Alferrik da eskatu eta eskatu ibiltzea behartzen ez ditugun bitartean
Unai Oñederra (http://unaionederra.wordpress.com/), Norabide.info 2014/04/28
Dena den, ikusten da baduela zerbait kitzikagarria besteei goitik behera begiratzeak, batez ere burua makurturik bizitza gorantz begira pasa duenarentzat. Gure azpian denari lepaldean maite-maite egiteko beharra geneetan eramango dugu, igotzea ez baita pagotxa “zenbat eta gorago eskuak lotuago” esaten baitzaigu. Beste paradoxa bat, boterean denak “ezin dugu besterik egin” diosku.
“Ez dago gure esku zerga politika aldatzea, ez dago gure esku zerbitzu publikoak garatzea, ez dago gure esku gure lanaren aurrezkiak gure esku mantentzea gure beharrei erantzun eta gure ehun produktiboan inbertitzeko, ez dago gure esku enplegua sortzea, ez dago gure esku lan-harremanak hobetzea, ez dago gure esku desberdintasun sozialak apaltzea, ez dago gure esku pobrezia murriztea. Beharrak handitu dira, bai, baina guk ezin dugu ezer egin, zorra ordaindu behar da lehenik”. “Ez dago gure esku” dio goian denak, determinismoak jotako liberalak, eta berehala gehitzen du “zure esku dago”.
“Izan ausarta, ez mugatu zure burua, eraiki ezazu nahi duzun hori, eman bidea sormenari, ekintzaile izan. Ez dago gure esku, zure esku dago”
Kontua da, behean zaudenean gauzak errazak diruditen arren gora iristean konplikatu egiten direla. Han goitik ezin omen dira gauzak aldatu, “Guk ezin dugu besterik egin” esaten digute goitik, “baina zuk bai”. Eta Hollywood-eko filma guztiekin elikatzen dute amets amerikarra: Aldirietako txabola pobre batean jaiotako emakume beltza Estatu Batuetako presidente izatera iritsi daiteke. “Saiatu gogor, ikasi eskolan, politeknikoan, unibertsitatean, doktoretza egin, masterra, ikasi eta buelta, segi ikasten, eta azalduko zaizu aukeraren bat”.
“Izan ausarta, ez mugatu zure burua, eraiki ezazu nahi duzun hori, eman bidea sormenari, ekintzaile izan. Ez dago gure esku, zure esku dago”.
Behekoei maitekiro begiratu eta adorea ematea lehen urratsa baino ez da. Berehala dator hurrengo: “Langabe zaudela? Nahikoa saiatu ez zaren seinale. Etxea kendu dizutela? Etxe garestiegia erosi zenuen seinale. Langabezia saria amaitu zaizula? Botikak ordaindu behar dituzula? Etxean gasa itxita daukazula? Zerbait gaizki egin duzun seinale”.
“Baina segi, segi zuek eska, eska, eska, Jamaika eska. Eskatzen duzuen bitartean, gu hemen eta zuek han”
Eta jakina, behin jendea epaitzen hasita, eta jabetuta behekoak nolako ganoragabeak garen, ekidin ezina da amorruak hartuta sutan purrustadaka ez hastea. “Eskatzen, eskatzen, behetik gora eskatzen beti; ilargia eskatzen, eguzkia eskatzen. Zer uste duzue? Inozo batzuk zarete, inuzente hutsak. Demokrazia, justizia, askatasuna, maitasuna eskatzen. Ameslariak, umeak. Ez dizuegu ezer emango”. Behin haserreak jota, hitzek iragazkitik pasa gabe egiten dute ihes, ezin dugu besterik egin, ezin dizuegu eman-etik, ez dizuegu emango-ra. “Baina segi, segi zuek eska, eska, eska, Jamaika eska. Eskatzen duzuen bitartean, gu hemen eta zuek han”.
Gauzak garbi, beraz. Zure esku dago kotxe urdina edo gorria erostea, smartphone-a edo iPad-a. Zure esku dago Athletic, Reala edo Osasuna animatzea, Avyron edo BO, Madrid edo Barça. Zure esku Telecinco, Divinity, Cuatro, Siete edo La Sexta ikustea. Zuen esku ez dago, ordea, demokrazia, justizia, askatasun eta maitasun gehiago eskuratzeko elkar antolatu eta borrokatzea. Mugak garbi, horretarako dauzkagu segurtasun indarrak eta legea.
Giza kate motzean
Erraza da jaistea, grabitateak ez du barkatzen; igotzea ordea, ez da hain erraza. Goitik behera gurasokeriaz, zorroztasunez eta amorruz hitz egiten digunak, bi modutara heldu ahal izan du gora, eta bai batak zein besteak kateatzen dizkio eskuak, baina modu desberdinetan.
Eta hauxe da goikoei eskuak kateatzeko gure esku dagoen modua. Boza eman bai, baina boza eman ondoren kate-begi bihurtu. “Guk honetarako eman genizun boza, ez ahaztu”
Bada igotzeko modu formal bat, eta bada igotzeko modu erreal bat. Lehenak eskuak kateatzen ditu modu desatseginean, bigarrenak marrubi finezko lurrin artean. Lehena umekeria bat da, bigarrena gizon serioen, arrazionalen, pragmatikoen kontua: “Baduzu zure kabuz bidaia ordaintzeko adina? Nik emango dizut”. Eta hortxe hasten da bidaia fin-fina, kotoiz inguratua. Geroz eta urrunago behekoak, geroz eta txikiagoak. “Zergatik gauzak aldatu, hemen hain ongi egonda?” Ordaintzen dutenen esanetara, gustura.
Baina formak gorde behar dira, eta gustuko izan ez arren, noizean behin hitza eman behar zaio jende urrun hari. Eta hauxe da goikoei eskuak kateatzeko gure esku dagoen modua. Boza eman bai, baina boza eman ondoren kate-begi bihurtu. “Guk honetarako eman genizun boza, ez ahaztu”. Bozka dezakezu A, bozka dezakezu B, baina behean bizi zara, inozoa zara, inuzentea, ume bat. Zuk eta ingurukoek nahiak eta beharrak dituzue, inguruan beldurra eta kezka zabaltzen sumatzen duzue, okerrera zoazte goikoek hartzen dituzten erabakiekin, panorama kaxkarra da, baina segitzen duzue pentsatzen beste Euskal Herri bat posible dela, beste Euskal Herri bat beharrezkoa dela.
Goikoek beste lehentasun batzuk dituzte. Guk jarrai dezakegu eskatzen eta eskatzen, baina ez dugu ezer lortuko baldin eta ez ditugun behartzen. Gure esku dago, bai, gora igo ditugunen eskuak lotuko dituen giza kate sendoa eraikitzen joatea kate-begiz kate-begi, banan-banan. Eskuak lotu ordaintzen dutenen interesen alde lan egin ordez, herri hau osatzen dugunon beharrei erantzun diezaien.
Demokrazia, justizia, askatasun eta maitasun gehiago nahi dugu. Eskatu eguzkia, eskatu ilargia, eta izan Gulliver lotuko duen liliputiarren giza katea. Eman nahi ez duena derrigorrezkoa da behartzea. Zenbat egia ume, ipuin eta marrazki bizidunetan!