Alemanian patronalak eskuinari ematen dio botoa, baina ezkerrarekin ondo moldatzen da

2013/10/22
minijobs.jpg
2013ko urriko Le Monde diplomatique (en español) aldizkaritik itzulia. Olivier Cyran, kazetaria / Ereduari dagokionez europar bilakatuta, alemaniar industrialak galdu du garai bateko irudia, bizkorra eta familiarra, soziala eta erakargarria. Enpresaburu alemaniarrek osatu duten indar ekonomiko eta finantzarioak politikan eragina du, Europa nahiz Alemania mailan. Zer dute gogoan ugazaba alemanek, irailaren 22ko hauteskundeak gertu direlarik?

Olivier Cyran, kazetaria (Le Monde diplomatique, 2013ko iraila)

Hollywoodeko itxura eta bavariar doinuarekin, Klaus Probst dugu munduko hiritarraren eta bere gotorlekuan itxita dagoen industrialaren arteko sintesi perfektua. “Eredu alemaniarrak”, hain sarri aipatzen den horrek, hondoa jo dezake; enpresari handi bihurtu zen ingeniari honek, alta, ez dauka zalantzarik. “Gure sistema noski eredu bat da”, dio ahots lasaiaz. “Ikusten dugunean Frantzian sindikatuek zein erreakzio duten langabeziaren aurrean, ohartzen gara Alemanian dugun abantzailaz, berton mundu guztia konpontzen baita, zentzuzko irtenbideekin. Gurean nagusi den adostasun sozialari oso egonkorra irizten diot; ez dut mehatxurik ikusten”.

"Gurean nagusi den adostasun sozialari oso egonkorra irizten diot; ez dut mehatxurik ikusten"

Probsten optimismoa suntsiezina da, berak zuzentzen duen multinazionalaren araberakoa: Leoni AG da automobil industriarako kable-sistemen hornitzailerik handiena. Iaz 3.800 milioi euroren salmenta egin zuen eta 236 milioi euro irabazi zituen (zergak ordaindu aurretik). Halaber, Bavariako Industria Metalurgiko eta Elektronikoaren Elkarteko (VBM) kiderik ospetsuenetakoa ere bada; VBMk 600 enpresa eta 700.000 lanpostu biltzen ditu bere kideen artean. “VBM egitura aski boteretsua da”, onartzen du Probstek; “gure sektorearen interesak defenditzen ditu politikarien aurrean, batik bat Bavariako presidentea den Horst Seehoferri dagokionez, baina baita Angela Merkel kantzilerraren kasuan ere. Gure esku hartzea batez ere politika energetikoan kokatzen da, argindarra gero eta garestiagoa baita, eta honek arriskuan jartzen ditu gure enpresetako batzuk”.

Alemanian dirua banatzea ere bada lobbying egiteko modua. 2002 eta 2011 bitartean VBMk 4,16 milioi euro banatu zituen hainbat alderdiren artean

Industrialen helburua “aldaketa energetikoa” eragoztea da, hots, energia alternatiboen hedapena; izan ere, lobbyen presioak norabide aldaketa asko mugatu dute. 2011ko ekaineko lege-erreformatik hona bi milatik gora enpresa handi salbuetsita geratu da ekotasa ordaintzetik, hots, berez energia-iturri fosilak gehien xahutzen dituzten horiek ordaindu beharreko zerga. Tratu honen kostua kutxa publikoentzat 4.000 milioi euro izango da 2013an.

Alemanian dirua banatzea ere bada lobbying egiteko modua. 2002 eta 2011 bitartean VBMk 4,16 milioi euro banatu zituen hainbat alderdiren artean, besteak beste Seehofer presidentearen CSUri (3,7 milioi). BMW eta Deutsche Bankek eman zuten diru gehiago, beste inork ez.

Alemania da, Bulgaria eta Errumaniaren ondoren, 2000 eta 2010 bitartean %20 aberatsenaren eta %20 pobreenaren artean diru-sarrera alderik handienak dituen herrialdea

Kopuruok ikusirik, Alemanian hedatu den soldata kaskarren eta prekarietatearen epidemiak ez dauka itxuraz ez hanka ez bururik. Probst ez da kezkatzen Alemania delako, Bulgaria eta Errumaniaren ondoren, 2000 eta 2010 bitartean %20 aberatsenaren eta %20 pobreenaren artean diru-sarrera alderik handieneko herrialdea. “Zenbait ikerketak zuk diozuna berresten badu ere, nire inguruan ez dut halakorik ikusten”, dio. “Laguntza sozialari esker guztiek dute hemen bizimodu duina bermatzen dien diru-sarrera bat. Neronek baditut ikasten ari diren bi seme: ez daukat inolako beldurrik eurak bizi diren gizartea hautsiko denik edo kaosean jausiko denik”. (...)

Berrikuntzari dagokionez Leoni taldeak ekarpen handiak egin ditu bere ibilbide historikoan; ibilbide honetan islatzen da kapitalismo renaniarraren epopeia. Iraultza industriala galdatan zegoenean XIX. mendean sortua, kable fabrika aldi nazional-sozialistan finkatu zen, deportatuen derrigorrezko lanari esker. Gero gerraosteko “mirari alemaniarraren” eta automobil-industriaren boom-aren ondorioz hazi zen. Garai hartako euforiak, “greba politikoen” debekuak eta Berlingo Harresi hurbilak eragindako antikomunismo gogorrak bide eman zioten Europa mailan ezagutu gabeko adostasun sozial bati. Errepublika Federal gazteak, hortaz, patronalen esku utzi ahal izan zuen hitzarmen kolektiboak sektorez-sektore negoziatzeko lana.

Horrela sortu zen kogestio parekidearen sistema: zuzendaritza-organoetako postu erdiak sindikatuei dagozkie. Enpresario latinoek inbidiaz ikusten dute alemaniar kogestioa, baina hau desagertzear dago

Estatuak erabaki zuen ez zuela esku hartuko: enplegatzaileek eta sindikatuek hitzartzen zituzten lan- eta soldata-baldintzak. Eskubide subirano honen truke, konpromisoa hartu zuten langileen ordezkariei enpresen administrazioan parte hartzeko aukera emateko. Horrela sortu zen kogestio parekidearen sistema: zuzendaritza-organoetako postu erdiak sindikatuei dagozkie, bai enpresa-batzordeetan (Betriebsrat, ETEen kasuan), zein 500dik gora langile dituzten enpresetako Zaintza-Kontseiluetan (Aufsichtsrat). Halere, sistema hau benetan parekidea soilik metalgintzan da: gainerako sektoreetan enpresako zuzendaritzak bere botoaz ebatz dezake, gatazka badago.

Enpresario latinoek inbidiaz ikusten dute alemaniar kogestioa, baina hau desagertzear dago: “Paperetan dena perfektua da oraindik, baina parte-hartze soziala industria tradizionaletan mantentzen da soilik”, deitoratzen du Jürgen Bothner ver.di sindikatuko Hesse Land-eko idazkari nagusiak. Zerbitzu sektorea indartu ahala, “eredu alemaniarra” bat ere erakargarri ikusten ez duelarik, hau desegitea ekarri du. 2012an enplegatu alemaniarren %58ak bakarrik zeukan hitzarmen kolektibo baten babesa: %60ak mendebaldean eta %48ak ekialdean (hamabost urte lehenago %75 eta %63an zeuden portzentajeok). Eta oraindik aplikatzen den sektoreetan gizarte-eragileen arteko oreka hauskorra gero eta sarriago alde berera makurtzen da. “Sindikatuen eta enpresetako zuzendaritzan esertzen diren langileen ordezkarien arteko lotura gero eta txikiagoa da, edo erabat etenda daude”, dio Bothnerrek. “Ez da harritzekoa ustez soldatapekoen interesak defenditzen dituzten ordezkariek enplegatzailearekin itunak ixtea”.

Ez da harritzekoa ustez soldatapekoen interesak defenditzen dituzten ordezkariek enplegatzailearekin itunak ixtea”

VBMko Probstek, berriz, goraipatu egiten du bere solaskide sozialen “jokabide arduratsua”. Izan ere, 2000. urtean eta geroago ere, 2008 eta 2010 bitartean, metalgintza eta elektronika sektoreko langileen ordezkariek (Leoni taldearen sektorea, alegia) protestarik gabe onartu zuten ugazaben eskaintza, soldatak izoztea barne. Horri esker kable lantegiak “krisia gainditu du eta gaur oso ondo dihoa, bere langile guztien onerako”, esaten du pozik arduradun nagusiak. Bere buruarekin, ordea, ez zuen hain zorrotz jokatu: diru-sarrerak %8,8 gehitu ziren 2008 eta 2009 bitartean. Gaur Alemaniako enpresaburuen artean 55. postuan dago, ordainsariari dagokionez, urteko 1,87 milioi eurorekin; hauei diru-sarrera finantzarioak gehitu behar zaizkie.

Beste faktore batek ere eragin du kogestio soziala indargabetzea: duela bi hamarkadatik hona Alemanian izan diren deslekutzeko joerak. Honetan ere Leoni AG aitzindarietako bat izan zen. Taldeko 60.000 langileetatik 4.000k besterik ez dihardu Alemanian. “1989an Berlingo harresia erori zenean berehala erabaki genuen gure produkzioaren zati bat Hungaria, Polonia, Eslovakia eta Txekiar Errepublikara deslekutzea”, gogoratzen du Probstek.

Ez dago esan beharrik Susako lantegi tunisiarreko langileek, gehienbat hileko 300 euro irabazten duten emakumeak, ez daukatela “alemaniar eredu” delakoaren onurarik. Probsten aburuz, enplegua ematea “garapenerako lankidetza mota moderno bat” omen da

Bigarren oldea 90.etako hamarkada amaieran izan zen, oraingoan Ukrainia eta Errumaniara, eta hirugarrena 2000ko hamarkadan, Tunisia, Maroko eta Egiptora. Iraultza arabiarrek lehiakortasun estrategia honengan eragina izan al zuten? “Inola ere ez”, dio Probstek; “egizu kontu: Alemanian elektronika sektoreko eskulana orduko 25 eurotan dago, kuota sozialak barne, eta aldiz Polonian 6 eurotan edota Tunisian 2 eurotan”. Ez dago esan beharrik Susako lantegi tunisiarreko langileek, gehienbat hileko 300 euro irabazten duten emakumeak, ez daukatela “alemaniar eredu” delakoaren onurarik. Probsten aburuz, enplegua ematea “garapenerako lankidetza mota moderno bat” omen da.

Alemania oso ondo doa, inoiz ez genuen enplegu betea hain gertu izan”, dio Leoniko buruak. Honelako komentario laño bat harrigarria litzateke aintzat hartuz gero lau milioi langilek -biztanleria aktiboaren %12ak- orduko 7 eurotik beherako soldata jasotzen duela, edota enplegu-agentzia batek liburuxka batean langabeei gomendatu diela iturriko ura edan dezatela, boteilakoa baino... Halere, ez da hain harrigarria, ikusirik enpresario alemaniarrak burbuila gero eta itxiago batean bizi direla.

Markus Pohlmann soziologiako irakaslea da Heidelbergeko unibertsitatean, eta duela sei urtetik hona ikerketa handi bat ari da egiten munduko elite ekonomikoei buruz. Alemanian bere taldeak 82 elkarrizketa egin zituen bi belaunalditako top managerrekin (80etako eta 90etako hamarkadetakoak eta egungoak). Helburua, “neurtzea zenbateko eragina izan duten neoliberalismoaren printzipioek erabakiak hartzen dutenengan eta negozioen kudeaketan”.

“Belaunaldi zaharrarentzat bazegoen nolabaiteko itun sozial bat, zeinaren arabera adostasuna bilatu beharrak mugatu egiten baitzuen etekinak pilatzeko betebehar hotza."

Pohlmannen arabera, manager alemaniarrak “enpresan buru-belarri jarduten dira, gaur duela hogei urte baino askoz areago. Batez beste egunean 14 eta 16 ordu egiten dute lan, eta beste 10-12 ordu asteburuan. Enpresa da eurentzat gizartearen berri izateko prisma bakarra”. Soziologoak beste aldaketa handi bat ikusi du: “Belaunaldi zaharrarentzat bazegoen nolabaiteko itun sozial bat, zeinaren arabera adostasuna bilatu beharrak mugatu egiten baitzuen etekinak pilatzeko betebehar hotza. Baina ikusmolde hau galdu da. Orain indarrean beste zerbait dago, giza-kapitalaren printzipioa, eta honen arabera norbanako bakoitza da bere zoriaren arduradun. Emaitza onak ez dituztenei -'pertsona ez emankorrak' deitzen zaie esparru honetan- baztertu egiten dituzte, inolako eragozpenik gabe”.

Bilakaera hau diskurtsoetan adina praktikan islatzen da. Duela zenbait urtetik hona, enpresaburu handien dogma zeharo gogortu da, eskola zaharreko baroien doinu leunaren aldean. “Alemanian badaukagu joera uste izateko enpresaburuari dagokiola langileari familia guztia mantentzeko adina izango den soldata bat ordaintzea. Baina hori ezinezkoa da plano ekonomikoan”, esan zuen, esaterako, 2005ean Walter Norbertek, Deutsche Bankeko ekonomilari buru zelarik. Sasoi berean, Michael Rogowski Alemaniako Industriaren Federazio (BDI) boteretsuko presidente zenak, abereekiko metafora baten bidez azaltzen zuen lan-merkatuaren funtzionamendua: “Eskulanak kostu bat du, zerriak bezalaxe. Ziklo komertzialean, prezioak gora egiten du zerria urri dagoenean. Zerri asko dagoenean, berriz, prezioak behera egiten du”. Ordutik hona Rogowski Carlyle inbertsio taldeko aholkulari egin zen, baita N-tv kate pribatuko saio baten aurkezle ere.

Alemanian badaukagu joera uste izateko enpresaburuari dagokiola langileari familia guztia mantentzeko adina izango den soldata bat ordaintzea. Baina hori ezinezkoa da plano ekonomikoan”

Baina Pohlmannek dioenez gaurko enpresaburuen eta garai batekoen arteko desberdintasuna batik bat “balio etiko”en planoan gertatu da. Ohituraz kapitalismo renanoarekin batera zihoan moderazio protestantea txiki-txiki eginda geratu dela dirudi, lukurreriak leherrarazi bailuan. “Batez beste 2,9 milioi euro irabazten dutelarik, Dax Frankfurteko Burtsan kotizatzen diren enpresetako buruek irabazia 2010an 1995an baino 4,5 bider handiagoa izan da; igoera izugarria hamabost urtean. Baina atzera ere 2011n, beren irabaziak are gehiago hazi ziren, zuzendaritzako kide bakoitzak 3,14 milioi jaso baitzuen”, dio Michael Hartmann soziologoak bere azken liburuan.

Desegite prozesu honen beste zantzu bat azken urteotan ugaldu diren iruzur fiskalaren inguruko eskandaluak ditugu. Egia da zergadun handien artean joera hau ez dela berria: 70etako hamarkadan ere “ondo irizten zitzaion dirua atzerrian babesteari”, onartu du Albert Eickhoff modaren sektoreko industrialak, zeinari 2012an iruzur fiskala egitea egotzi baitzioten, beste hainbat aberatsekin batera. Pohlmann soziologoak ikusi duen aldaketa da enpresaburuek orain jokabide hauekiko tolerantzia lotsagabe erakusten dutela. “2009an, Klaus Zumwinkel Deutsche Posteko burua zigortu zuten, eta honi buruz elkarrizketatu ia guztiak bat datoz esaterakoan hark ezkutatu zituen bizpahiru milioiak huskeria bat zirela, hainbesteko eskandalua merezi ez zutenak”.

2009ko azarotik 2012ko urriraino kantziler hautagaiak 74 hitzaldi eman zituen hainbat banketxetan: Deutsche Bank, Citigroup, BNP-Paribas edo JP Morgan. Antza, hitzaldiko 15.000 eta 25.000 euro bitartean oraindu diote

DZ Bank Alemaniako hirugarren bankua da, eta beronen kontrol-kontseiluko kidea den Siegmar Kleinert nabarmendu egiten da lepo zurien giro goxoan, zeharo berotzen baita Alemania “berlusconizazio” prozesuan dagoela ikusten duelako. Gerhard Schröder kantziler ohiak bere kontaktuak Errusiako Gazprom talde energetikoari saldu zizkionetik, “harresi guztiak jausi ziren; ez dago mugarik interes-gatazkei dagokienez”, salatzen du. Adibidez, Wolfgang Clement -Schröderren gobernuko Ekonomia eta Laneko ministro zena- kontseilari izendatu zuten Adecco aldi baterako enpleguaren erraldoiak eta Citigroup bankuak. Areago, hor ditugu ere Peer Steinbrück SPDko hautagai nagusiaren “tratuak”: 2009ko azarotik 2012ko urriraino kantziler hautagaiak 74 hitzaldi eman zituen hainbat banketxetan: Deutsche Bank, Citigroup, BNP-Paribas edo JP Morgan. Antza, hitzaldiko 15.000 eta 25.000 euro bitartean oraindu diote.

Politikatik negozioen mundura igarotzeko bideak zenbat erraztu diren adierazten dute estatu-idazkarien, hots, ministroen kabineteburuen, joan-etorriek. Hartmannen ustez 1949 eta 1999 bitartean Ekonomia ministerioan izan diren 20 estatu-idazkarietatik bost besterik ez ziren arlo pribatura joan, kargua utzi eta gero. 2000. urtetik aurrera, aldiz, zortzi estatu-idazkarietatik zazpik karrera egiteari ekin zioten, ekonomiaren edo finantzen goi mailetan. (…)

2000. urtetik aurrera, aldiz, zortzi estatu-idazkarietatik zazpik karrera egiteari ekin zioten, ekonomiaren edo finantzen goi mailetan

Pentsatzekoa da azken hamarkadan botere publikoen eta botere ekonomikoen artean sortu diren lotura azken hauen onerako dela. Heribert Zitzelsbergerren kasua oso adierazgarria da. Hau Bayer taldeko finantza-zuzendaria zelarik batik bat “optimizazio fiskala” izan zen bere eginbehar nagusia; 1999an Schröderren gobernu gorri-berdeak erakarri zuen, Finantzetako estatu-idazkari izateko. Bayer erraldoi kimikoaren buru zen Manfred Schneiderrek akziodunen batzarraren onespena izan zuen honakoa esan zuenean: “Gure fiskalistarik hoberena bidali dugu Bonnera (gobernuaren egoitza orduan). Espero dugu Bayerretik nahikoa kutsu izango duela behar diren erreformak egiten has dadin”.

Bayerrek ez zuen ezustekorik izan. Zitzelsbergerrek bultza zuen erreforma fiskalari esker sozietateen zerga %34tik %25era jaitsi zen, eta enpresek akzioen sal-erosketan izandako irabaziak zergak ordaintzetik salbuetsita geratu ziren. Estatuari urtean 23.000 milioi euro kosta izan zaion “lehiakortasunaren laguntza” neurri hauek ezagutzean Dax indizea %4,5 igo zen. Bayer taldeak bere fiskalista ohiari esker 2001an ogasunak 250 milioi euro itzultzea lortu zuen, eta kopuru hau oso-osorik akziodunei banatu zien. Bi urte beranduago hil zenean, Zitzelsberger alemaniar enpresarioek laudatu egin zuten, “inoiz jasotako oparirik handiena” berari zor baitzioten.

Bayer taldeak bere fiskalista ohiari esker 2001an ogasunak 250 milioi euro itzultzea lortu zuen, eta kopuru hau oso-osorik akziodunei banatu zien

Berthold von Freyberg ere oso eskertuta zegoen Schröder eta koalizio gorri-berdearekin. (…) Izan ere, dioenez “Schröderrek jarri zituen egungo garai oparo honen oinarriak. Merkel andereari baino askoz gehiago zor diogu; honek ez du lan-merkatuaren erreformei dagokienez hark egin zuenaren laurdena ere egin”.

Halere, Kienbaum kontsultoriak egindako inkesta baten arabera, enpresario alemaniar gehienek botoa Merkelen CDUri ematen diote botoa (%78), gero FDP liberalari (%28) eta azkenik SPDri (%10). Enpresaburuek, beraz, ezkerra begi onez ikusten dute, baino eskuinari ematen diote botoa.

Inkesta berak dio, bestalde, enpresaburuen bi herenen ustez euroa Alemaniari komeni zaiola. %1ek besterik ez luke nahiko markoa berrezartzea. “Enpresaburu alemaniarrentzat euroa berebiziko arrakasta da. Zalantzak gorabehera, moneta bakarrean eta Merkelen erreskate politikan konfiantza dute”, dio Kienbaum-eko zuzendari batek.

"Zintzotasunez onartu beharra dago: Europari eragiten zaion presio finantzarioak euroa maila artifizialki apalean mantentzen du, eta horrek sekulako mesedea egiten digu”

Argi hitz egiteko bere jarrera harrigarriarekin, Probst Leoniko jabeak hala berresten du: “Moneta bakarra oso lagungarria izan da guretzat. Euroa dolarrarekiko debaluatzea, gure bizilagun europearren emaitza ekonomiko txarren ondorioz, gure esportazioentzat bultzada bat izan zen eta europar merkatuetan lehiakorrago egin gintuen. Alemania markora itzuliko balitz, gure moneta garestitu egingo litzateke, eta hori desastre hutsa litzateke industria alemanarentzat. Zintzotasunez onartu beharra dago: Europari eragiten zaion presio finantzarioak euroa maila artifizialki apalean mantentzen du, eta horrek sekulako mesedea egiten digu”.

Besteen kalteaz baliatzea, hori ote da alemaniar eredu berria? Mittelstand-eko (enpresa txiki eta ertainen arloa) Reininger AG enpresako buru den Lothar Reiningerrek 190 langile ditu. Ez du nahi, ordea, “enpresario” deitzerik: 1994an Triumph-Adler lantegitik kaleratu egin zuten AEBetako inbertsio-funts batek berregituratzeari ekin zionean greba gogor bat hasi zutelako, eta 2006tik hona Frankfurteko udalean Die Linkeren zinegotzi da.

(…) “Gure sektorean langile prekarizatu asko daude, sasi-autonomoak, eta gure lehiakideek hauek azpikontratatzen dituzte, orduko 5-6 euroko soldataren truke lan txikiak egiteko (banaketa, garbitasuna, etab.). Gure enplegatuek, aldiz, gutxieneko 10 euro jasotzen dute orduko. Lehia itsua izanagatik, oraindik ere langileei diru-sarrera eta bizimodu duin bat bermatzea posible da. Baina, zenbat iraun daiteke? Alemania mailan 9 edo 10 euroko gutxieneko soldata ezarriko balitz dumping soziala eragotziko litzateke. Merkelen gobernuak honi uko egitean taxuzko enplegua posible egin nahi duten enplegatzaile batzu kinka larrian jartzen ditu”. 2012an Reininger AG enpresak 414.000 euroko etekina lortu zuen, eta hauek enplegatu akziodunen artean banatu zituen (hots, bakoitzari bi asteko soldata adina dagokio: “Ez da Bahametara joateko moduko ezer”). Haatik, ez da segurua 2013an emaitza hauek errepikatu ahal izango dituenik.