Egin barre, esplotatuta baitzaude

2019/07/16
RiaseEstaSiendoExplotada.jpg
“Leher eginda zaude? Zure lanak depresioa eragiten dizu? Suizidiorako fantasiak dituzu? Guk daukagu irtenbidea: Egin barre!”. Hau zen, funtsean, Frantziako Tolosako Unibertsitate-Ospitaleko Giza-Baliabideen Zuzendaritzak bertako langileei helarazi zien mezua. Irtenbidea iritsi zen egoera benetan dramatikoa bilakatzen ari zenean...

Julien BrygoJulien Brygo (artikulu hau 2019 uztaileko Le Monde diplomatiquen argitaratu da)

Antzeko zerbait gertatu zen duela gutxi France Télécomen edo ari da gertatzen Frantziako Burdinbideen Sozietate Nazionalean (SNCF, frantses sigletan): Tolosako ospitalean langileen suizidioak gehitzen ari dira. Aholkulari batek 2016an egin zuen txostena argia da: urte bereko aste gutxitan beren buruaz beste egitea erabaki zuten lau pertsonek (hauetako batek erietxe bertan zela) beren lan baldintzen ondorioz egin zuten. Hurrengo urtean, prentsak argitara atera zituen 26.000 barne-dokumentuetako batean, Ginekologiako erizain batek bere eguneroko lana honela deskribatu zuen: “Pazienteen bizitza arriskuan jartzen da, oinazearen arreta negargarria da, pazienteen irudia kaltetzen da (hainbat minutuz egon daitezke botaka egin ondoren garbitu gabe) (…), arreta psikologiko txarra ematen da (duela gutxi kantzer diagnostiko baten berri eman zitzaion paziente bati eta hitz egiteko astirik ez zen izan). (…) Lantaldea leher eginda dago fisikoki (13:30ak eta 23:00ak bitartean ez daukagu bost minutuko atsedenaldirik ere) eta moralki (gaizki egindako lanaren irudipena, pazienteen bizitza arriskuan jartzearen sentsazioa)”.

Gure irudipena da zuzendaritzak zenbaki huts gisa hartzen gaituela eta bere helburu bakarra gastua eta langile kopurua murriztea dela. Ospitalak berehala gutxienik 600 langile kontratatu behar ditu

Ordutik hona gauzak ez dira asko aldatu. 2019ko otsailean paziente bat bihotzekoaz hil zen larrialdietako atean. Gau hartan guardian zegoen erizaina goizeko hamarretatik ari zen lanean eta bere ardurapean zeuden 15 gaixo edo gehiago. Ez zuen lehen arreta emateko astirik ere izan. 2019ko maiatzaren hasieran Digestio arloko Zaintza Intentsiboko Unitatean -zeina berregituratze prozesuan dagoen- arazo informatiko batek paziente baten heriotza eragin zuen.

2015etik hona sindikatuek zuzendaritzari hirurogei bat greba aurreabisu igorri dizkiote. Gutxienez hamalau greba antolatu dira (aurten honez gero bost izan dira), eta horri erantsi behar zaizkio izan diren hogei mobilizazio kolektiboak, dozena bat ekintza eta langileen koreografia satirikoak erakusten dituzten bideoak, sare sozialetan sei milioi ikustaldi izan dituztenak. “Pediatria ospitalean 2019ko lehen lau hilabeteetan gaixotasunagatik bajak %20 gehitu dira iazko epealdi beraren aldean –azaldu digu Sandra C.k, hogei urte, horietatik 17 Tolosako Pediatria ospitalean, osasun publikoan lanean daramatzan langileak –. Gure irudipena da zuzendaritzak zenbaki huts gisa hartzen gaituela eta bere helburu bakarra gastua eta langile kopurua murriztea dela. Ospitalak berehala gutxienik 600 langile kontratatu behar ditu”.

Burdinbide konpainiaren Lilleko zuzendaritzak, berregituratze betean zela, Great Place to Work (“lantoki bikaina”) aholkularitzarengana jo eta honek zer gomendatu ote zion? Estresak jota dauden enplegatuei gozokiak banatzea, “ezusteko askariak” edota makillaje tailerrak antolatzea...

Kontratatu? Ezinezkoa da!”, erantzuten du erietxeko zuzendaritzak; bere iparra lean management delakoa da, “gantzik gabeko kudeaketa”; doktrina hau Toyota talde japoniarreko ingeniariek Bigarren Mundu Gerra ostean garatu zuten errendimendua optimizatzeko, eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) laborategi neoliberalean areago garatu zen. Bere xedea, pertsona gutxiagok gehiago produzitzea, horretarako langileak muturreraino eraman behar badira ere.

Lan baldintza negargarriak, langileen egoera hobetzea eragozten duen errentagarritasun inposatua, lan jarduera jasan baino suizidioa nahiago duten enplegatuak? Gauzak ikusita, zerbait egin beharra zegoen. Baita egin ere. Giza-Baliabideen sailak erabaki bat hartu du, barreterapia saioak ematea, “gorputza, izpiritua eta emozioak harmonian egoteko ikuspuntu orokorra”; halaxe deskribatzen da Tolosako Unibertsitate-Ospitaleko Pediatria sailaren 2018ko Jarduera Planak.

Barrearen yoga, kontzientzia-meditazio betea, erlaxatzeko eta harnasteko teknikak, sofrologia ludikoa... Barreterapiarekin “sentipen positiboak eta bizipoza” landu nahi dira. Barrearen Nazioarteko Eskolaren webguneko orrialde nagusian (“Zoriona, poza, sormena”), internautak garaipenaren keinua egiten ari diren enplegatu gazte batzuren argazkia ikus dezake. Irudiak pentsaraz dezake pozik daudela “barreterapeuta” titulua lortu dutelako, zazpi eguneko ikastaro baten ondoren; edukia, psikologia positiboa, barrearen yoga eta “emozioak askatzeko” beste teknika batzuk; prezioa, 1.400 euro. Merkatuan lidergoa duen Barrearen Eskolako zigilua duen terapeuta batek eguneko 1.000 eta 3.000 euro bitartean irabazten du. Areago, chief happiness officer izatera ere irits daiteke, hots, CAC 40-ko enpresetan hain gustoko dituzten zorion zerbitzuaren arduradun.

Egundoko txutea da, debaldekoa gainera. Enpresa askok jo du guregana, izan ere, barreak bere onera ekartzen baitu estresak eragindako kaltea. Langilea hobeto sentitzen hasiko da, eta gainera enpresaren produktibitatea hobetuko da

Lanak eragindako sufrimendua merkatu bilakatu da, eta garapen pertsonalari dagokionez sektore publikoa landu gabeko arloa izan da orain arte. Hala izan zen suizidio olde bati aurre egin behar izan zion Polizia Nazionalaren kasuan (2019an 28 izan dira); bere zuzendari nagusiak maiatzaren bukaeran zirkular bat igorri zuen, arduradunei eskatuz “bizikidetza eta elkartruke uneak” antola zitzatela, esaterako barbakoa otorduak, kirol jarduerak edo familiekiko txangoak. Egoera berean daude SNCFko langileak ere; 2019 hasieratik hona enpresa horretako langile batek astero egin du bere buruaz beste. Burdinbide konpainiaren Lilleko zuzendaritzak, berregituratze betean zela, Great Place to Work (“lantoki bikaina”) aholkularitzarengana jo eta honek zer gomendatu ote zion? Estresak jota dauden enplegatuei gozokiak banatzea, “ezusteko askariak” edota makillaje tailerrak antolatzea...

Hasieran barrearen yogarako prestakuntza txantxa gisa hartu nuen –dio Corinne Cosseron Barrearen Nazioarteko Eskolako zuzendariak, zeinak barreterapiaren kontzeptua sartu baitzuen Frantzian–. Teknika hau sendagile indiar batek asmatu zuen, konturatu baitzen pozik zeuden pazienteak lehenago sendatzen zirela atsekabetuak baino. Barreari esker oinazea kentzeko lagungarri diren euforia-hormonak askatzen dira”. Izatez psikoanalisia ikasi zuen Cosseronek aipatzen ditu endorfinak (“morfinaren moduko analgesiko naturala”), serotonina (“zorionaren molekula”), dopamina (motibazioa ematen duena), baita oxitozina ere (“maitasunaren hormona”). “Egundoko txutea da, debaldekoa gainera. Enpresa askok jo du guregana (SNCF, Total, Suez, Royal Canin, Danone…), izan ere, barreak bere onera ekartzen baitu estresak eragindako kaltea. Langilea hobeto sentitzen hasiko da (ez du bere buruaz beste egingo, ez da lehiakideengana joango), eta gainera enpresaren produktibitatea hobetuko da. Hots, denentzako irabazia”.

2017an asmo berritzailez Tolosako Unibertsitate Eskola hasi zen “askapen emozionaleko” eta “dejarse llevar” saioak ematen Zaintza Paliatiboko Unitatean. 2018-2019 lan urtean arrisku psikosozialak ekiditeko eta laneko bizi-kalitatea hobetzeko proposatzen ziren jardueren artean, Giza-Baliabideen Zuzendaritzak eskaintza presiopean dauden beste sail batzutara ere hedatu du, esaterako Pediatria-Ospitalera, non joan den martxoan bi greba hasi ziren oheak murrizteko eta langileen jarduera intentsifikatzeko planaren aurka.

Dejarse llevar” proposamen hau erakutsi genion Florent Fabreri; 31 urteko erizain honek Psikiatriako Larrialdetako Zerbitzuan dihardu. Bere lehen erreakzioa barre-algara luze bat da, zeinak ziurrenik beta-endorfina dosi ikusgarria sortuko zuen; gero, tonu guztiz baretuan hau da bere erantzuna: “Irrigarria eta lotsagarria da”. Laguntzaile honek parte hartu zuen 2019ko udaberrian bi hilabetez luzatu zen greban, eta honi esker bi erizain postu gehiago lortu zituzten bere zerbitzurako; bere ustez, “Unibertsitate-Ospitaleko zuzendaritzaren eta eskualdeko Osasun Agentziako kudeatzaileek agertzen duten gutxiespen soziala itxuragabea da. Benetako langile gabezia dagoela ulertarazten saiatzen garen aldioro elkarrizketa eten egiten da. Erietxeko langileen osasuna da haien azken kezka”. Ospitaleko zuzendaritzarengana jo genuen baina honek ez zuen langile gehiago hartzeko eskaria erantzun nahi izan; horiek “CGTren teoriak dira”. “Goitik behera bat gatoz barreterapiako ikastaroak eskaintzen dituen agiriarekin”, zehazten du komunikazio arduradunak, telefonoa eskegi aurretik. Hau ez da hain barregarria…

Baina zuek saiatu al zarete barreterapiarekin? –esaten du gogaituta Maguy Mettais botikariak, arrisku psikosozialen prebentzio arduradunak–. Interesgarria izan liteke, ez? Mundiala da, ikusiko duzue”. Kazetaritza totalaren zale sutsuak izanik, proposamena onartu genuen. “Luza itzazue eskuak eta bota arnasa, 'xah!' esanez. Batera egingo al dugu? Ea ba! Gero, eskuak gerrian jarri eta 'xuh!' esango dugu. Azkenik, eskuak altxa eta arnasa botaz 'xiii!'‘ oihukatuko dugu”. Esaneko garenez, aginduak betetzen ditugu, zer gerta ere. “Finean dibertigarria da, ematen baitu 'xah-xuh-xi' ari garela esaten, 'salsifi' esango bagenu bezala [ozen egiten du barre]. Zer dakit ba, hau erakutsi nahi nizuen. Interesgarria gerta daiteke artikulua idazten hasi baino lehenago”.