Alternatibak egon badaude
Eneritza Ansa, ELA Oria-Goierri
Merkatuek duten botereari aurre egitea ezinezkoa dela dirudi askotan. Sistema politiko zein ekonomikoak men egiten diete merkatuei, kapitalismotik haratago dauden aukerak lausotuaz. Sozialdemokraziaren krisiak (edo behin betiko gainbeherak) ongizate estatua birrinduta utzi du. Baina, gainbehera hori ez da kasualitatearen emaitza izan; ondo kalkulatutako politika neoliberalen ondorena baizik. Urteetan zehar, pixkanaka pixkanaka eta helburu zehatzekin hartutako erabaki politikoek ekarri gaituzte egoera honetara. Ez, elite politikoek ez dute arduragabekeriaz jokatu. Aldez aurretik zenbaitek planifikatutako egoerara eraman gaituzte. Ongizate estatuaren gozokia dastatzen ari ginela, kapitalismo ankerrenera eraman gaituzte.
Baina, orain zer? Zer egin dezakegu? Askotan alternatibarik ez dagoela dirudi eta elite politikoek babestutako oligopolioen kontra ezin dela ezer egin. Politika ekonomikoaren noranzkoa aldatzea zaila dela denok dakigu, baina norbanakotik hartutako hainbat erabakik, gizartearen norabidea aldatu dezakete. Badira ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutako kontsumo bideak, euren jarduera ekonomikoak oinarri etikoak dituenak, alegia. Gehienetan, kooperatiba moduan lan egiten dute eta bezeroak bazkide izaera izan ohi du.
Euskal Herrian ere badira ekonomia sozialean oinarritutako hainbat erakunde sektore ezberdinetan. Sektore aniztasun horretatik 4 aukeratu ditugu: Banka, energia elektrikoa, aseguruak eta telekomunikazio operadoreak. Izan ere, gaur egun, herritarren gehiengoak kontsumitzen ditu zerbitzu horiek.
-
Fiare banka etikoa: Italian du jatorria eta 2.005etik Espainiar estatuan ere aurkitzen da. Banku honek proiektu etikoak bakarrik finantzatzen ditu, horrela, garapen kooperatiboa, agroekologia, garapenerako kooperazioa, merkataritza justua eta gizarteratzea bultzatzen dute. Jardueren gardentasuna oinarrizko zutabea da Fiaren, horregatik, egiten diren inbertsioei buruzko informazioa publikoa da. Maila lokalean antolatzen da eta horrek egiten diren finantzaketa eskaeren ebaluazioa etiko eta soziala egiten laguntzen du. Gainera, bazkide bakoitzak boto eskubidea du.
https://www.fiarebancaetica.coop/eu
-
Goiener: Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba euskalduna da Goiener. Goienerrek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du gaur egun sektore elektrikoan liberalizatuta dauden esparruetan sartuz: merkaturatzea (energia erosketa) eta sorkuntza. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba denez, elektrizitate berdea merkatuan saldurik emandako irabaziak kooperatibara itzultzen dira. Bazkideek erabakitzen dute batzarretan irabazi horiek nola bideratuko diren. Gainera, bazkideek energia berriztagarrien sorkuntzan parte hartu dezakete, sortutako energia hori Goiener berak kontsumituko lukeelarik. Helburua, kooperatibak sorturiko energia eta bazkideek kontsumitutakoa kopuru bera izatea da.
-
Nortlan: Euskal Herriko aseguru etiko eta solidarioan lehen artekaritza da Nortlan. Hiru urtez aseguruen munduan lanean aritu ondoren Estefanía Rodríguezek bezeroetan zentraturiko aseguruak beharrezkoak zirela ikusi zuen, irabazi ekonomiko hutsetan oinarritzen ez zena alegia. Nortlan artekaritzak bezeroentzat errentagarrien diren aseguruak bilatzen ditu eta horretaz gain, irabazien %12a bezeroak erabakitako Euskal Herriko irabazi asmorik gabeko elkarteei bideratuko zaie, aseguruaren prezioa garestitu gabe.
-
Izarkom: Euskal Herrian sortutako telekomunikazio operadore kooperatiboa da Izarkom. Telefonoa eta interneterako zerbitzuetara sarbidea bermatzen duen telekomunikazio zerbitzu multzo batez hornitzeko helburuarekin sortu da. Azpiegitura telematiko eta telekomunikazio zerbitzuen gaineko burujabetzarantz bidea egin nahi du Izarkomek. Dagoeneko zenbait herritan abian dauden telekomunikazio azpiegitura ireki, libre eta neutraletan oinarritzen da. Gizarte ekimenerako eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba elkarte moduan antolatua dago, ekimenean parte hartu nahi duten kide eta erakunde guztien artean modu demokratikoan kudeatutako proiektu parte-hartzailea izateko.
Beraz, alternatibak egon badaude. Egia da ez direla begi-bistakoak eta lan pertsonala eskatzen duela horiek topatzea. Baina norbanakotik zenbait politika neoliberalei aurre egitea posible da, oligopolioei alternatibak bilatuz gero. Erabaki horiek gizartean saretzen joanez gero, indar gehiago izango dugu nahi dugun gizarte eredua eraikitzeko. Izan ere, txiki askok egiten dute handi.