Bizitzaren aldeko ekonomia batera jotzeko bide-orria

2021/01/13
EKOS.jpg
2014an, Azken Deia (Darrera crida) manifestuak honakoa adierazi zuen: "Baliabide naturalak eta energetikoak agortzearen kontura eta Lurraren oreka ekologikoak apurtzearen kontura lortu da gure ekoizpen eta kontsumo maila". Zazpi urte geroago, pandemia batean murgilduta gaude, izaera sistemikoa duen krisi planetario baten ondorioz. Nola egin norabide aldaketa erradikal bat, bizitza bera suntsitzen ez duen bizitzarantz? Kapitalismo globala abolituko duten (beharrezko) iraultza politiko handien eta kapitalismo intimoa deseraikitzen duten (ezinbesteko) iraultza pertsonal txikien artean, nola aktibatu kolektiboki Demokrazia Ekonomikoaren eta Trantsizio Ekosozialaren bidea? Nola egin Bizitzaren aldeko Ekonomia bat?

Ivan Miró, soziologo eta kooperatibista. Critic-en argitaratua.

Ingurumenaren aldetik suntsituta dagoen planeta, jendarte pobretuak, balantzaka dauden ekonomiak, osasun hautsiak, gutxi batzuen zerbitzura dagoen hazkunde ekonomikoa. Pandemia bat, Covid-19, arimarik, etikarik eta etorkizunik ez duen kapitalismo globalaren itzalak islatzen dituena. Krisi hirukoitza — ingurumenekoa, osasunekoa, ekonomikoa —, gizateria desberdintasunak sortuz zauritzen duena, mendebaldean behintzat gainditutzat jotzen ziren hauskortasunetatik biluztuz, eta erabakitzera bultzatzen duena: bide gurutzean.

Lehen bidea, Walter Benjaminen arabera, Aurrerapenaren Hurakanak irudikatzen duena da, Historiaren Aingeruak bultzatzen duena: hain eroa dagoen kapitalismoa eta hegoak hain korapilatuta dituena, non ezin baita gelditu, atzean hondakinak uzten dituen arren. Gaur egun irtenbide teknologiko eta berde baten alde egiten duen kapitalismoa, bere kontraesan sozial eta ekologikoetatik abiatuta metatzen jarraitzeko. Bigarren bide bat: Bertolt Brechtek "basakeriatik jaiotzen den basakeria" moduan definitzen duena, edo krisian dagoen kapitalismotik jaiotzen den faxismoa.

Horiek guztiak erantzun autoritario eta libertizidak dira , eta fikziozko orden garbi batera itzularazi nahi gaituztenak, "materiarik hurbilen dauden izakiak" sakrifikatuz: migratzaileak eta errefuxiatuak, disidente politikoak eta sexualak, arrazoi nazional, kultural, erlijioso edo sozialengatik gutxitutako herritarrak. Estrategia horrek, askotan, baliabide naturalez jabetzea bilatzen du, edo produkzio- eta erreprodukzio-lanaren indarra diziplinatzea, kapitalismoaren nagusitasuna bere horretan mantentzearen izenean. Klasekoa, patriarkala, arrazializatua eta koloniala den kapitalismoa.

Azkenik, bidegurutze faltsuen artean, James Lovelock eta Lynn Margulisen Gaiak irudikatutako hirugarren ibilbide bat dago: planeta konplexu bat, bere biosfera eta atmosferarekin, bere lur eta ozeanoekin, bizitzarako ingurune fisiko eta kimiko ezin hobea sortzen eta birsortzen duena. Azken hori da bide bakarra, Bizitzaren ugalketa emantzipatzailea bermatuko duten prozesu politiko, ekonomiko eta sozialak eragingo dituena.

2014an, Azken Deia (Darrera crida) manifestuak honakoa adierazi zuen: "Baliabide naturalak eta energetikoak agortzearen kontura eta Lurraren oreka ekologikoak apurtzearen kontura lortu da gure ekoizpen eta kontsumo maila". Zazpi urte geroago, pandemia batean murgilduta gaude, izaera sistemikoa duen krisi planetario baten ondorioz. Nola egin norabide aldaketa erradikal bat, bizitza bera suntzitzen ez duen bizitzarantz? Kapitalismo globala abolituko duten (beharrezko) iraultza politiko handien eta kapitalismo intimoa deseraikitzen duten (ezinbesteko) iraultza pertsonal txikien artean, nola aktibatu kolektiboki Demokrazia Ekonomikoaren eta Trantsizio Ekosozialaren bidea? Nola egin Bizitzaren aldeko Ekonomia bat?

Demokrazia ekonomikoa eta trantsizio ekosoziala

Proposamenak paradigma berri bat dakar: gizarte onura dakarren aniztasun ekonomikoa sustatzen du, berrorekatu egiten dena: publikoa, kooperatiboa, soziala, komunitarioa, ugaltzailea, tokikoa. Ez du irabazia lehenesten; izan ere, ekonomiak gizarte osoaren premiak asetu behar ditu lehentasunez, eta osasuna, errenta, zaintza, etxebizitza, elikadura, hezkuntza, kultura, energia-hornidurak eta gizarte-babesa modu unibertsalean eman behar ditu, bizitzaren duintasunerako ezinbestekoak diren ondasunak eta zerbitzuak bermatuz.

Horretan guztian, ekonomiaren plangintza estrategiko, demokratiko eta partaidetuaren alderdi bat ere badago: sektore publiko sendo baten alde, kolektiboki kudeatutua dagoena eta aberastasuna eta oinarrizko zerbitzuak birbanatzera bideratua; jarduera ekonomikoen birkokatzean, demokratizazioan eta trantsizio ekosozialean oinarritutako ekoizpen-eredu bat, eta zaintzak unibertsalki bermatuko eta demokratizatuko dituen ugalketa-eredu bat. Eta proposamen taktiko bat: El Pacte català per una Economia Per la Vida, eragile sozioekonomiko anitzen artean, eredu ekonomiko berriaren ildo nagusiak finkatuko dituena eta politika ekonomiko anitzak eta eraldatzaileak gainbegiratu eta ebaluatuko dituzten organo nazional eta munizipalak sortuko dituena.

Zein norabidetan? Birlokalizazio ekonomikoa: industria sektoreari dagokionean, gizartean eta ingurumenean eragin positiboa izatera bideratuta egon behar du, batez ere zenbait arlotan, hala nola energia berriztagarrietan, garraio publikoan, ehungintzan, kontsumo-ondasun iraunkorretan edo hondakinen kudeaketan. Azpiegiturak mankomunatu, okupazioak duindu eta plataforma-kapitalismoari aurre egingo dion merkataritza-, banaketa- eta logistika-sektorea. Ziklo motzetara eta elikadura-subiranotasunera bideratutako nekazaritza-sektorea. Tokiko-garapen endogenora bideratutako zerbitzuak. Birlokalizazio ekonomikoa eraikuntzaren sektorearentzat ere bai: etxebizitzak ekologikoki eraberritzeko tresna gisa funtzionatuko duena. Lurralde-antolamendu berri bat, etxebizitza eta klima larrialdien aurrean erresilientea dena. Kataluniako subiranotasun ekonomikoa handitu beharra dago, batez ere elikadura, energia, teknologia eta finantza arloetan.

Baita ekonomia-, ekoizpen- eta ugalketa-egituraren demokratizazioa ere. Lan-baldintzak hobetzea, batez ere funtsezko sektoreetan, hala nola soziosanitarioan, merkataritzan, banaketan edo nekazaritza-ekoizpenean. Oinarrizko zerbitzuen eta sektore estrategikoen nazionalizazioa eta udalgintza. Autonomoen eta ETEen arteko harremanak saretzea. Ekonomia sozial eta solidarioaren Legea onartzea. Jabegoa eta kudeaketa publikoak izango dituen eredu soziosanitarioak, hezkuntza eta zaintza ereduak bultzatzea. Irabazi-asmorik gabeko erakundeekin, ekimen komunitarioekin edo kooperatibekin zerbitzuak hitzartuko dituena. Etxeko eremuan: lan erreproduktiboaren demokratizazioa eta erantzunkidetasuna, bai eta etxeko langileen lan-eskubideak eta erregularizazioa ere.

Hirugarrenik: ekonomiaren trantsizio ekosoziala. Turismo-, automobil- edo higiezin-industriaren birmoldaketa planifikatu baterako, oinarrizkoak dira banka publikoa bezalako tresnak. Industriaren partaidetza publikoa, merkataritza-sozietateak kooperatiba bihurtzea, finantza etikoei laguntzea eta langileek trantsizioaren kostua ez kargatzeko neurriak hartzea ere halakoxeak dira. Yayo Herrerok dioenez, "Justizia sozialaren ikuspuntutik pentsatuta ez dagoen neurri ekologiko orok desberdintasun gehiago sortzeko arriskua du". Halaber, sektore publikoaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren artean batez ere, sektore estrategiko ekosozialak hedatu behar dira, Eva Vilasecak proposatutakoak kasu: trantsizio energetiko berriztagarria, autogenerazioan eta ekoizpen deszentralizatuan zentratua; mugikortasun eta logistika jasangarria; agroekologia eta elikadura-subiranotasuna; ekonomia zirkularra, ekoizpen- eta kontsumo-zikloak edo uraren kudeaketa itxiz. Baita ezagutzaren, kulturaren edo elkarlaneko komunikazioaren gizarte-ekonomia sustatzea ere.

Ekonomia Anitz Eraldatzaileak, Demokrazia Ekonomikoa eta Trantsizio Ekosoziala helburu dituenak, ekonomia berrantolatu nahi du, eredu sozial eta ekologikoki bidezkoetarantz. Estrategia konplexua da nahitaez, krisi global ekologiko eta sozioekonomiko bati aurre egin nahi baitio; berrasmatzeko gaitasun handia eta lobby handiekin konplizitate politikoak dituen kapitalismo hegemonikoari. Hori posible egiteko, aliantza zabalak, ikuspegi estrategikoa, muskulu sozioekonomikoa eta mobilizazio sozial sendoak beharko dira.