Egoeraren Azterketa 141: Aurreikusitakoa baino hazkunde txikiagoa, eta ziurgabetasunez betetako udazkena

2021/10/28
EgoerarenAzterketa141portada.jpg
Udazken honetan zenbait arazo aurkezten zaizkigu eremu sozialean zein ekonomikoan. Lehenari dagokionez, datozen asteetan erabakiko diren hainbat kontuk langile-klaseari zuzenean eragingo diete, esaterako pentsioen erreformak, eragin soziala duten auziak -argindarraren prezioa eta alokairuak-edota lan erreformaren negoziazioak. Eremu ekonomikoan, berriz, ziurgabetasuna da nagusi. Txosten hau hiru ataletan banatu dugu. Lehenengoan, datorkigun agertoki berriaren zertzelada batzuk aztertuko ditugu eta adierazle ekonomikoak errepasatuko dira. Bigarrenean enpleguaren datuei erreparatuko diegu. Azkenik, hileko gai bezala, pentsioen erreformaren inguruko hainbat kontu errepasatuko dira.

Irakurri Egoeraren Azterketa 141 osoa

Agintari batzuek tematu arren ingurunea kolore ederrez pintatzen, zenbait aldagai kontutan izanez gero ez dirudi etorkizuna hain oparoa izango denik. Hain zuzen, tentuz analizatu behar da egungo testuinguru ekonomikoa; horretarako munduko testuinguru ekonomikoa aztertuko dugu gainetik, eta ondoren gurera etorriko gara, izan ere, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa ulertzeko ezinbestekoa baita nazioarteko agertokiari begiratzea.

Herrialderik aberatsenak pandemia osteko egoeran daude, baina egoera honek ez du zerikusi handirik Covid-19a agertu aurrekoarekin; izan ere, pandemiak sistema ekonomiko-sozial guztiaren eraldaketa azkartu baitu. Ondoren errealitate berri honen ezaugarri batzuk aipatuko ditugu:

a) Kapitalismoa fase berri batean sartu da eta 4.0 iraultza industriala da honetako protagonista. Aldi berri honekin erantzuna eman nahi diote aspaldiko urteetan enpresen etekin tasak eta produktibitateak izan duten gainbeherari. Kapitalak ekoizpen sistemaren aldaketa behar zuen mozkinak gehitu eta, horren bidez, metaketa areagotzeko. Horrela sortu dira digitalizazioa, automatizazioa eta robotizazioa, hots, giza-kapitalaren ordezkoak direnak. Eta honela ari dira teknologiak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ekoizpen katean. Honek guztiak, noski, zuzeneko eragina du enpleguan.

b) A intzat hartu beharreko beste kontu bat da globalizazioaren krisia. Pandemiak agerian utzi ditu sistema kapitalistaren ahulezia ugari, ekoizpen sisteman zein bizitzaren beste eremu batzuetan. Urtetan aplikatu izan ziren politikak medio ekoizpena deslokalizatu zuten eta Mendebaldean industria estrategikoak galdu ziren. Honek etekinaren aldetik estrategia egokia zirudien, baina luzera kalterako izan da. Izan ere, politika horien ondorioa gaur hasi baita antzematen: milaka kilometrora kokatutako hornitzaileekiko menpekotasuna erabatekoa da. Horren adibide, pandemia hasieran material sanitarioa lortzeko pairatu ziren gabeziak, edota berriki bizitako horniduren krisia.

c) Hirugarren auzia da, 2008ko krisian ez bezala, erakundeek nolabaiteko neokeynesianismoz erantzun dutela: gastu publikoa handituz eta austeritate-arauak aldi baterako bertan behera utziz. Halere, rol berri honek ez du inola ere auziaren mamia aldatu, inbertsio publiko handiagoarekin ez baitira berez langile-klasearen baldintza materialak hobetzen. Hots, estatuak “zerbait” eginagatik ere, horrek ez du esan nahi Ongizate Estatura itzultzen denik. Benetan analizatu beharrekoa da inbertsio hori nori zuzenduta dagoen eta noren onerako den; honez gero argi dago korporazio handiek izango dutela onurarik handiena. Beraz, politika berri honen helburua, lehenago bezalaxe, indarrean den sistemaren iraupena bermatzea da.

d) Lehendik iragarrita zegoen energiaren eta materialen krisiaren ondorioak ikusten ari gara. Sistemaren iraupenerako funtsezko baliabide naturalen mugak agerian geratu dira (petrolioa, ikatza, uranioa, gas naturala, etab.). NBEko klima aldaketari buruzko adituen Panelak (IPCC) esan du klimaren kolapsoa saihesteko modu bakarra dela betiereko hazkundea oinarritzat duen edozein eredutik aldentzea. Horrenbestez, mikrotxipen eskasia soilik kasu bat da; eredu ekonomiko eta soziala errotik aldatzeko neurri gogorrak berehala hartu ezean halakoak gertatuko dira ezinbestean.

e) Aipatu den guztia merkataritza-gerra eta lehia geopolitiko batekin batera ari da gertatzen; bi potentziak munduko merkatuan hegemonia lortu nahi dute, eta Europa hor ez da lehiatzen ari. Txina krisitik indartuta atera da, eta AEBk munduko ekonomian nagusi izaten jarraitzen dute. Haatik, ez litzateke harritzekoa izango urte gutxiren buruan herrialde asiarrak mundu mailako hegemonia eskuratzea, planeta guztian zehar hedatzen ari baita. Hegemonia hori lortzeko teknologian lidergoa behar du, eta honetan AEBk oraingoz abantaila dute. Langile-klaseak aurre egin beharreko errealitate berri hau aipatutako faktoreek taxutzen dute.

Deskargatu Egoeraren Azterketa 141