(Argitalpena) Azterketak 54: Osasun publikoa larrialdi egoeran

2024/11/20
10783923.jpg
Dokumentu honetan Osakidetzaren eta Osasunbidearen erradiografia egin dugu, eta ELAk osasun sistema publikoak hobetzeko egiten dituen proposamenak azaldu ditugu.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Ondorioak

Osasun zerbitzu publikoek okerrera egin dute pandemiaz geroztik, nahiz eta gainbehera prozesua 2008ko krisiaren ondoren zerbitzu publikoetan sistematikoki ezarritako murrizketatik datorren.

Osasun zerbitzu publikoen kalitatea gainbehera

Inbertsio publikorik eza etengabea izan da azken hamarkadan. Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osasun departamenturako dituzten aurrekontu eskasek, EBko herrialdeetan batez beste egiten den gastutik oso urrun baitaude.

Desinbertsio horren ondorioz, HEHaren osasun sistemen kalitateak okerrera egin du etengabe. Lehen Mailako Arreta ez-presentziala areagotu egin da, azken hamarkadan etengabe hazi dira itxaron zerrendak, eta langile gutxiegi izaten dira udan, Aste Santuan edo Gabonetan, besteak beste.

Osasun pribatua sustatzeko estrategia

Zerbitzu publikoetan kalitate txarra izateak osasun pribatua indartzea dakar. Zentro publikoetatik pribatuetara egindako bideratzeen kopurua, aseguru pribatuak gero eta gehiago kontratatzeak, zentro publiko eta pribatuetan lana bateragarria duten profesionalak edo ia osotasunean pribatizatuta dauden zerbitzuak egotea (osasun mentala, haurdunaldia etetea, aho-hortzen osasuna, fisioterapia...) dira erakunde publikoek enpresa pribatuaren mesedetan nahita garatu duten estrategiaren adibideetako batzuk.

Prekarietatea Osakidetzako eta Osasunbideko plantilletan

Bi erakundeetan, plantillaren erdia baino gehiago aldi baterakoa da, Europak ehuneko hori % 8tik beherakoa izatea eskatzen duenean. Partzialtasuna ere handia da bi kasuetan. Gainera, Osakidetzako eta Osasunbideako langileen erosahalmenaren galera % 20ekoa eta % 15,8koa izan da hurrenez hurren azken urteetan.

Honek, zuzenean eragiten dio Lehen Mailako Arretan eta arreta espezializatuan dauden langileen errotazio handiari, eta osasun zentro berean zerbitzuari jarraitutasuna kentzen dio, eta horrek eragina du erabiltzaileek arretagatik duten pertzepzioan ere.

Gainera, ez dago kultura negoziatzailerik eta ez dago borondate politikorik Osakidetzako eta Osasunbideko langileen lan baldintzak hobetzeko.

Desberdintasun sozialek ondorio zuzenak dituzte osasunean

Bizi-itxaropena desberdina da maila sozioekonomikoaren, biztanleriaren jatorriaren, generoaren edo langile batzuek jasaten duten lan prekaritatearen arabera. Osasun publikoa ez dago prestatuta errealitate horri heltzeko, eta ez du eskaintzen administrazioen arteko koordinazio zerbitzurik osasun zerbitzuak baldintza berdinetan bermatzeko.

Egungo politika publikoek ez dute egoera irauliko

Ez EAEko Osasun Itunak, ez Nafarroako Osasunari buruzko Foru Legeak, ez dute ekarriko osasun arloan sakoneko aldaketarik. Batak eta besteak jasotzen ez dituzten edo behar bezala lantzen ez diren elementuak dituzte (adibidez, lan harremanak), ez da gehiago inbertituko Osasunean, eta sistema publikoak okertzeko bidea irekitzen dute, hala nola Osasunbidea enpresa publiko bihurtzekoa.

Txosteneko irudi esanguratsuenak