELArekin sartu zela ikustea. Baina ez dira jabetzen arazoa ondo ohituta dagoen patronalean dagoela.
Confebaskekin ikusten duzu nonbaitera iristeko aukerarik?
Guk ez diogu patronalari ordezkaritzarik emango, blokeoa esparru guztietan egiteko bada
Kontua da zein egiteko duen patronalak. Blokeorako jarrera badauka, ez dago aukerarik. Edonola ere, guk patronala eta enpresaria ezberdintzen ditugu. Guk ez diogu patronalari ordezkaritzarik emango, blokeoa esparru guztietan egiteko bada. Sindikalismoak lan baldintzak defendatzeko esparru ezberdinak bilatu behar ditu. Oso egoera larria daukagu, egin dituzten erreformak, soldatak eta enplegua murrizteaz gain, sindikalismoa bertan behera uzteko diseinatu baitituzte. Alde horretatik, antolakuntza sustatu behar da, eta indar horren arabera ikusiko da zer egin daitekeen.
Sindikalismoaren garrantzia aipatu duzu, baina batasunik ez dago sindikatuen artean. Lan erreformari aurre egiteko dauden estrategia ezberdinetatik abiatuta, posible da langileen eskubideak defendatzea?
ELA ez da Rajoyren erreformaren erantzulea. Erreforma hori horretarako egin da, milaka langilek hitzarmenik eduki ez dezaten
Ez, irakurketa ezberdina egiten dugu sindikatuok erreforma horri buruz. Eta ez bagaude ados irakurketarekin, zaila izango da estrategia adostu bat edukitzea, nahiz eta garrantzitsua izan. Guk aliantza nahi dugu, baina gauza ezberdina da nahi izatea, eta lortzea. Esaterako, zenbaitek oraindik jarraitzen du esaten sektore mailako hitzarmenak gutxienekoak direla. Ez da horrela. Erreforma egin da gutxienekorik ez egoteko. Negoziazio kolektiboa enpresara eraman dute, han sindikalismorik ez dagoela uste dutelako. Sektorea ez da gutxienekoa, bestela begiratu eraikuntzara. Hitzarmena badago, baina obra publikoan ere ez dira baldintzak betetzen. Galdera, beraz, sindikalismorako da, ea zer garrantzi emango diogun sektoreari, sinatutakoa ez baldin bada betetzen. Nola eta non aurre egin erreformari. Guk uste dugu enpresa dela esparrua.
Sektore mailakoak sinatu dituzue, ordea. Horiekin bermatzen al da baldintzak beteko direla?
KPIa erreferentzia izatea bermatzen da, eta erreforma ez aplikatzeko klausulak ere sartu ditugu. Garrantzia ematen diogu horri, baina enpresetan antolatu egin behar da, sindikalismoa bertan ez badago ez delako inon egongo.
Enpresetako itunak lehenesteak ez ote ditu kondenatzen sindikatuen ordezkaritza ez duten enpresetako milaka eta milaka langile?
Enpresa txiki batzuetan sindikalizatzea lortu da. Hori ez baduzu helburu gisa jartzen, ez duzu inoiz lortuko.
ELA ez da Rajoyren erreformaren erantzulea. Erreforma hori horretarako egin da, milaka langilek hitzarmenik eduki ez dezaten. ELAri langileak albo batera uzten dituela esatea zentzugabea da. Guk ez dugu inor alde batera utzi. Gu saiatzen gara antolakuntza ahal den leku gehienetara eramaten, bertan bakarrik egongo delako negoziazio kolektiboa.
Enpresa txikiak, ordea, askotan ez dira sindikalizatzen beldurragatik. Horiek babes gabe gera daitezke.
Enpresa txiki batzuetan sindikalizatzea lortu da. Hori ez baduzu helburu gisa jartzen, ez duzu inoiz lortuko.
Aurreko astean Ainhoa Etxaidek iragarri zuen LABek enpresako borrokari emango diola lehentasuna, negoziazio kolektiboari muzin egin gabe. Zenbat alda dezake LABen estrategia berri horrek zuen arteko elkarlanean? Zuengana inguratzeko pauso bat izan daiteke?
Ezin da aliantzarik egon, negoziazio kolektiboan ereduaren inguruko konfrontazioa lehenesten bada
LABen dokumentuan ez dugu aurrerapausorik ikusi. Are gehiago, ELAren jarreratik aldentzen ari dira negoziazio kolektiboaren esparruan. Negoziazio kolektiboaren arazoa denona dela esatean, ELA ez dago ados. Soldaten jaitsieraren aldeko apustua gobernuek eta patronalek egiten dute. Guk ez dugu inongo aukerarik ikusten gure arazoak itun sozialeko mahai batean konpontzeko.
Baina enpresako borroka lehenetsi du LABek...
Bai, baina enpresaren esparrua patronalak eraso egiten duenerako uzten du. Ez du enpresa erreferente bezala ikusten, non, indarrak metatu eta hitzarmen bat lortzeko alternatiba izan daitekeen. Enpresa utzi, eta lan baldintzen jaitsiera enpresako hitzarmenen bidez erabakitzea da erreformak nahi duena. Eta ELAk enpresako hitzarmenak nahi ditu, lan baldintzak bermatzeko. Hori esanda, guk LABekin hitz egiten jarraitu behar dugu, negoziazio kolektiboak zoru sindikaleko aliantza oztopatzen duelako. Eta elkarlan horrek potentzial handia izango luke.
Zein arazo dago, bada, aliantza hori sortzeko?
Aliantza estruktural horrek elementu hauek eduki beharko lituzke: neoliberalismoari alternatibak ezarri, mobilizazioa bultzatu, ezkerrak eredu soziala erlatibizatu dezala eragotzi, subiranismoa arlo sozialarekin batu, negoziazio kolektiboaren erronkari eutsi, estatuarekiko aldebikotasun estrategia kritikatu autogobernua eta subiranotasuna defendatu behar denean, normalizazio politikoa eta abar
Sindikalismoan, politikagintzan eta arlo sozialeko testuinguru zail honetan, aliantza estruktural garrantzitsua izango zen ELA eta LABen artekoa. Baina zer da aliantza bat? Esku hartzeko ereduan lehiarik sortzen ez duena. Ezin da aliantzarik egon, negoziazio kolektiboan ereduaren inguruko konfrontazioa lehenesten bada. Ez da posible, aliantzaren antitesia baita. Baina, era berean, beharrezkoa da. Aliantza estruktural horrek elementu hauek eduki beharko lituzke: neoliberalismoari alternatibak ezarri, mobilizazioa bultzatu, ezkerrak eredu soziala erlatibizatu dezala eragotzi, subiranismoa arlo sozialarekin batu, negoziazio kolektiboaren erronkari eutsi, estatuarekiko aldebikotasun estrategia kritikatu autogobernua eta subiranotasuna defendatu behar denean, normalizazio politikoa eta abar. Baina kontuz, esparru sozialean egiten dugun lanak klase politiko guztiari egiten dio erreferentzia, ez du inor bazterrean uzten. Inor. Eta ezin da instrumentalizatua izan.
LABek esan du, ordea, ELAren bila joango dela enpresa mailan, gainerako sindikatuak bilatzen saiatuko den bezalaxe.
LABek egiten duen proposamenak batasun orokor bat jartzen du mahai gainean. Sindikatu guztiekin. Baina desadostasuna ez da bokaziozkoa. ELAk ez dauzka CCOO eta UGTrekin desadostasunak bokaziozkoa delako, baizik eta praxis sindikalagatik. Euskal lan esparru propio bat eurekin egitea oso zaila izango da.
Aipatzen duzun aliantza estrategiko hori lortzeko negoziazio kolektiboan alde handiak daudela dirudi, baina gero eta denbora gutxiago.
Bai, denbora gutxi dago, baina patronalak badaki zer egin behar duen. Guk lortu behar dugu patronalen arteko eztabaida bat, eta hori hitzarmenak negoziatzen sortzen da. Euskaldendak konfederazioarekin sinatu dugun merkataritza hitzarmenari begiratu bestela. Merkataritza bezalako sektore batean posible bada halako hitzarmen bat egitea, besteetan ere posible da. Horregatik blokeatu dute Confebaskek eta Cecobik. Eta ez da egia Cecobi eta gainerako sindikatuak ez zeudela mahaira deituta. Guk CCOO eta UGT ulertzen ditugu, bere zentralizazio ikuspegiagatik. LAB, ordea, ez dugu ulertzen. Izan ere, nahita edo ez, edukiak blokeatzen dituen patronal bat babesten du.
LABen proposamenean zer ikusi nahiko luke ELAk?
Guk lortu behar dugu patronalen arteko eztabaida bat, eta hori hitzarmenak negoziatzen sortzen da. Euskaldendak konfederazioarekin sinatu dugun merkataritza hitzarmenari begiratu bestela
Negoziazio kolektiboa denon arazoa dela dio. Baina nola izango da hori horrela? Arazoa gurea da, zera izango da gobernuarena! Enpresako hitzarmenetan ELAk eta LABek egiten ari garena baino gehiago egin genezake, eta horrek erreferente bat markatuko zuen. Patronalak ikusiko balu enpresa mailan indarra galtzen ari dela, sektorean agian beste jarrera bat izango luke, ez duelako enpresara joan nahi. Izan ere, euren helburua baldintzak kaskartzea da, eta ez alderantziz. Egoera horretan, ELAk aliantza horri indar handia ikusten dio, eta landu nahiko lukeen aukera bat da. Baina hori esanda, aliantzaren baldintzak ez daude ELA eta LABetik kanpo. Inork ez du guregatik erabakitzen, hori sindikatuen aldetik eman behar da. Bestetik, hemengo ezkerrak hausnarketa ere egin beharra du. Erakundeen botereak ukitu egin dituzte, eta arlo soziala erlatibizatzen ari dira. Eta horrek tarte oso estuak uzten dizkie erakundeei, ez bada proposamen alternatiborik egiten.
Aipatu duzun ezkerreko alternatiba hori eraikitzeko gutun soziala lantzen ari zarete Gune plataformako sindikatu eta eragile sozialak. ELA eta LABen arteko batasun sindikalik gabe alternatiba hori lantzeko aukera badago?
Karta sozialak erreferente positibo moduan agertu behar du. ELA eta LAB ondo lantzen ari dira gutun sozial hori. Baina arazoa ez da gutuna, ezker abertzalearentzat estandarte bat edo bere politikaren abiapuntua izango ote den jakitea baizik. Guk jakin nahiko genuke orain arte egindako guztia apurtu eta proposamen politiko berri bat egiteko ausardia izango ote duen. Eta horretarako masa kritikoa badago. Une honetan, gainera, baldintza objektiboak daude aldaketarako, soilik borondatea behar dela. Eta guk, instrumentalak izan gabe, garrantzi handia izan dezakegu prozesu horretan.
EAJ, PSE-EE eta PPk lortu berri duten zerga ituna kritikatu du ELAk orain arteko ildoari jarraipena ematen diolako. Akordio horrekin, ordea, ez al dute on bihurtu zuek hainbeste kritikatu duzuen Gipuzkoako zerga erreforma?
Ez, ez. Gipuzkoako zerga eredua ez da erreferente alternatibo bat. Izan ere, politika horrekin ez dira betetzen gizartean dauden behar sozialak. Guk agenda alternatiba sindikal eta sozialari garrantzia ematen diogu. Agintariek gobernatzen duten bezala gobernatzen dute, jendeak ez dakielako ezer. Eta horrela agintzen dute. Jendeari bi mezu helarazi nahi dizkiote. Batetik, ez dagoela alternatibarik, eta, bestetik, egiten duzuna eginda ere denak berdin jarraituko duela. Eta alternatibarik gabeko herrialde batean horrek pisu handia hartzen du. Eta testuinguru horretan iritsi da EAJ, PSE-EE eta PPren arteko akordioa. Nork dio bertan zein den edukia? PPk. Horrek esan nahi du denak gauza bera egiten ari direla. Eta zein da akordio horren eta Gipuzkoako zerga sistemaren inguruko aldea? Presio fiskalean Europako Batasunarekiko 5.300 milioi euroren aldea dagoenean, zein da aldea? Galdera horiek egin behar ditu ezkerrak. Egindako ibilbidearen ikuspegi kritikoa egin beharko litzateke, eta zerga sistema ezberdina ezarri. Analisi gehiago egin gabe, une honetan dagoen joko instituzionala onartzen badu ezkerrak, planteamendu alternatiboei uko egiten die. Eta hori da egin behar ez dena.