Alda : 5 urte ekinez, 5 urte garaituz
Irakurri 2025eko bilan osoa (frantsesez, sarrera euskaraz)
2020ko udazkenean Covid bete-betean sortua, auzo eta herri eremuetako biztanleen eskubideen aldeko elkartea Ipar Euskal Herriko ezinbesteko erakunde bilakatu da 5 urte eskasean.
Bere mobilizazioari esker, egiturazko garaipen anitz lortzen lagundu du, Ipar Euskal Herriaren eta bere 330.000 biztanleen egoeran eragin zehatza izan dutenak: konpentsazio araudia ezartzea etxebizitzak Airbnb moduko enpresen negozio ez bilakatzeko, alokairu prezioak mugatzea gune tentsionatuetan, HLM alokairu etxebizitzetan truke poltsa bat sortzea, Iruzur Alokairuen Aurkako Batzordea abian ezartzea, etab.
Elkartasun tresna
Euskal Herriko hainbat hiritan (Hendaian, Donibane Lohizunen eta Baionan) arreta guneak ireki dira, eguneroko arazo edo bidegabekerien biktima diren guziendako funtsezko tresna bilakatuz. 5 urtean, Aldak 4.000 pertsona inguru lagundu ditu Ipar Euskal Herri osoan: kopuru handia, lurraldeko etxebizitzaren egoera lazgarriaren isla. Boluntario taldeak egituratu dira, eguneroko behar eta eskaera andanari erantzuteko, banakako garaipenak lortzeko eta eguneroko borroka horiek borroka kolektibo bilakatzeko.
Ipar Euskal Herriko auzo ezberdinetan 6 lan talde antolatu dira. 160 militantek Alda aldizkariaren 41.000 ale banatzen dituzte doan auzo desberdinetan. Etxebizitza parke sozialean maizterrak ordezkatzen dituen elkarte nagusia bihurtu da. Edota etxebizitza eskubidearen egunarekin batera Auzolan jardunaldiak antolatu ditu. Egindako guziaren bidez, Alda egiazko elkartasun tresna bilakatu da, laguntza, formakuntza, elkarri babesa eskaintzen duena eta egiazko elkartasun kolektiboa berreskuratzen laguntzen duena, maila guztietan erabakiak baldintzatzeko eta bere ahotsa entzunarazteko gaitasuna duen tresna.
Geroz eta gehiago gara
Biltzar Nagusiak azken urteari buruzko informazioa ere eman du: 937 pertsona eta familia sostengatu ditu (urtero emendatzen den kopuru bat), 1.150 afiliatu ditu hilabetean 5 edo 10 euro ordaintzen dutenak, Donibane Lohizuneko (Alda Urdazuri) auzo talde berri bat sortu da eta existitzen diren kolektiboak sendotu eta hedatu dira, Auzolan – Etxebizitza Eskubidearen Egunaren 2. edizioa antolatu du, 4.200 pertsona elkartuz (lehen edizioan 1.000 pertsona elkartu ziren).
Tamaina handiko erronkei egin zaie aurre azken urtean: konpentsazio araudiaren defentsa eta horren kontrolaren eta aplikazioaren zaintza, alokairuak mugatzeko neurriaren aplikazioa eta alokairuen mugatzearen, hobetzearen eta luzatzearen aldeko mobilizazioak, iruzur alokairuen aurkako borroka, etxebizitza sozialetako eguneroko lana maizterren ahotsa entzunarazteko, lurren eta etxebizitzen salmenta prezioak mugatzeko neurrien aldarrikatzea. Aldak bere proposamenak defendatu ditu toki guztietan: tokiko hautetsiekin, Asanblea Nazionalean, baita Europako Parlamentuan ere.
Biltzarrena parte hartu duten 102 kidek bilan moral eta finantzarioari babesa adierazi diote eta heldu den urteko helburuak onartu dituzte.
2026ari begira
2026ak erronka ugari dakartza berarekin. Alokairuei muga luzatzeko eta hobetzeko borroka jokoan dago (Echaniz diputatuak abenduaren 4az geroztik eramanen duen lege proposamen bat aztertuko da batzordean) eta orain arte Ipar Euskal Herriko 12 maizterri urtean 45.500 € aurreztea ahalbidetu dien neurri guztiz sozial baten patua ebatziko da.
Herriko hauteskundeek etxebizitza jokoan jarriko dute: Aldak Herrian Bizi – Se loger au Pays plataformarekin batera etorkizuneko hautetsiak interpelatuko ditu etxebizitza politika handinahi batendako giltzarri diren 17 neurrien zerrenda aurkeztuz.
2026an HLM maizterren hurrengo hauteskundeak iraganen dira udazkenean. Parke sozialean, Aldak urtea hasiko du hezetasunak maizterren osasunean dituen ondorioak dokumentatuz.
5 urte, eta motibazio eta delibero berarekin jarraitzen dugu entzunak ez direnen ahotsa entzunarazteko eta Ipar Euskal Herrian gauzak aldatzeko!
Aupa Alda!
