Demokraziaren zauria eta eskuin muturraren arrakasta
Jakob Augstein, Der Spiegel aldizkariko kazetaria
Artikulua Der Spiegel aldizkarian argitaratu da
Alternative für Deutschland (AfD) alderdia Alemania guztian zehar indartsu dago. Iraultza bat bizitzen ari gara. Eta beste iraultzek bezala, honek ere badu bere arrazoia: Kapitalismoa gaixorik dago. Norbaitek sendatu egin behar du. Hedabideak eta politika nekez ari dira honetaz konturatzen. Honetan duten ardura aitortu beharko lukete: Urtetan txalo egin izan dute neoliberalismoa gure gizartea pozoitzen ari zen bitartean.
Urtetan txalo egin izan dute neoliberalismoa gure gizartea pozoitzen ari zen bitartean
Donald Trump eta AfDko Frauke Petryren gisako pertsonak higuingarriak dira. Baina ez ote genizkieke eskerrak eman beharko, eurek erakusten baitigute gure sistemak duen gaixotasun larriaren sintomak zeintzu diren?
Bad Karlshafen ez da herri ezaguna. Baina berebiziko interesa du ikuspuntu politikotik: Han AfDk joan den igandeko udal hauteskundeetan %22,3 lortu du, SPD eta CDUk baino gehiago alegia. Honek agerian uzten du gure demokraziaren zauria zein larria den.
AEBetan 400 pertsona aberatsenek honez gero biztanleria osoaren %61ak adina ondasun pilatu dute. Kontrara, batezbesteko familia baten urteko diru-sarrera azken hogei urteetan ia 5.000 dolar murriztu da. Alemanian ongizate erakunde parekideak pobreziari buruzko bere azken txostenean dio alemanen %15,4 pobrezia mailaren azpitik bizi direla: 12 milioitik gora.
Erresumina eta sistemaren kritika
“Aberastasunaren banaketa justua, taxuzko zerga-politika ororen printzipio nagusia, sortutako barne produktua partitzerakoan erabat gutxiesten da”, idatzi zuen duela bi urte Hans-Ulrich Wehler historiagileak; honako galdera egin zuen ere: “Zer nolako krisia pairatu behar ote da herrialde hau benetan erreformak egiteko gauza izan dadin?"
Ezkerrak ez du lortu presio hau eragiterik.
Zer nolako krisia pairatu behar ote da herrialde hau benetan erreformak egiteko gauza izan dadin?
Agian orain eskuindarrek lortuko dute. Atzerritarrenganako gorrotoak ematen dio mugimendu honi indarra. Baina erresuminaren eskutik doa sistemaren kritika. AfDko Björn Höcke xaxatzaile nazionalista bat da. Baina arrazoia du esaten duenean “lotsagarria” dela bi milioitik gora haur Alemanian pobrezian jausteko mehatxupean egotea. SPDk ere hau salatzen du. Baina nork sinetsiko dio ezer alderdi honi, 1998tik aurrera hamahiru urtez gobernuan izan eta gero eta handiagoa zen desberdintasuna ikusita ezer egin ez duelarik?
Ezkerra ez da gauza izan eskuin muturra egiten ari den iraultza egiteko. Matteo Salvini europar parlamentuko ENF talde eskuindarreko kideak ezkerra historiako trastelekura bota du. Esaten duenez “langile-klasearen aitzindaria” ez da ezkerra, eskuindarrak baizik.
Eskuindarrek politika nahierara darabilte
Politiko eta hedabide “zentristek” txalotu zuten neoliberalismoa, hau mendebaldeko gizartea hondatzen ari zelarik. Orain nekez aitortzen dute egin zuten hankasartzea
Eta eskuindarrek irakasten diote ezkerrari mugimendu politiko batek arrakasta nola izan dezakeen. Asilo politikoa eskatu duen jendearen etxeak erretzen dituztenak kriminalak dira. Baina argi izan behar dugu arrakasta dutela. Errefuxiatuak beren egoitzetara eramaten dituztenean txistua botatzen dutenak piztia hutsak dira. Baina ez gaitezen engaina: Piztia hauen jarrera hedatzen ari da. Eskuindarrak hegemonia kulturala lortzeko ahaleginetan ari dira, kaleko bortizkeriatik hasi eta Frankfurter Allgemeine egunkariko editorialetaraino.
Ezkerrak finantza-krisiaren ondoren lortu ez zuena eskuindarrak ari dira iristen errefuxiatuen krisia dela eta: Batetik, kaleko protesta bortitza; bigarrenik, protesta politikoa, parlamentuak bereganatzen ari dena, eta hirugarrenik, protesta mediatikoa, komunikabideetan erasoa babesten duena. Faktore bakoitzak bere aldetik ezingo luke gure sistema politikoan eraginik izan.
Baina hirurak batera sistema goitik behera aldatzen ari dira.
Eskuindarrak politika nahieran darabilte. Xenofobiari amore ematearren asilo-legeak gero eta zorrotzagoak dira. Iraultza sozialeko presioari erantzutearren SPD bere erro sozialekin gogoratzen hasi da.
Benetako arazoa
Zinezko beharrizan politikoek erabaki politiko errealak eskatzen dituzte. Eskuineko iraultzak agerian jartzen du kapitalismo itsuak ekarri digun kaltea
Halako batean Sigmar Gabriel SPDko liderra hasi da “solidaritate proiektu” bat aldarrikatzen, eta gutxieneko errenta bat ezarri beharra ere aipatzen du. Bapatean inork ez du “estatu argala” ahotan hartzen. Kontrara, jendea konturatzen hasi da estatua eraistea kalte handia izan dela, eta hau zuzendu beharra dagoela.
Politiko eta hedabide “zentristek” txalotu zuten neoliberalismoa, hau mendebaldeko gizartea hondatzen ari zelarik. Orain nekez aitortzen dute egin zuten hankasartzea. Horren ordez beren burua salbatu nahi dute zentzuz jokatzera dei eginez: "Hedabideetan oihartzun handia duen zarata alde batera utz dezakegu, haserrea gainditu eta behar bezala hausnartu”, idatzi zuen Nils Minkmar kazetariak: “Aireztatu beharra dago, giroa hoztu eta leihoak irekita munduari so egitera ausartu".
Baina mugimendu politiko berriak ez dira kontzentrazio gabeziaren ondorioz sortzen. Eta zentzuz jokatzea ez da haiek borrokatzeko modua. Zinezko beharrizan politikoek erabaki politiko errealak eskatzen dituzte. Eskuineko iraultzak agerian jartzen du kapitalismo itsuak ekarri digun kaltea.
Hobe litzateke betiko alderdiek hautesleen ohartarazpena behingoz aintzat hartuko balute, eta Alemaniaren benetako arazoa konpondu: Injustizia.
Honek guztiak errefuxiatuekin ez dauka zerikusirik.