Emakumeak maite ez dituzten gizonak
Jone Bengoetxea, Berdintasunaren arloa, 215. Landeia
Millennium trilogia suediarraren izena hartu dugu gizonei oro har zuzentzeko: lagun, anaia, aita, maitale, bikote eta abarrei. Saga haren benetako izena Emakumeak gorroto dituzten gizonak da. Ia-ia gerra adierazpena dela dirudi, baina zer gertatzen ari da, espainiar estatuan emakumeak ia egunero hil eta zortzi minuturo bortxatzen dituztelarik? Ezer handirik ez; salbuespen bakarra, autodefentsa feministaren baitan ematen diren banako edo taldeko erantzunak.
Teorian intentsitate apala duen gerra honetan gizonengan kokatu behar da fokua; jendartearen erdia izanik, osotasunaren interesa eta imajinario orokorra ordezkatzen dute. Beraz, nola irudikatzen dira, edota asimilatu, emakumeak interes orokor horretan? Zer balio du emakumeen bizitzak eta gorputzak? Gauza handirik ez, ikuspuntu politikotik diskurtso ofizialak kontrakoa esaten badu ere.
Uda honetan eraso sexistak gertatzen ari dira, behin eta berriz. Hau ez da nobedadea, baina egiten den salaketa eta kalean ematen ari den erantzun kolektiboa aipagarria da; hau mugimendu feministak egindako lanaren fruitu da.
Halere, udako jaiak sarri emakumeentzat arriskutsuak diren arren, show-ak ezin du etenik izan. “Bakea behar dugu” –esango lukete batzuk–, beraz, eutsi egin behar zaio bake sozial honi, zeinak ezkutatu egiten duen patriarkatua eta bere adierazpen anitzak direla emakume eta gizonen arteko diskriminazio eta desberdintasun estrukturalaren jatorria eta arrazoia.
Zulo beltz honetan miatu nahi ez izatea, injustizia historiko eta sistemiko honen jatorria aipatzeari berari uko egitea existituko ez balitz bezala, taktika maltzur bat da batzuk post-matxismo izendatu duten horren aldetik: nabarmentzen dena ondorioa da, ez arazoaren erroa; aldaketa itxura eman nahi zaio jarraipen hutsa den horri. Hau berehala ikusten da klase-dominazio sistemaz mintzatzean, baina nagusitasuna patriarkala denean berdin jartzen al dugu arreta?
Sarritan, emakumeak menpeko bihurtzen dituen sistema bat dagoela aitortu ordez, ekidistantziaren kokapen arriskutsua hautatzen da, eta emakume eta gizonen arteko errealitate bakanak alderatzen dira, gure egitura sozialaren funts matxista alde batera utzita. Sakoneko auziari heltzea ez da erraza, eta are gutxiago zerbait egitea, baina zerbait egin beharra dago, berehala gainera.
Ezagun batek lehengo batean esan zidan bortxatzaileei edo emakumeei eraso egiten dietenei barrabilak ebakiko lizkiekeela. Beste batzuk berehala agertzen dira prest emakumeok laguntzeko, erasotzen bagaituzte, besterik gabe emakumeak garelako. Mila esker, baina emakume batzuk gizonen aldetik paternalismo gutxiago eta hausnarketa eta ekintza gehiago nahiago genituzke.
Emakumeak gorroto dituzten gizonak patriarkatuaren kumeak dira; ez daramate kartelik zintzilik, ez dute beren matxismo feminizida agerian jartzen. Izan ere, betiko edozein mutil kuadrilatan eguneroko mikromatxismoak normaltasunez hartzen direla esango nuke: piropo sexistak, emakumeen gorputza gauza gisa hartzea, genero-estereotipoak egia absolutu gisa onartzea, etab.
Errealitate hau ikusirik, hainbat galdera bota daitezke (batik bat gizonei zuzenduak): nor dago bere genero-pribilegioak zalantzan jartzeko prest? Nork ikertu nahi du, eta sakondu, gizon den aldetik nola eraiki duten, eta gizontasun hegemonikoa deskodetu? Nor kezkatzen du benetan, nor mugitzen du auzi honek? Noiz izango da arazo hau lehen mailako politikaren helburu, eta ez gertakarien orrialdeko sail bat gehiago?