ELAren proposamenak enplegu duin eta kalitatezkoaren alde

2013/05/21
Buletina20.JPG
Apirilean, Hego Euskal Herrian Enplegu Zerbitzu Publikoetako zerrendetan 233.033 pertsona zegoen inskribatuta, iaz baino 20.232 gehiago. Langabe kopurua urtebetean %9,5 hazi da HEHan; aldiz, %2 EB-27an. Halaber, langabezia tasa HEHn %17,7ra igo da, hots, Europako tasa baino 6,8 puntu handiagoa da. Gainera, sinatzen diren kontratuen %93 aldi baterakoak dira oraindik. Larritzeko modukoak ez dira soilik langabeziaren kopuruak; baita bera jasaten duten pertsonen egoera ere. Hain zuzen, langabeen %46,6ak ez du langabeziako inongo prestaziorik jasotzen, eta %32,9ak baino ez du kontributiboa jasotzen.

ELAko Azterketa Bulegoaren 20. buletinetik hartua

Errealitate honen aurrean ELAn enplegu duin eta kalitatezkoaren aldekoa porposamenak baditugu:

1. Aurrekontu- eta zerga-politikei dagokienez erabateko aldaketa egin behar da.

2. Arlo publikoa garatu behar da, batik bat Ongizate Estatuarekin zerikusia duten zerbitzuak. Hego Euskal Herrian gastu publikoa gizarte-babesari dagokionez (BPGaren %24,5) batez besteko tasa europarra (% 29,4) baino askoz txikiagoa da, eta honek gizarte-babesaren eta enpleguaren maila jaitsi arazten du. Enplegu publiko maila gehitu behar da hainbat arlotan: osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, garraioa, etab. Gizarte-babesa hobetzeak kalitatezko enplegu gehiago izateko aukera ematen du.

3. Lanaldi murrizketa, soldata jaitsierarik gabe. Langabeziaren gorakadaren ondorioz produktibitatea asko hazi da, eta honen fruitua enpresen etekinetan metatzen da. Hots, aberastasunaren banaketan lan- errenten zatia gero eta txikiagoa da, enpresarioen eta kapitalaren errenten mesedetan. Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata murrizketarik gabe, enplegua sortzeko politika bat da, eta erabat egingarria da aberastasunaren banaketa justuagoa izatea onartuz gero.

4. KPIz gaindiko soldata igoerak eta gizarte- babeseko maila duinak.

5. Gutxieneko soldata duina eta gehienezko errenta ezartzea. Gutxieneko soldata lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko tresna izan beharko litzateke. Haatik, espainiar estatuan finkatutako zenbatekoa (hileko 645,3 euro, edota 748,3, aparteko pagen zati proportzionala aintzat hartuz gero) oso eskasa da, inondik ere. Gainera, Frantzia, Herbehereak, Irlanda edo Belgikako 1.400 euroak baino askoz apalagoa da, eta zer esanik ez, Luxemburgoko 1.800 euroak baino. Beharrezkoa litzateke ere gehienezko diru-sarrera baimendu bat finkatzea, aberastasuna esku gutxitan pila ez dadin. Auzi honek justiziarekin, demokraziarekin eta Lurrari izan beharreko errespetuarekin du zerikusia (mugak ezarri behar zaizkio planeta mugatu honek jasaten duen harrapaketari).

6. Finantza-erakundeen jarduna erabat aldatzea. Aurrezki-Kutxen bankarizazioan atzera egin behar da (Kutxabank, CAN). Halaber, finantza-sistemaren jardunbideari beste norabide bat eman behar zaio, familientzako eta enpresentzako kreditua eman dezan, espekulazioa alde batera utzita eta zerga-ebasioarekin zerikusia duten aktibitateak debekatuz (paradisu fiskalak). Euskal enpresa askoren arazoa kreditu gabezia da; hau mehatxua bihurtu da baita enpresa sendoentzat ere, etorkizuna duten produktuak izan arren. Egungo finantza- sistemak ez ditu dauden beharrizanak asetzen, baztertu beharrekoak diren jarduera espekulatiboen ondorioz.

7. Industri-politika. Finantziazioa bermatu behar da (inbertsioetarako, I+G+Brako edota zirkulanterako), proiektua eta etorkizuneko produktua duten enpresentzat. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Nafar gobernuak sektore estrategikoak definitu beharko lituzkete, eta horrekin batera, hauek bultzatzeko plan konkretuak. Produktu osagarriak eskaintzen dituzten enpresen artean sinergiak bultzatzeko proiektu eta planak ezinbestekoak dira.

8. Enplegu berdea sustatzea.

9. Azken urteetan erabaki diren pentsio erreformak indargabetzea.

10. Enplegu-Zerbitzu Publiko sendoa eta kalitatezko formazio eredu bat garatzea, HEHko beharrizan errealak asetzeko.