Aldaren Batzar Nagusia: 1.000 kide herri xehea defendatzeko!
1.000 kide
Aipatutako kopuru sinbolikoa Lurrama nekazaritza azokarekin batera iritsi zen, azaroaren 10ean: Aldak dagoeneko 1.000 kide baino gehiago ditu; hauek hilean helbideratze automatiko bidez 5 eta 10 € bitarteko kuota ordaintzen dute. Kide kopuru hori handia da lurraldearen hedadura kontutan izanik, eta elkartearen solidaritate-kutxa elikatzen du. Horrela finantziatzen da injustiziak pairatzen dituen jendearentzako sostengua, lokalak, soldatak, eta auzo herrikoietan banatzen diren aldizkariaren 40.000 aleak.
Gero eta eskari gehiago
2023ko urritik aurtengo urrira bitartean Aldak eguneroko bizitzan injustiziaren bat jasan duten 891 familia eta herritarri eman die babesa; horietatik 775 kasu berriak ziren. Eskari hauek berrogeita hamar bolondresek osatutako talde batek kudeatu ditu, eta batez ere bizilekuari lotutako arazoak zituzten jatorrian; halaber, baziren kontsumoari lotutako injustiziak (operadore telefonikoak, aseguruak, etab.). Jarraipena izan duten kasu kopururik handiena azaroan izan zen: hil horretan 490 eskari ari ziren kudeatzen. Kopuru izugarriak dira, Euskal Herriko etxebizitzaren krisiak eragiten duen egoera dramatikoaren isla; bestalde, Aldaren moduko erakundeen beharra agerian uzten dute, elkar laguntza eta solidaritateari bide emateko. Aurten bi lokal berri ireki dira Hendaian eta Donibane Lohizunen, tokiko egoeren jarraipen gero eta hurbilagoa egiteko. Beste berritasuna: eskari kolektiboen hazkundea. Auzoetako kolektiboek bultzatu dituzten esperientziak oinarritzat hartuta, biztanle taldeek Aldarengana jotzen dute beren bizilekuan edo etxean arazoak pairatzen dituztelako. Guztira Aldak aurten era honetako 14 eskari jaso ditu, 850 biztanleri eragiten zietenak. Egiteko eta pentsatzeko moldeak eraldatzen ari dira: Ekintza kolektiboak gure eskubideen aldeko borroka indartsuagoa egiten du!
Lurraldean errotuta
Halaber, Aldak auzo-kolektiboen kopurua bikoiztu egin du: hasieran hiru ziren (Baionako Alda Habas eta Alda Cam de Prats eta Angeluko Alda Lespes). Orain, aldiz, sei dira, kolektibo berriak eratu baitira: Baionako Mieux vivre au Grand Basque avec Alda eta Alda Caradoc, eta Bidarteko Alda Hiri Artea.
Aldak 6 lokal baliatzen ditu (Baionan, Hendaian, Ziburun eta Donibane Lohizunen), auzoetako Alda kolektiboen esku dauden 4 egoitzez gainera (Cam de Prats, Habas, Lespes, Hiri Artea).
Garaipen ugari
Egoera politikoan ziurgabetasuna da nagusi, Biltzar Nazionala desegin eta RN [Rassemblement National eskuin muturreko alderdia] ia botereraino iritsi baita. Hala ere, Alda garaipen ugari ari da lortzen; honek agerian uzten du antolakuntza kolektiboaren garrantzia eta fatalismo eta etsipen giroaren kontra eragiten du. Banako garaipenen berri eman zuen jendeak batzar nagusian; auzoetako kolektiboek lortutako garaipenak ere azaldu ziren, edota biztanleen dinamikak, esaterako biltzeko lokal baten lorpena, nahiz arrakasta handiagoak, auzo bateko eraikin guztien zaharberritzea, garaipen juridikoak -Homies Holidays agentziari iruzurragatik epaileek ezarritako zigorra-, baina baita estrukturalak ere, parke sozialean bizilekuak trukatzeko Burtsa sortzea, alokairuen gaineko muga zorrotzagoak ezartzea Euskal Herriko tentsiopeko inguru historikoan edota Echaniz – Le Meur legearen bozketa (“anti-Airbnb” legea delakoa), honen oinarrian baitziren Aldaren proposamenak.
Itxaropena berreskuratu
Aurrerapauso hauek adorea ematen dute, itxaropena hedatzen dute eta erakusten dute elkarrekin garaipena posible dela. Ez dute etsitzeko asmorik: Batzar nagusian parte hartu zuten Aldako kideak inoiz baino gehiago azkartzeko prest daude bizileku-eskubidearen aldeko borroka eta jendarte justuago baten eraikuntza; hartara, mobilizazioei eusteko borondatea berretsi zuten. HLM alokairu sozialeko parkeko biztanleen artean udazkenean egin den kontsulta handiari esker maizterren lehentasun estrategikoak identifikatu ahal izango dira. Parke pribatuan gauzatu diren arau- eta lege-aldaketak (konpentsazioa edota alokairuen gaineko mugak) sostengatu eta eraginkorrak direla kontrolatuko da, eta horrekin batera irtenbideak proposatuko dira salmenta prezioak eta bigarren etxebizitzak mugatzeko.
Aldaren Batzar nagusiak ontzat eman zituen joan den urteko txosten morala eta finantzetakoa, Administrazio-Kontseiluaren zerrenda eta datozen urteetarako lan-ildoak.
Lau urte besterik ez eta Aldaren ekintza dagoeneko ikus daiteke lurraldean: Batzar nagusia burutzean 107 partaideak itxaropenez eta irmotasunez jarri ziren datorren urteari begira!