Emakume aurpegidun prekaritatea: Prekarioetan prekarioenak ahotsa goratzen

2020/02/27
Arg. ARGIA
Arg. ARGIA
Dokumentuak sailean argitaratu dugun azken ale honetan ARGIAren Larrun hilabetekariearen 244. alea jaso dugu. Bertan 2019ko martxoaren 27an, ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan, ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioak elkarlanean antolatutako “Zaintzako langileen borrokak” mahai-ingurua duzu, paperean jasoa. Kolektiboa behar lukeen baina oro har pribilegio gutxien dituzten jendarteko sektoreek —emakume prekario, edo prekario eta migratuek — sostengatzen duten horretaz mintzatzea xede, zaintza lanen gaia mahaigaineratu zen martxoko arrats hartan Bilboko Kafe Antzokian.

Emakume aurpegidun prekarietateaMahaikide gisa gonbidatuak izan ziren bete-betean zaintza lanetan diharduten emakumeak (etxeko langile bat eta zaharren egoitzetako gerokultore bat), edo zeharka bada ere zaintza lanek zeharkatzen dituzten sektoreetan lan egiten dutenak (hoteletako garbitzaile bat eta baserritar bat). Bakoitzaren sektoreko berezitasunak berezitasun, laurak prekario emakume, langile, eta kasuetako bitan, migratzaile izateagatik; laurak beren eskubideen alde ez ezik, jendartearen eraldaketagatik borrokan kalera atera diren emakumeak; kristalezko sabaiak apurtzeaz harago, lan merkatuko zoru likitsei sakoneko errepasoa ematea ere badagokigula ohartarazten dihardutenak.

Bizitza erdigunean jarri eta zaintza lanen ardura kolektibizatzeko beharra nabarmentzeko aferari berebiziko garrantzia eman zitzaion azken martxoaren 8ko greba feministan, eta orduko hartan Euskal Herriko Mugimendu Feministak esandakoa gogora ekartzea ez dago sobera: eraldaketa feminista eman dadin gatazka beharrezkoa dela, “bereziki gatazka politikotik at geratu diren eremuetan”. Zaintza dugu eremuotako bat, eta orriotan laburbildutako mahai-ingurua berori politizatzera bidean urrats bat gehiago da, eta ez edonolakoa. Lau hizlarien diskurtsoetatik jaso eta orriotan bildutako mamia horren adierazle.

Mahai-ingurua nola, irakurketa ere bi zatitan banatu da: lehen zatian Soraya García Pablo, Silvia Rugamas Rivas eta Arantza Arrien Goitiandia mahaikideekin izandako solasaldia aurkituko du irakurleak; bigarren zatiak, aldiz, laugarren mahaikide Elena Vasconez Cevallosekin izandako elkarrizketa jasotzen du. Batean zein bestean, etxe honetako kazetari Onintza Irureta Azkune moderatzaile lanetan.

Irakurri argitalpen osoa