Alferrikako enpleguak

2013/12/30
sisifo.jpg
Lanpostu bat lortzeko Interneteko atari batera sartu naiz. Begirada bat bota, eta dagoen enplegu tipologia nagusia ia berbera da, nahiz eta hainbat lurraldetako lanpostuak miatu. Zerbitzu sektorekoa, produktu eta zerbitzuen promozioak, saltzailea, freelance aholkularia, merkataritza agentea. Erakargarriena «iparralde eremuko salmenta arduraduna» da, talde gazte eta dinamiko bat dinamizatu behar duena. Iparralde aipatzen denean, Espainiako Estatuko mugei buruz hitz egiten da, noski.

Endika Alabort Amundarain, Berria egunkaria, 2013/12/29

Gaztaroa orain dela zenbait urte atzean utzitako tipo bat ezagutu nuen Lanbideren bulegoetan, ilusioz betea. Beren langabezia saria kolpe batean ateratzen zebilen, enpresa ezezagun batek iparralde eremuko salmenta arduraduna izateko kontratatu baitzuen, langile autonomo eran. Beren betebeharrei buruz galdetu, eta saltzea zela erantzun. Zer saldu? Momentuko promozioa. Ez zeukan informazio gehiagorik. Nik izandako lan esperientzia labur bat burura etorri zitzaidan: talde bat dinamizatu behar nuen menpeko langileak enpresaren helburuak lortzeko. Errealitatea erabat ezberdina zen: salmenta zuzena, lankideen arteko lehia sustatzea eta gizarterako ezer onik ekartzen ez zuen aberastasuna lortzea.

Enplegu produktibo gehienak orain dela denbora asko automatizatu dira, baina askatutako ordu horiek ez dira langileen eskuetan jarri

XX. mendeko teknologia aurrerapenek bazirudien ekoizpen hazkundea eta lanaldien murrizketa ekarriko zutela; zenbait kalkuluren arabera, asteko lanaldia hamabost ordura jaisteko aukera zegoen. Baina errealitatea erabat ezberdina izan da: alferrikako lanak sortu dira; hots, erabilgarritasun gabeko lanpostuak sortu eta ugaritu. Horien artean, lehenago aipatutakoak. Enplegu produktibo gehienak orain dela denbora asko automatizatu dira, baina askatutako ordu horiek ez dira langileen eskuetan jarri. Hutsune hori betetzeko, enplegu prekarioa sortu da, alferrikako enpleguak, jendea lan egiten mantentzeko, nahiz eta lanpostu horiek zentzurik ez izan.

Argi dagoena da merkatuak eskatzen duen lanbide motak ez datozela bat gizarteak eskatu beharko lukeenarekin

Estatu sozialistetan, enplegua eskubide sakratu bat zenez, horrelako lanpostuak sortzen ziren. Helburua ez zen zertan eraginkortasuna izan. Baina kapitalismoan, badirudi holakorik ezin dela egin, enpresen irabazien aurkakoa baita. Egia al da hori? Hasteko, enpresa ugaritan antzeko kasuak izaten dira: langile eta kudeatzaile onen kaleratzea, alderantzizko meritokrazia bat aplikatuz, eraginkortasun gutxiko eta kudeatzaile toxikoen maila igoerak. Ingurura adituz, adibideak amaiezinak dira. Administrazio eta lan burokratikoak ugaritzen dira, puntu hoberenetik aldenduz, laguntzeko bitarteko bat dena helburu bihurtuz. Askotan, administrazio publikoa jarri ohi da horren adibidetzat; baina enpresa ertain eta handien errealitatea horrelakoa izaten da.

David Graeber antropologo estatubatuarrak erabilgarria den enpleguari buruzko eztabaida zabaldu du uda honetan. Eztabaida sakona izan zen: zein da erabilgarritasunaren definizioa kasu honetan? Ez dago lanaren balio soziala neurtzeko modu objektiborik. Argi dagoena da merkatuak eskatzen duen lanbide motak ez datozela bat gizarteak eskatu beharko lukeenarekin. Merkatuak enpresa legegintzako adituak, segurtasun zaintzaileak, garbitzaileak, saltzaileak... behar ditu. Baina lanpostu horiek zer eskaintzen diote gizartearen gehiengoari? Aldiz, irakasleak, garraio publikoko langileak, artistak, ikertzaileak... gizarteari eskaintzen dietena ikaragarria da, baina merkatuak ez du baloratzen.
Egiten duzun lanak zentzurik ba al du? Gizarte honi ematen al dio zeozer ona eta zein neurritan? Gaur egun eskaintzen diren lanpostuetatik, zeintzuk erantzun dezakete baiezkoekin? Demagun alferrikako enplegu hauek desagerrarazten ditugula, zentzugabekoak baitira; eta, aldi berean, enplegu erabilgarria banatzen dugula: zenbat ordukoa izango litzateke bakoitzaren lanaldia? Gaitasun teknologikoa hor dago jada; arazoa ez da ekonomikoa, soziala baizik.