(Argitalpena) Azterketak 55: Gutxieneko Soldataren proposamen integrala Hego Euskal Herriarentzat

2025/05/21
azala eus.png
Txosten honek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata ezartzeko proposamen integrala aurkezten du, justizia sozialaren tresna gisa ez ezik, politika ekonomiko, produktibo eta birbanatzaile gisa ere pentsatua. Proposamena oinarri teoriko marxista, postkeynesiar eta kaleckiarrak uztartzen dituen ikuspegi batean oinarritzen da, eta helburu nagusi baten inguruan artikulatzen da: langile klasearen baldintza materialak hobetzea kolektiboki sortutako aberastasunean partehartze handiagoaren bitartez.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Txosten honek erakutsi du Lanbide arteko Gutxieneko Soldata, erreferentzia tekniko hutsa izatetik urrun, eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikorako gaitasun sakona duen tresna bat dela. Azterketan zehar, frogatu da haren igoerak diru-sarrera baxuagoak dituzten langileen bizi-baldintzak zuzenean hobetzeaz gain, gizarte babeserako sistema publikoaren iraunkortasuna indartzen duela, diru-sarrerak eta genero-desberdintasunak murrizten dituela, produktibitatea suspertzen duela eta ekonomia bidezkoagoa eta erresilienteagoa sustatzen duela.

Aurkeztutako proposamen metodologikoak —LGS BPG per capitarekin eta ez batez besteko soldatarekin lotzean oinarrituta— berrikuntza garrantzitsu bat sartzen du eztabaidan. Planteamendu horri esker, hazkunde ekonomikoa eta enpresen mozkinak soldata baxuagoen hobekuntza proportzionala suposatu dezakete, interes kolektiboak garapen makroekonomikoarekin bat eginez. Sozialki sortutako balioaren eta haren birbanaketaren arteko lotura estrukturala ezarriz, negoziazio-ahalmenaren edo behin-behineko borondate politikoaren menpe ez dagoen soldatalogika bidezkoago baten oinarriak jartzen dira.

Era berean, LGSren igoera hori teknikoki eta ekonomikoki bideragarria dela dio txostenak. Hego Euskal Herriko enpresarien gehiengo zabala proposatzen den igoera bere gain hartzeko moduan
dago bere errentagarritasuna edo lehiakortasuna arriskuan jarri gabe. Gehien kaltetu litezkeen sektoreak dira hain zuzen ere prekarioenak direnak, non feminizatutako lanpostuak, zaintza lanak edo biztanleria migratzaileari lotutakoak nagusi diren. Zentzu honetan, proposamenak birbanaketa- politika gisa ere jokatzen du, klase, genero eta jatorria ardatz hartuta, egitura-desberdintasunei aurre eginez.

Dena den, baita ere ohartzen da horrelako neurri batek ezin duela bere ahalmen osoa zabaldu politika osagarririk gabe. LGS eraldaketa-estrategia global batean sartu behar da: zerga erreforma progresiboa, industria-politika aktiboa, lan-munduaren erreforma bat lanaldia murrizteko eta negoziazio kolektiboa indartzeko, edota enpresen betetzearen jarraipen eraginkorra ere beharrezkoak dira. Horrela bakarrik bermatuko da gutxieneko soldataren igoera inflazioa, zerga-iruzurra edo enpleguaren zeharkako prekarietateak bezalako dinamika atzerakoiek ez xurgatzea.

Laburbilduz, gutxieneko soldataren proposamen hau zifra zehatz batetik haratago doa. Ekonomia demokratizatzeko, lanaren balio soziala indartzeko eta eredu produktibo inklusiboago eta jasangarriago batera heltzeko konpromisoa da. Esku-hartze hau birbanatzailea da, zeina, biztanleriaren zati handi baten bizi-maila igotzeaz gain, botere ekonomikoaren harremanak berrantolatzen laguntzen duen, lanaren eta ongizate komunaren alde. Esparru horretan, LGS ez da berez helburu gisa planteatzen, Hego Euskal Herriarentzat justizia sozialeko eta burujabetza ekonomikoko horizonte baterako palanka gisa baizik.

Hona hemen txosteneko irudirik esanguratsuenak: