Arriskuan al daude pentsio publikoak?
Azken urteotako aldaketa sozialak apartekoak izan dira. Iraultza teknologiko izugarria gertatu da, eta horrek hainbat ondorio ekarri ditu katean: ekoizteko molde berriak, beste era bateko lan-harremanak, gobernatzeko modu desberdinak eta errentak eta aurrerapenaren fruituak banatzeko eredu desorekatuagoa eta bidegabeagoa. Gerraondoko kapitalismoan, botereen arteko nolabaiteko oreka zegoen, eta, horri esker, ongizate-egitura sendoak mantendu ahal izan ziren. 1970eko hamarkadan, ordea, enpresa-mundua egoera horren aurka jaiki zen. Pinochet, Reagan, Tatcher eta gisako politikarien aginte pean politika neoliberal zorrotzak aplikatu zituzten, eta politika horiek, gerora, bridarik eta mugarik gabeko kapitalismoa ekarri dute. Kapitalismo basati horrek ez du zalantzarik egiten finantza-errenten eta kapital-errenten alde apustu egiteko, beti ere langileen eta herri xehearen gehiengo zabalaren kaltetan.
Hein handi batean, moralean eta balio sozialetan aldaketa handia bideratu delako gertatu da hori. Ongizate kolektiboaren inguruko oreka sozialaren ordez elkartasunik batere gabeko kapitalismoak hartu du lekua, eta horrek kohesio soziala hautsi du. Gizartea ahuldu egin da, bizikidetzaren oinarrian indibidualismoa jarririk. Hala, mezu-uholde batek noraezean utzi ditu herritarrak, ulertu ezinik haien egoera antzeko beste milioika herritarren egoera bera dela. Eta modu horretan, isolaturik, beren burua gobernatzen baino ez dakite, eta etsipenetik eta hedabide handiek saldutako fantasiazko ingurune horretatik nor bere kabuz ateratzea besterik ez dute amesten.
Hedabide horietan egia zientifiko eta objektibo gisa aurkezten dira argi eta garbi okerrak eta ideologikoak diren hainbat argudio. Eta arrazoibide horien atzean, helburu garbia dago: aberastasun guztien jabe diren ahalguztidunentzako etekin handiagoak eta metatzeko baldintza hobeak lortzea eginahalean.
Pentsioen gaia, eta pentsio publikoak bertan behera uzteko eratu den diskurtsoa, bi horiek dira gaur egungo politiken oinarrian dagoen iruzur intelektualaren adibiderik garbienetakoak. Gezurren, erdizkako egien eta iruzurren bidez herritarrei sinetsarazi nahi diete pentsio publikoek desagertu egin behar dutela, edo haien onurak murriztu egin behar direla. Konbentzitzeko, esaten zaie bideraezinak direla edo kostu jasanezinak ekarriko dituztela, eta, ondorioz, hondoratu egingo dela ekonomia.
Baieztapen horien atzean dauden modeloak oso landuak dira itxura batean, baina, berez, funtsik gabeko usteetan oinarritzen dira. Haien bidez, eguna joan eguna etorri, mezu katastrofistak zabaltzen dira, herritarren gogoan iltzatzen doazen mezuak, eta hainbestetan entzutearen poderioz, azkenerako sinestera iristen dira.
Diskurtso horien bidez lortu nahi dutena oso sinplea da: bankuak izatea, eta ez botere publikoak, aurrezki kolektiboa kudeatzen dutenak, eta aurrezki hori errentagarritasun pribatua lortzeko helburuarekin baliatzea, eta ez belaunaldi baten eta bestearen artean ekitatea edo elkartasuna bideratzeko helburuarekin. Pentsio-sistema publikoa pribatizatzea da, inondik ere, finantza-kapitalaren neurririk onuragarrienetako bat; izan ere, neurri horren bidez bankuek eta finantzaerakundeek baliabide bolumen izugarria eskuratuko lukete, beharbada behar beste ekonomien gain eta enplegua, errenta eta aberastasuna sortzeko iturrien gain erabateko aginpidea bermaturik izateko. Hau da, erabateko boterea eskuratzeko.
Eta, hain zuzen horrexegatik, premiazkoa da atsedenik gabeko eraso bortitz horren aurreran erantzutea eta galbide hori saihestea. Lehen-lehenik, haien diskurtsoen oinarrian dauden akatsak eta gezurrak agerian utziz, eta, horrekin batera, herritarrak mobilizatzera bultzatuz, eskueran dituzten baliabide guztien bidez beren eskubideak eta hainbesteko ahaleginen ondoren lortutako konkista sozialak defenda ditzaten.
Horixe da, hain justu, zehatz eta argi idatzitako dibulgaziotestu honen asmoa: kontzientzia-hartze horretan laguntzea eta herritarren mobilizazioa hauspotzea. Izan ere, herritarren mobilizazioak baino ezin dezake gelditu eraso ideologiko erraldoi hori. Arestian esan dugunez, egia zientifikotzat mozorrotuta
aurkeztu nahi digute diskurtso hori, baina atzean interes zehatz batzuk daude, herri xehearen interes orokorren aurkakoak. Lan honen xedea da argudio horiek funtsik gabeak eta faltsuak direla erakustea, haien egiazkotasuna eta sinesgarritasuna ezeztatzen duten datuekin eta informazioarekin.
Irakurleak animatzen ditugu lan hau zabaltzera eta bertan jasotako argudioak eztabaidarako eta kontzientziaziorako armatzat erabiltzera, munduko pertsona guztiok ditugun giza eskubideak eta ongizaterako eskubideak baliatzeko garaian atzerapauso eta murrizketa gehiago egon ez dadin.