(Argitalpena) Migrazioa eta prekaritatea. Hacia un sindicalismo antirracista
(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
(Leire Estévez-en hitzaurrea)
Sindikatu antiarrazista izateko bidean mugarri bat jartzeko nahiak eta konpromisoak bultzatuta aurkezten dugu eskuartean daukazun monografiko hau. Arrazakeriaz hitz egiten dugunean ordea, azalean gelditzeko arriskua daukagu, sakonera ez joatearena, benetako kausak zeintzuk diren erreparatu gabe. Antidoto bezala, beraz, gai honekin funtsezkoa daukagu egiturazko kausei eta arrazoiei begiratzea, arrazakeriarena ez baita atzo goizeko kontua eta ikuspegi honek baino ez digu emango egun bizi dugun errealitatearen ulermen sakona.
Izan ere, behintzat bostehun urte atzera egin beharko genituzke egun ezagutzen ditugun dominazio edota menperatze harremanak eraiki ziren garaiak ulertzeko. Hegoaldeko lurrak iparraldekoa aberastasunaren pilaketa bultzatzeko baliagarriak izan daitezkeenaren pentsamendua garai horietan eraiki zen, eta ondorioz, gaur egun, hauek irabazien pilaketa honi ekarpena egiten dioten neurrian baino ez dira aintzat hartzen.
Lur ustiapena funtsezkoa da egun ezagutzen dugun Europa ulertzeko, bai eta dakigun bezala lehengaien espoliazioak bere horretan dirau, izan ere, kolonizazioak ez ezik, pentsamendu kolonialak ere ez du bere amaiera ikusi, Eta arrazakeriaz eta politika migratorioetaz hitz egingo dugun honetan ere, funtsezkoa da azaleratzea egun bizi dugunak ere erabateko lotura daukala garai horretan sortutako pentsamenduarekin, non hegoalde-globaleko pertsonen inguruko begirada guztiz deshumanizatua eraiki zen.
Dakigunez, garai hartako kolonoek ez zibilizatutako basati gisa deskribatu zituzten hegoaldeko herrialdeetako pertsonak eta hau oso arriskutsua da. Izan ere, norbaiti bere izaera humanoa lapurtzen zaionean, hau da, eskubidedun gizaki giza begiratzeari uzten diogunean, hau esplotaziorako eta esklabutzarako objetu gisa ikustera pasatzen gara. ¿Nola azaltzen da bestela europar instituzioen axolagabekeria mediterranear itsasoan hiltzen diren pertsonen bizitzekiko? Ez dituzte pertsona gisa ikusten, hori da azalpen bakarra.
Gaur egungo arrazakeria eta hegoalde globaleko pertsonen gaineko begiradak ez dira begirada kolonial honekiko hain arrotzak, eta uste baino gehiago daude gure iruditerian txertatuta, gure mundua ikusteko eran.
Hau aldatu behar dugu, jabetuz zenbateraino estaltzen duen pentsamendu honek gure begirada, eta indarkeria hau desnormalizatuz, gauzak
ezinbestean bestela izan behar dutela aitortuz.
Lan munduari begiratzen badiogu, pertsona migratuak aurkitzen ditugu sektore prekarioenetan, askotan esplotaziotik edota esklabutzatik oso gertu: asko zaintzei lotutako sektoreetan, etxeko lanean edota nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako sektoreetan besteak beste. Badakigu beraz, prekarietateak generoa ez ezik arraza ere baduela, prekarietatea bera ere ez baita neutroa.
Gai izan behar dugu pertsona migratuek lan esparruan pairatzen dituzten diskriminazio eta prekaritate egoera hauek, zein beste esparru batzuetan pairatzen dituzten eskubide urraketak azaleratu eta salatzeko. Jatorri atzerritarra daukaten 5000 pertsonatik gora dira, ELA-ko kide eta horietatik 200etik gertu enpresa desberdinetan ELA ordezakatzen dute. Beraz, ezin dugu beste alde batera begiratu.
Atzerritartasun legea arrazakeriak instituzioetan hartzen duen formarik larriena izanik, honen kontra irmo azaldu behar dugu, Espainiar estatuak honekin daukan erantzukizun zuzena salatuz, eta baita Nafar zein Euskal gobernuek gai honekin azaltzen duten axolagabekeria seinalatuz. Sindikatu antiarrazista izateko bidean, arrazakeriaren kontra egotetik antiarrazista izatera pasa behar dugu, Gora ELA antirrazista!