Bisexualitateaz solasean June Fernández eta Daniel Hernándezekin

2025/07/11
GuXrmovWMAESMNr.jpg
June Fernández (kazetaria) eta Daniel Hernándezen ("Señores Bien" kolektiboko kidea) aktibista bisexualek Leire Estevez ELA sindikatuko Ekintza Sozialeko kidearekin bisexualitateari buruz izandako solasaldiaren bideoa, sindikatuak 2025eko ekainaren 26an, Sexu Askapenerako Egunaren atarian, Durangon antolatu zuen 'Mi deseo no cabe en tu armario. Bisexualitatea ere baDA' ekitaldian.

'Mi deseo no cabe en tu armario. Bisexualitatea ere baDA' lelopean, bisexualitatearen aurkako jarrerak salatu dituzte June Fernández kazetari eta aktibista bisexualaren eta Daniel Hernándezen eskutik, Durangon egindako ekitaldi batean. “Sentiarazi digute ez garela benetazko bollerak edo marikak”.

‘Mi deseo no cabe en tu armario. Bisexualitatea ere baDA’ lelopean, ELAk bisexualitateari buruz hausnartu du Durangon antolatutako ekitaldi batean, Sexu Askapenerako Egunaren atarian. Horretarako, June Fernández kazetari eta aktibista bisexuala eta Daniel Hernández izan ditu bidelagun.

Solasaldiari ekin baino lehen, Izaro Galfarsoro Genero Politikako kideak hartu du hitza eta bisexualitatea izan du hizpide, “sarri baztertua, isilarazia edo desitxuratua izan den identitate hori”. Bat dator June Fernández. Bere esanetan, “pertsona bisexuakek bazterkeria bikoitza jasaten dute: jendartean eta LGTBIQA+ mugimenduaren baitan”.

Are gehiago, Fernándezek dio bereziki mingarria dela izaera politikoa ez aitortzea LGTBIQA+ mugimenduaren baitan, horrek espazio segurua izan beharko lukeela argudiatuta. Arrazoi nagusia da, dio, identitate politikoaren izaera ukatzen diotela: alegia, bisexualitatea sexu orientazio izaerara murrizten dutela, eta identitate politiko moduan bollera eta marika soilik onartzen dela.

“Euskal Herriko mugimendu lesbofeministan, tamalez, indar handia daukate postura bifoboek, esaterako, transmaribollo esapidearen hautua, eta ez transmaribibollo. Hautu horiek interpelatu ditugunean, erantzuna izan da bisexualitatea ez dela politikoa, bisexualak kuirrak badira, bollerak, marikak edo transak izango direla”, kexu da. Bere ustez, logika horrek ez dauka zentzu handirik eta iruzurtiaren sindromea sentitzera daramatza, edota LGTBIQA+ mugimendutik at geratzera, sentitzen dutelako ez direla “benetazko bollerak edo marikak”, dio Fernándezek.

Galfarsorok adierazi du sarritan ez dela ulertzen orientazio sexual legitimo gisa, eta uste okerrez lotzen dela “fase” edo nahasmen egoera batekin. “Baina ez da ez nahaste bat, ez erdibide bat: sistema binarioaren eta heteronormatiboaren aurkako haustura da”, esan du irmo.

Horrekin bat dator Dani Hernández. Argi dauka bisexuala izatea identitate politikoa dela eta espazio kulturalak, sozialak, familiarrak, lanekoak, feministak edota militanteak eraldatzeko gaitasun handia duela.

Bisexualitatearen aurkako jarrerak irmo salatu ditu June Fernándezek. “TERF (feminista erradikal trans gorrotatzaileak) mugimenduak indar handia duen honetan, erabat kontraesankorra da transfeminista eta bifoboa izatea. Are gehiago, bisexualok gaitasun handia dugu zisexismoarekin apurtzeko, askotariko gorputz eta genitalekin eroso sentitzen garelako. Bisexualon subjetibitatean, erraztasun handiagoa dago gorputzekiko errespetuzko jarrerak izateko, eta baita ere ulertzeko identitateak aldakorrak izan daitezkeela”, azaldu du.

Hipersexualizazioa eta armarizazioa

Bisexualitatean ere, gizon eta emakumeen artean ere tratua ezberdina da. Fernandezek dio emakume bisexualen hipersexualizazioa oso nabarmena dela, beti ere, emakume jakin batzuena: argalak, femeninoak, gazteak, lirainak.

“Hipersexualizazio horren erruz, eta gure desira askea mehatxu gisa ikusteagatik, ikerketen arabera emakume bisexualok sexu indarkeria eta indarkeria matxista tasa bereziki altuak ditugu”, salatu du.

Gizonen kasuan, berriz, azaldu du gizon zisak bereziki isolatuak daudela, erreferente mediatiko zein gertukoen falta handiagatik. “Batzuk marika komunitatean bizi dira, eta beste batzuek bizimodu normatiboak dituzte, oso armarizatuak, bizitza paraleloekin. Adibidez, emaztea dute, harreman irekia, baina kuadrillakoek eta ingurukoek ez dakite gizonekin sexua izaten dutela”, azaldu du.

“Ez da bisexualaz hitz egiten, ikusezinena da. Hemen oso informazio gutxi dugu gure pertsona erreferenteei buruz. 90eko hamarkada baino lehen ez genuen inor aurkitu”, gaineratu du.