Etorkizuneko agertokiak
Gure sistemak material eta energia kontsumo izugarriarekiko duen mendekotasunak, baliabide horien eskuragarritasunaren mugak eta bestelako aukerarik ez izateak zibilizazio industrialaren haustura ekarriko dute ezinbestean. Porrot hori ez da bat-batean eta guztiz gertatuko; aitzitik, prozesu luzea, konplexua eta aldakorra izango da, gorabehera askorekin. Zenbait unetan ahalmen ekonomikoa suspertu eta ordena sozial zaharra berriro aktibatuko dira, baina atzetik beste krisi batzuk etorriko dira eta konplexutasunaren degradazio handiagoa sortuko da azkenerako. Industria-gizartearen gainbeherak malda gorabeheratsu batean behera pinpirika doan harriaren antza izango du, amildegi batean behera erortzen den harriarena baino gehiago. Hala, konplexua, handia, azkarra eta zentralizatua zena soila, txikia, geldoa eta deszentralizatua bihurtuko da ezarian.
Sistemak (hiriak, Estatuak, subjektibotasunak, teknologia, ekonomia) ez dira kolapsora iritsiko aldi berean; aitzitik, elementu ahulenak iritsiko dira lehenik, eta, haien atzetik, prozesua hedatzen joango da berrelikadura positiboko gurpil askotarikoen bidez.
Prozesu osoa luzea izango da. Berregituratze sozial guztizkoa Gainbehera Luzeko prozesu batean gertatuko da. Sistema konplexuen kolapsatzeko abiadura haien nodoen integrazio-mailaren eta sistema osoaren funtzionatzeko abiaduraren araberakoa da. Integrazioa eta abiadura zenbat eta handiagoak izan, orduan eta azkarragoa kolapsoa. Iraganean, gizarteen kolapsoak nahiko geldoak izan ziren, haien metabolismoaren parekoak. Gainbehera Luzea azkarra izango da hasieran (finantza- eta ekoizpen-ekonomia globalaren porrota), baina, aurrera egin ahala, moteltzen joango da (alde hiritarraren erortzea, Estatu fosilistaren porrota) eta erritmoa gero eta (subjektibotasunen aldaketa) eta gero (ekosistemen eta klimaren berrantolaketa) geldoagoa izango da. Gainera, lurraldeen arabera, prozesua azkarragoa edo motelagoa izango da.
Oso gertagarria
Dagoeneko hasita leudekeen aldaketen artean, badira probabilitate handiz gertatuko direnak:
- Diru eta finantzen erorketa. Bankuen, merkatu espekulatiboen eta kredituaren krisia. Baita txanpon globalena ere.
- Desglobalizazioa eta desazkundea. Energia eskasiak eta kredituaren iturria agortzeak ito egingo dute merkataritza, batez ere nazioartekoa. Ekonomia tokikoa bihurtuko da berriro.
- Migrazio-mugimendu jendetsuak. Ingurunean gertatutako aldaketen eta erabaki ekonomikoen eta politikoen ondorio izango dira.
- Murrizketa demografikoa. Demografia gutxitzea etapa geldoa izango da, ekonomia-krisia eta ingurumen-baldintzen egoera larritzearekin batera hasiko da, baina pixkanaka sakontzen joango da. Arazo handiak izango dira lurzoruen emankortasunari eusteko, meatzaritzatik datozen ongarrien (fosfatoak) eta hidrokarburoen eskasia eta klima-aldaketa direla medio. Gaur egun indarrean den osasun-sistema ere ezingo da mantendu, ura edangarri bihurtzeko sistematik hasita. Baina biztanleen beherakada hainbat modutan gerta daiteke.
- Hiriak landa-ingurune bihurtzea, landa-ingurunetarako exodoa, eta hiriak meatze bihurtzea. Garraio azkar eta masiboak ezinezkoak izango direnez, ezingo zaie hiriei eutsi, eta hiritarrek landa-inguruneetara jo beharko dute, edota elikagaietako asko hiri-inguruneetan ekoitzi beharko dituzte. Aldiz, ohiko meatzaritzaren bidez aurkitzen gero eta zailagoak diren mineralak hirietan atera ahal izango dira.
- Nekazaritza-metabolismoa. Erregai fosilik ez da izango eskura, modu masiboan behintzat, eta, horrenbestez, metabolismo sozio-ekonomikoak, ezinbestean, batez ere nekazaritza hartu beharko du oinarri, berriro ere.
- Espezializazio sozial txikiagoa. Pertsonek zeregin homogeneoagoetan jardungo dute, seguru asko lehen sektoreari lotuago dauden jardueretan. Gizarte espezializatuei eusteko, ezinbestekoak dira energia-fluxu trinkoak eta oparoak, era horretara ahaleginik handiena ez baita bideratu behar energia eskuratzera.
- Informazio gutxiago eskura. Aurreko puntuaren ildo beretik, energia eskuragarri asko duten gizarteetan baino ezin dira mantendu hezkuntza-sistema konplexuak, informazio kopuru handiari eusteko aukera emango dutenak. Nolanahi dela ere, eskura dagoen informazioa erabilgarriagoa izan daiteke gaur egungoa baino gizarte bidezkoagoak, demokratikoagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko. Etapa hori geldoa izango da eta ekonomia globala erori ondoren jarriko da martxan.
- Teknologia sinpleagoak, energia eta material berriztagarrietan oinarrituak.
- Baliabide gutxiago hierarkiei eusteko. Hainbat faktoreren ondorioz gertatuko da hori. Besteak beste, gerrarako ahalmen gutxiago izango da, teknologiak eta energia-iturriak eskuragarriago izango dira pertsona guztientzat, gizarteak tokian tokikoak izango dira eta, horri guztiari esker, kudeaketa demokratikoa errazagoa izango da.
Gainera, gizarte desorekatuak mantentzeko giltzarri diren erakundeek, hala nola Estatuak, indar gutxiago izango dute. Estatuak funtsezko bost instituzio baliatu zituen indarra hartzeko: burokratizazioa; diru-sarrerak egonkortzea eta handitzea; indarraren monopolioa eskuratzea; legitimotasunak sortzea; eta biztanleen kultura-homogeneizazioa. Energia gutxiago eskura izatearen ondorioz, eta horrek ekarriko duen sinplifikazio sozialaren ondorioz, Estatuaren instituzio horiek guztiak ahuldu egingo dira.
Kasu guztietan, egitura txikiagoetan adierazpidea izan dezaketen hierarkiek, patriarkatuak adibidez, baliabide berak izango dituzte. - Indarrean diren balioak aldatu egingo dira. Iraunkortasuna eta auzolanaren ikuspegira itzultzea ezinbestekoak izango dira etortzeko dauden garai zailetan.
Testuinguru horretan, beste borroka eta egituratze sozial batzuk sortuko dira, neofaxismo edo autoritarismoen eta bizitzaren zaintza ekomunitarioen artean.