Biltzen diren lau eurotatik hiru lan errentetatik datoz Hego Euskal Herrian

2021/05/18
Azterketak42-Fiskalitatea.jpg
Covid-19ak eragindako krisiak diru-bilketaren jaitsiera handia ekarri du. Aurrekontu publikoak asko gehitu beharko lirateke, besteak beste, pandemiaren ondorioz sortutako arazoei aurre egiteko. Horregatik, premiazkoa da fiskalitateari buruzko eztabaida. Urte askotan eztabaida hau sektorerik neoliberalenek bahitu dute kapitalari eta patronalari zergak jaisteko xede bakarrarekin. Azken urte eta hamarkadetan egindako erreformak tankera horretakoak izan dira: sozietateen zergaren jaitsiera, ondarearen gaineko zerga behin-behinean kentzea, errenta altuenentzako zerga-tasa txikiagoak, etab. Eztabaida datuetan eta Europako beste herrialdeekin alderatuta egiteko asmoz argitaratu dugu fiskalitateari buruzko azterketa hau.

Irakurri Azterketak 42 txosten osoa

Lan-errentek sostengatzen dute EAE eta Nafarroako diru-bilketa; lau eurotik hiru lan errentetatik datoz.

EAEn lan-errentek zuzeneko zergen % 75,1 osatu zuten 2020an (5.367,6 milioi euro). Ia zenbateko hori guztia (% 90etik gora) lan-etekinengatik bildu ziren, hots, soldatapekoek ordaintzen dituzten zergengatik.

Kapital-errentak zuzeneko zergen bidez bildutako diruaren % 24,4 baino ez ziren izan, hau da, 1.742,2 milioi euro.

EAEn 2007tik hona laneko PFEZaren bilketak zuzeneko zergetan izan zuen pisua 14,7 puntutan igo da, kapital errentena 15,2 puntutan jaitsi den bitartean

Laneko PFEZaren bilketak zuzeneko zergetan izan zuen pisua %71,5etik %75,4ra igo da azken urtean, eta 2007. urtearekin alderatzen bada, %60,4ko pisua izatetik %75,1era igaro da. Hau da, 14,7 puntuko igo da.

Kapital-errentek, aldiz, gero eta ekarpen urriagoa egiten dute. 2008ko krisi aurretik kapital-errenten pisua %36,9koa zen; 2020an, berriz, portzentaje hori %24,4raino jaitsi zen, hots, 15,2 puntu.

Nafarroan ere lan-errentek 2020an zuzeneko zergen %72,3 osatu zuten (1.376,9 milioi euro). Kapital-errentek, aldiz, soilik %25,6, 487,1 milioi euro.

Nafarroan 2007tik hona laneko PFEZaren bilketak zuzeneko zergetan izan zuen pisua 17 puntutik gora igo da, kapital errentena 20 puntutan jaitsi den bitartean

Lan-errentei dagokienez, zuzeneko zergetan duten pisua 2007tik 2020ra 17 puntutik gora gehitu zen: %54,9tik 72,3ra igo zen.

Kapital-errenten ekarpena, aldiz, askoz ere txikiagoa izan zen; 2007tik aurrera ia 20 puntu jaitsi baitzen. Zuzeneko zergetan %45,1etik %25,6ra jausi ziren. Honek esan nahi du 2007ko portzentajeari eutsi izan balitzaio egun 432 milioi euro gehiago bilduko litzatekeela kapital errentekin.

EAE eta Nafarroa EB-27ko azken postuetan presio fiskalean

Europar Batasun guztiari (27 kide) dagokion azken datua 2019koa da; EBeko Argitalpen Bulegoak dioenez, %40,1ko presio fiskala egon zen. Altuena Danimarkak izan zuen (%46,1), eta ondoren Frantzia eta Belgika.

Aldiz, EAEko presio fiskala 2019an BPGren %32,3koa izan zen. Grafikoan ikus daiteke Europar Batasuneko azken postuetan egon zela. EB-27ko batez besteko mailarekiko aldea 2019an BPGaren 7,9 puntukoa izan zen. Honek esan nahi du 2019an EAEko presio fiskala EB-27ko batez besteko mailan egon balitz 5.976 milioi euro gehiago bilduko zela.

Nafarroako presio fiskala 2019an BPGren % 31koa izan zen. Nafarroa EAEren atzetik kokatu zen, eta presio fiskal apalagoa soilik bost herrialdek izan zuten. Horien artean dago Irlanda, paradisu fiskalaren pareko eremua. EB-27arekiko aldea 9,1 puntukoa izan zen 2019an. Honek esan nahi du urte horretan presio fiskala EB-27ko batez bestekoaren parean egon balitz 2.005 milioi gehiago bilduko zirela, hots, %29,3 gehiago.

Azken postuetan ere Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskalean

Sozietateen gaineko zergarekin bildutako diruaren pisua batez beste BPGren %2,66koa izan zen 2019an EB-27an. Aldiz, EAEn %1,64koa izan zen, eta Nafarroan %1,24koa. Aplikatutako tasa txikiaren eta iruzur fiskalaren ondorioz, sozietateen zergari dagokion Nafarroako presio fiskalaren azpitik Europan Hungaria eta Letonia besterik ez daude. EAE oso hurbil dauka; soilik Lituaniak dauka presio fiskal arinagoa.

Luxemburgek, Ziprek eta Norvegiak zeukaten portzentajerik altuena, %5,92, %5,85 eta %5,46, hurrenez hurren. Alemaniak eta frantses Estatuak BPGren zatiari dagokionez europar batez bestekoaren antzeko maila zuten.