(Argitalpena) Izan ta esan 15: Borondate politikoa aldarazi duen BORROKA KOLOSALA

2025/05/26
WhatsApp Image 2025-04-04 at 10.13.35.jpeg
Tolosako Kiroldegietako langileek 2023an egindako greba mugagabea sona handikoa izan da eskualde osoan. Hasieran, kiroldegia itxita mantentzea ezinezkoa zirudien, eta gehienez ere bizpahiru eguneko kontua izango zela uste zuten askok. Baina, azkenean, maiatzetik azarora arte luzatu zen greba, ia zazpi hilabete iraun zuelarik. Gainera, gatazka are luzeagoa izan da, 2020an hitzarmena iraungi zenetik akordio bat lortzeko borondatea agertu zuten arren, 2024ko azarora arte ez baitzen lan-hitzarmena sinatu. Prozesu osoa hobeto azaltzeko eta gatazka honen berezitasunak aztertzeko, kiroldegiko hiru langilerekin, bi ordezkarirekin, sektoreko ELA sindikatuko federazio eta eskualdeko arduradunekin egon gara solasean. Haien testigantzak baliatuta, borroka honek izan duen ibilbidea jaso eta balioa ematea izan da dokumentu honen helburua.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Tolosako Kiroldegietako langileen greba eta lan gatazka esperientzia aberatsa izan da, eta hainbat irakaspen utzi digu. Zazpi hilabeteko greba mugagabea eta gatazkaren ondorengo urtebeteko negoziazio-prozesua ez dira kasualitatez luzatu. Alde batetik, enpresaren jarrera itxia eta negoziatzeko borondaterik eza egon dira; bestetik, langileen batasuna eta sindikatuaren antolaketa sendoa gatazkari eusteko funtsezko elementuak izan dira.

Garaipenik handiena, zalantzarik gabe, udalaren borondate politikoa aldaraztea izan da. Sarritan, azpikontratazioaren ondorioz, administrazio publikoek gatazka laboralak enpresa pribatuen esku utzi ohi dituzte, baina oraingoan presio sindikalak udala interpelatzera eta ardura hartzera eraman du. Udala azkenean erantzule egin da, baldintza-agiriak eten eta zerbitzu-baldintza berriak ezarriz. Hau ez da ohikoa gatazka sindikaletan, eta Tolosako kasuak erakusten du mobilizazio irmoak eta estrategia sindikal egokiak administrazio publikoan eragin dezaketela.

Bestalde, langileen batasuna eta sindikatuaren egitura sendoa izan dira gatazka honen arrakastaren giltzarriak. ELA sindikatuaren babesa, erresistentzia kutxaren sostengua eta ordezkari sindikalen lana ezinbestekoak izan dira grebari eusteko. Afiliazio maila altua eta langileen artean zegoen konfiantza berebiziko elementuak izan dira negoziazioan indartsu egoteko.

Esperientzia honek argi utzi du lan gatazka batek eragin sozial zabala izan dezakeela, eta horrek aldeko eta kontrako indarrak sortzen dituela. Eskualde mailako kirol kluben presioa, batez ere, eta erabiltzaileen haserrea zailtasun gehigarriak izan dira langileentzat. Honek erakusten du lan eskubideen borrokak askotan inguruko komunitatearen babesik gabe egin behar izaten direla. Presio hori kudeatzea erronka handia izan da.

Azkenik, gatazka hau esperientzia sindikal garrantzitsua bihurtu da, bai langileentzat, bai ELA sindikatuarentzat. Greba mugagabeak, gatazka luzearen kudeaketak eta negoziazioaren azken faseak erakutsi dute langileen antolaketa estrategikoa funtsezkoa dela baldintzak hobetzeko. Langileek garaipen handia lortu dute, baina borroka ez da amaitu: etorkizuneko erronkei aurre egiteko, lortutako esperientziatik ikasi eta batasunari eutsi beharra dago.