Badatorren Alternatiben herrixka Donostiara!
Zer da Alternatiben herrixka?
Beste era batean bizitzeko askotariko ereduen topagune bat da. Gaur egun bizi dugun klima aldaketari aurre egiteko egiazko aukerak biltzen eta bistaratzen dituen herrixka simulazio bat da Alternatiben herrixka. Aukera indibidual, kolektibo, nahiz lurralde eta sistema mailakoak ezagutzera ematen dituena, beste bizi-eredu baten garrantziaz ohartaraziz, eta jokabideen aldaketa bilatuz.
Hiru dira helburu nagusiak:
- Larrialdi klimatiko egoeraren mezua zabaltzea.
- Transizio soziala, energetikoa eta ekologikoa lehenbailehen abiarazteko deialdia.
- Bestelako gizarte modu bat lortzeko, beste era batean bizitzeko ereduak erakustea.
Zergatik Donostian?
Alternatiben Herrixkak Frantzian du jatorria eta jomuga 2015eko abendua Parisen ospatuko den Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia du. Horregatik, aurtengo ekainaren 5ean, 5.000 kilometro egingo dituen bizikleta-martxa bat irtengo da Baionatik eta irailaren 26an iritsiko da Parisera, tartea Europako 6 estatu zeharkatuz. Donostiakoa lehen geldialdia izango da, ekainaren 5ean bertan.
Zer itxura izango du?
Gaiak duen larritasuna eta garrantzia ahaztu gabe, ekimena jai giroan burutzea da ideia:
- Ekainak 5: Ongietorria egingo zaio Antiguara iritsiko den bizikleta martxari.
- Ekainak 6: Alternatiben Herrixkaren eguna. Antiguako Matia kalea ardat hartuta, hainbat eta hainbat ekintza antolatuko dira: alternatiben azoka, kale-animazioa, artisau azoka, haurrentzako jolasak, hitzaldiak, speakers corner-a, tailerrak, erakusketak, mural margoketa, dokumentalen emanaldiak, kontzertuak, ...
Bilbon urriaren 24ean ospatuko den Euskal Herri mailako Alternatiben Herriaren lehen pausoa izango da Donostiako esperientzia.