Desegin ala eraiki? (Euskal)Herria

2023/06/23
bizkaiko-ehungintza.webp
Atzo, 2023ko ekainaren 21arekin, udaberriari agur eta udari kaixo esatearekin batera plazaratu ziren bi albiste kontrajarrik eragin didate hausnarketa hau. Alde batetik, Urkullu EAEko lehendakariak, enegarren saiakera egin zuen Espainiako Gobernuak Europaren aurrean presioa egin dezan Atlantiar ardatzeko europar makroeskualdea sor dezan, Kantabria, Asturias, Burgos, Galiza, Portugal iparraldea eta Aquitaniako eskualdeekin aliantzan.

Xabier Irastorza, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau bere blogean argitaratu du)

Bestetik, Bizkaiako ehungintzako langileek, ia denak emakumeak, lan eta bizi baldintzak nabarmen hobetu eta ehungintza transnazionalek eta Espainian ordezkaritza sindikalaren gehiengoa duten CCOO eta UGTren aurrean babesten dituen hitzarmena sinatu zuten. Sei hilabete lehenago, gauza bera egin zuten Gipuzkoako ehungintzako langileek.

Esango nuke, gertaera hauen atzean herria eta herrigintza ulertzeko eta eraikitzeko bi eredu kontrajarri ezkutatzen direla.

Urkulluk, Euskal Herria urtzen duen makroeskualdea bultzatu nahi du. Ez naiz ni nazioarteko elkarlana eta aliantzak sustatzearen aurkakoa, baina, zertarako nahi du EAEko lehendakariak makroeskualde hori? Akaso euskara edota hizkuntza minorizatuak babestu eta bultzatzeko? Kostalde osoan arazo larrian den turistifikazioa mugatu eta herritar guztientzat alokairu sozialeko etxebizitza bultzatu eta bermatzeko, agian? Nekazaritza eta elikaduran, agroindustria eta banaketa kate transnazionalekiko dugun menpekotasunetik askatzeko, bertako nekazaritza agroekologikoa bultzatzeko? Edo gure herrialdeetako energia kontsumoa mugatu eta berriztagarrietan oinarrituriko energia komunitate txiki eta deszentralizatuen sorrera bultzatzeko? Gerra, estraktibismoa edo lurren okupazio eta esplotazioaren ondorioz beraien jaioterriak utzi eta bizimodu hobe baten bila datozen migranteentzat korridore seguru bat sortu eta, nahi badute, gure herrialdean bizi aukerak eskaintzeko, behar bada? Edo herrialde hauetan guztietan zerga politika sozial eta aurrerakoiak bultzatzeko? Ongi bizi ahal izateko gutxieneko diru sarrera onak bermatzeko, akaso?

Ez dirudi horrelako ezer darabilkienik buruan EAEko lehendakariak. Denetik hitz egiten duten txosten potoloak argitaratu dituen arren, ezarri dituen lehentasunak eta azaldu dituen arrazoi nagusien artean, AHT azpiegitura eta lotura bermatzea, hidrogenoaren korridorea sortzea eta itsasoko olatuak edo haize indarra «energia berde» bihurtuko duten enpresa klusterren eratzea daude. Gure herriak turismorako erakargarri izateaz eta lurralde ezberdinetako unibertsitate eta hezkuntza sistemek egungo (enpresen) beharrei aurre egiteko elkarlanaren beharraz ere aritu da.

Nori egingo diote mesede azpiegitura eta proiektu horiek guztiek, nori begira daude pentsatuak? Nor ari da eraikitzen AHTa eta nork erabiliko du? Nor dago hidrogeno «berdeari» ematen ari zaion bultzadaren atzean? Nork aterako dio etekina gure mendiak eta itsasoak parke eoliko edo itsas parke bihurtzeari? Nork aterako dio etekin nagusia turistifikazioari? Zein ondorio izango ditu gure herriko haur eta gazteen hezkuntzan gure hezkuntza sistema enpresen beharretara begira jartzeak?

Proposamen hauek, Euskal Herria urtzeaz gain, herritarren oinarrizko beharrak alde batera uzten dituzten heinean edo egungo krisi anitzen ondorioz gehien sufritzen ari direnenentzat proposamen interesgarririk ez dagoen heinean, herritarrak Euskal Herria egituratzen duten edo ezaugarritu beharko luketen instituzio, erakunde, imaginario edo aldarrikapenetatik aldentzen dituzte.

Ehungintzako emakume langileak egiten ari direnak, aldiz, kontrakoa sortzen duela esango nuke. Abertzale ez diren edota euskal herritartasun sentimendu eta nahi berezirik ez duten herritarrak Euskal Herrian lan eta bizi nahi izatera daramatzate, Espainiako hitzarmenik nahi ez izatera, erakunde abertzale eta independentistetan afiliatu eta aktibista izatera edo alderdi politikoei, bai euskal abertzaleei baita espainiar abertzaleei ere, lan-harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua defenda dezaten eskatzera.

Izan ere, euskal herritar izan eta Euskal Herrian lan egiteak eta konfrontazioko sindikatu abertzale bateko afiliatu edo ekintzaile izateak, urtean 7.000€ gehiago kobratzea dakar eta zure soldata KPIaren baitan eguneratzea, 50 ordu gutxiago lan egitea eta urtero ordu gutxiago lan egitea, online ere lan egiten baduzu 1.100€ gehiago kobratzea, jaiegunetan lanik ez egitea, lanaldi partzial gutxiago izatea edota zure lan-baldintzak eta eskubideak errespetatzea. Eta azken akordio hauetan garrantzia berezia duena: Zara, H&M, Mango edo Primark moduko transnazionalek Espainian sortu berri duten ARTE enpresari elkarteak eta Espainiako CCOO eta UGTek ehungintzako langileen lan baldintzak nabarmen okertzeko negoziatzen ari diren akordioak Euskal Herrian eraginik ez izatea.

Antzekoa egiten dute Espainiako lan-erreformari aurre egiteko beraien hitzarmenetan neurri zehatzak jasotzen dituzten guztiek, zahar egoitzetako emakumeek, garbikuntzakoek, jangeletako eta ostalaritzako langileek, metaleko hitzarmena berritu berri dutenek, Lasarteko Michelineko langileek, kimika arloan estatuko hitzarmen uztaipetik irteteko borrokan ari direnek, Nafarroako Erriberan edo Bizkaiko Ezkerraldean kontrabotereko sindikalismo abertzalea gorpuzten dutenek, Euskal Herrian gure behar eta nahietara egokitzen diren zerbitzu publiko, langile publiko eta lan-baldintzen alde dihardutenek, Euskal Herrian greba feminista deitu eta azaroaren 30ean kalera aterako diren milaka emakume eta langilek.

Euskal Herrian lan egin eta bizi izateak, konfrontazioko sindikatu abertzaleetako kide izateak, lan eta bizi izateko gure esparru propioaren alde borroka egiteak, bizi baldintza hobeak izateko aukera ematen du. Esparru honetan abertzale eta independentista izateak hobe bizitzeko baldintzak sortzen dizkie herritarrei.

Ez dut uste gauza bera eragiten dutenik, ezta sentimendu bera sortzen ere Urkulluren proposamenek. Ez behintzat langile klasean. Urkulluren proposamenekin, ziurrenik, Euskal Herriko, Espainiako eta mundu zabaleko enpresari eta transnazionalen «aberria» elikatzen eta eraikitzen dute. Ehungintzako emakume langileek desiragarria den herria irudikatzen eta egikaritzan dute, herritar xume guztientzat lekua egiten saiatzen den jendartea. Nik badakit non eta norekin bizi nahiko nukeen.