(Argitalpena) Azterketak 53: Langile klaseak eusten du zerga-sistema
(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
Fiskalitatea eta aberastasunaren banaketa funtsezko gaiak dira ELArentzat, eta horregatik, urteak daramatza arlo horretan neurriak lantzen eta proposatzen. Zergen bilketa inoiz ez da polemiketatik salbuetsita egon, eta beti piztu du eztabaida gizartean. ELAren iritziz, fiskalitateak aberastasuna modu justuan birbanatzeko tresna izan beharko luke.
Aberastasun hori langileek sortzen dute, baina enpresaburuen esku geratzen da. Gaur egun, Ayusoren PPk edo Argentinako presidente Mileik ordezkatzen dituzten korronte liberalek (eta libertarioek), aldiz, zergak lapurreta direla aldarrikatzen dute, eta, horregatik, zergak jaistea eskatzen dute. Eta horretarako erabiltzen duten argumentu faltsua, dirua herritarren poltsikoetan dagoela hobekien esatea da.
Argumentu faltsu hori jende askorenganaino iristen da, bai desinformazioagatik, edo bai sektore aberatsenen instrumentalizazioagatik, eta zergen jaitsierak benetan nori egiten dion mesede ezkutatzen du. Azken hamarkadetan, herrialdeen eta autonomia erkidegoen arteko zerga jeitsieraren aldeko apustua zabaldu da, dumping fiskala sortuz. Horrek, kapitaletik datozen zergen bilketan izan du eragina, zerga hauen beheranzko joera ekarriz. Zerga bilketaren jaitsiera Sozietaten Zergan, Ondarean, oinordetzetan eta pertsona aberatsenei eragiten dieten zergetan eman da. Beraz, ez dago zalantzarik: zergak jaisteak kapital handiari eta gehien dutenei egiten die mesede.
Zentzu honetan, Oxfamek adierazi du %1 aberatsenak munduko gainerako biztanleen aberastasunaren ia bikoitza metatu duela azken bi urteetan. Besteak beste, txostenak erakusten du, mundu mailako 95 energia eta elikadura enpresa handik beren irabaziak bikoitza baino gehiago handitu dituztela, ezohiko mozkinak izanez 2022an (306.000 milioiko irabaziak izan zituzten). Irabazien %84 akziodun aberatsenen esku gelditu zen. Gogoratu behar da zergak zerbitzu publikoak eta gizarte prestazioak finantzatzeko balio dutela, baina aberastasuna modu justuan birbanatzea ere izan beharko lukete helburu. Birbanaketa horrek bi alderdi ditu: batetik, gehien dutenei gehiago ordainaraztea, eta, bestetik, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea, hain zuzen, errenta txikienak dituztenek gehiago erabiltzen dituztenak.
Txosten honetan EAEko eta Nafarroako zerga egitura aztertuko dugu. Horretaz gain, neurriak proposatzen dizkiegu Hego Euskal Herriko erakundeei, zerga sistema progresiboagoa izateko eta gehien dutenek gehiago ordaintzeko. Neurri horiek, era berean, genero arrakala fiskala ezabatzen lagunduko lukete, emakumeen errentak txikiagoak direlako eta, batez ere, lanetik datozelako eta kapital errentetan neurri txikiagoan parte hartzen dutelako.
Txosteneko irudi esanguratsuenak