Enplegu sorreraren mantra eta boterearen gehiegikeriak
Pello Igeregi, Negoziazio Kolektiboaren arduraduna ELAn (artikulu hau Landeian argitaratu da)
Bi esanahiak ondo datozkigu aztertu nahi dugun gairako. Gizartean pentsamendu oker bat zabaldu da, gure arduradun politikoen mantra enplegua enpresek soilik sortzen dutela. Eredu neoliberalaren beste adibide bat baino ez da, baina logika arriskutsua eragiten duena. Pentsamendu horren ondorioa da pertsona arruntok lana izateko, bizitza duina ziurtatzen duten gutxieneko baldintzak izateko, gizarte osoak enpresen esanetara jarri behar dugula.
Azkenaldian ELAk Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernuak baino enplegu gehiago sortu du
Azkeneko hauteskundeen aurretik Luke Uribe-Etxebarria, EAJko hautagaiak zioen bezala “erakundeek zuzenean ez dute enplegurik sortzen, enpresek sortzen dute, administrazioak oso jarrera proaktiboa izan behar du… lehiakortasun programetan...”. Orain gutxi, 2017-2020 Ekonomiaren Susperraldi eta Enplegu Programa aurkeztean Lehendakariak ere errepikatu zuen “enpresek sortzen dute enplegua, baina gobernuak lagundu behar die”.
Horrela ulertu behar dugu azkeneko murrizketa fiskala. Enpresariek bere enpresen lehiakortasunaren izenean zerga gutxiago ordaintzea eskatzen dute eta administrazioek bere beharrei laguntzeko zergak jaisten dituzte. Sozietate zerga irabazien gaineko zerga dela azaltzea ahaztu dute, hots, enpresaren lehiakortasunarekin ez du zerikusirik, enpresariek jasotzen dituzten irabaziekin baizik.
Mariano Rajoy eta Fatima Bañezek logika bera erabili zuten azkeneko lan-erreforma inposatu zutenean. Espainiar enpresek konpetentzia eraginkorragoa egin ahal izateko lan-baldintzen debaluazioa behar zuten, horrela enplegua sortu ahal izateko.
Zentzu horretan ere, enpresen menpekotasun logika horri aurre egin nahi diogun sindikatuak arazo larri bat gara. Ez da harritzekoa Arantza Tapiak Berria egunkariari esandakoa: “Lortu behar da langileen ahotsa benetan ordezkatua egotea”. Edo, bide berean, 2016ko uztailaren 22an, Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan sinatutako hitzarmen kolektiboei gehiengoan sinatutakoei emandako trataera berdina emango zietela adostu zuen CCOO, UGT eta CONFEBASKekin, hau da, langileen %30 eskasaren ordezkaritza dutenei langileen %60aren ordezkaritza maila bera ematea. ELAk ez dio enpresen “beharrei” erantzuten, eta tartetik kendu behar dugu.
Botere kontua da. Gizartearen ongizate guztia enpresek modu autonomoan hartzen dituzten erabakien menpe kokatzen baldin badugu, gizarte osoa enpresarien menpe geratzen da. Gobernuek uko egin diote langile eta enpresen arteko edozein oreka tresna erabiltzeari.
Bateko zein besteko gobernuek ez diote inongo baliorik ematen gizarte osoak sortzen dituen azpiegiturei, langile lehiakorrak izateko beharrezko den hezkuntza sistemari, langileak ez gaixo- tzeko ezinbestekoa den osasun sistemari, enpresak zein pertsonak bizirauteko behar den ingurumenari, gizarte osoaren funtzionamendua posible egiten duten zaintza lanei… Hau da, enpresek irabaziak izateko gizarte osoak eskainitako ezinbesteko baldintzen truke gizarteari itzuli beharrekoari uko egin diote.
Gobernuek ere muzin diote zuzenean ekonomian eragiteari. Gure administrazio publikoek Europako bataz-besteko langile publiko erdiak dauzkate. Gobernu ia guztiek uko egin diote estrategikoak diren eremuetan enpresa publikoak izateari, edo jadanik zeudenak pribatizatu edo saldu dituzte (Euskaltel kasu). Eta gure gobernuek banku publiko zein kutxen bitartez enpresak Euskal Herrian errotzeari eta euskal herritarren mesedetan aritzeari uko egin diote.
Orekak puskatzearen ondorioz egun Hego Euskal Herrian 2007ko aberastasuna sortzen dugu, baina orduan baino 100.000 langile gutxiagorekin. Ekonomia soilik enpresen esku uztearen ondorioa da hau.
Azkenaldian ELAk Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernuak baino enplegu gehiago sortu du. Deloittek Osakidetzari egindako auditoria baten esanetan, honek 35 orduko jardunaldia handitzea erabaki zuenean 1481 lanpostu suntsitu zituen, eskubide hori mobilizazioen bitartez berreskuratu dugu eta Jaurlaritzak suntsitutako enplegua berriz ere sortu behar izan du. Gipuzkoako errepideen mantenuan azpikontratatutako enpresak ez zituen kontratazio publikoan ezarritako baldintzak betetzen eta ELAren salaketaren ondorioz hainbat lanpostu sortu behar izan dituzte. Euskadiko Orkestrako gatazka bukatzeko lanpostuak sortu behar izan dituzte. Edo Bizkaiko zahar-egoitzen kasuan grebak bukatzeko lanaldia 35 orduetara murriztea ezinbestekoa izan da, ondorioz, egoitzek 1.000 bat lanpostu sortu beharko dituzte hurrengo urteetan.
Mantraren ezaguera erreala hartu behar dugula iruditzen zaigu guri. Pentsamendua nahasten duten ideiengandik askatzeko tresna bihurtu eta botere harreman desorekatu hauek irauli behar ditugu. Enpresek soilik sortzen dute enplegua, soilik gobernuek bere ardurari uko egiten badiote eta ekonomia baldintzatzeko dauzkaten tresnak ez badituzte erabili nahi. ELAk, bien bitartean, enpleguaren sorreran bere ekarpena egiten jarraituko du, ELAkide guztiok mantra hori gugan ederki zizelkatuta daukagu eta.