Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa.

2020/05/18
BenetakoIrteeraBat_portada.jpg
Txosten honen asmo nagusia da egungo krisi sistemikoari ematen zaion irtenbidea biztanle gehienen beharrizanen araberakoa izan dadin, eta ez daitezen berriz aplikatu 2008ko krisi osteko politikak.

Covid-19ak eragindako mundu mailako krisia historian sekula ezagutu gabeko astindua izan da. Ekonomia eta berau kokatzen deneko sistema kapitalista aurretik ere krisian zegoen (ekonomikoa, soziala, ekologikoa, humanitarioa, patriarkala...). Koronabirusa eta bere hedapena detonagailua izan da, baina ez krisiaren zergatia; haatik, agerikoa da pandemiak osasunean izan duen eragin larria, orain arte aplikatutako neurri gogorrak (konfi namendua, enpresa itxiera, etab.), baita sortu den noraeza ere, enpleguan, gizarte ongizatean eta ekonomian ondorio handiak izaten ari direla. Hasieratik hartzen diren neurrien baitakoa izango da krisiari emango zaion irtenbidea. Horregatik, langile klaseak eta gizarte osoak argi izan behar dute orientazio hori baldintzatuko badute epe labur, ertain eta luzera begiratu beharra dagoela.

Naomi Kleinek La doctrina del shock liburuan azaltzen zuenez, botere ekonomikoak baliatu egin izan ditu era desberdinetako shock-ak -hondamendi naturalak, gerrak, krisiak edo estatu-kolpeak-jendearen gustoko ez diren erreformak aplikatzeko, bestelako egoera batean biztanleek onartuko ez zituzketen erreformak. Koronabirusaren krisia da Kleinek aipatutako egoera horietako bat. Pandemiak psikologia sozialean kaosa eta zalantza eragin ditu; piztu den beldurra medio, shock egoeretan gertatu ohi den bezala, biztanleek itsu-itsuan jarraitzen diote arerio komun horren kontrako borroka gidatzen duenari. Kontziente izan behar dugu koronabirusa gorabehera baditugula sakrifi katu ezineko eskubide eta askatasun demokratiko, banako eta kolektiboak, eta hauen alde borrokatu beharko garela.

Horregatik, jendeak prest egon behar du egungo egoerak eragindako shockean errepika ez dadin 2008ko krisian gertatu zena: Troikak ezarri zuen austeritatea, hamarraldi batez langile klasea zigortu zuena, eta pribatizazioak eta murrizketak arlo publikoan, esaterako osasun publiko sisteman.

Dokumentua hiru zatitan banatu dugu: Lehenengoan krisiaren markoa aztertzen dugu (sistema kapitalista globalaren dinamika azalduz, 2008ko krisiaren ondoren gertatu zena eta koronabirusaren aurretik nola geunden); bigarrenean analizatzen dugu Covid-19aren krisiari ematen ari zaion erantzuna, 2008ko fi nantza leherketa osteko norabide berean ote goazen edo ez erabakitzeko; hirugarrenean esandako guztiaren buruz ondorioak aterako ditugu, eta marrazten dugu zein izan beharko litzatekeen modua irtenbide sozial, ekologiko, feminista eta demokratiko bat emateko.

Deskargatu argitalpen osoa.