Etxeko lana eta zainketa-lana: justizia kontua
Iturria, GetxiBerri 1316 zenbakia.
Etxeko lana eta zainketa-lana: justizia kontua
Etxeko lanak eta zainketa-lanak, nagusiki emakumeek egiten dituztenak, modu prekarioan edota trukean ordainsaririk jaso gabe, giltzarri dira jendarteak funtziona dezan. Banaketa desberdin hori gure gizartean oraindik dirauten estereotipo sendoen eta gizonen eta emakumeen berdintasuna erdiesteko oztopo handi direnen ondorioa da.
Etxeko lanak eta zainketa-lanak, Mª Angeles Duran soziologoaren hitzetan, eguneroko bizimodua eratzen duen eta sistema kapitalistak funtzionatzen jarrai dezala ahalbidetzen duen iceberg handi baten oinarri ikusezinaren antzeko dira. “Etxeek kontsumitu ez-ezik, pertsonen egunerokotasunerako oso garrantzitsuak diren zerbitzuak ere ekoizten dituzte” aldarrikatzen du Mertxe Larrañaga ekonomialari feministak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/ EHU) irakasleak. Hazkuntza, etxea kudeatzea, kuzinatzea edo behar duenari artapena eskaintzea kapitalarentzako balio ekonomikorik ez duten zereginak dira, zeinak, ez diren lantzat hartzen nahiz eta estatuko barne produktu gordinaren (BPGd)%53a adierazi, Duran andreak ematen dituen datuen arabera. Ardura horiek emakumearen beste zeregin bat gehiagotzat hartzen dira eta, gehienetan, trukean inolako diruzko konpentsaziorik jaso gabe egiten dira.
“Zerbitzu publikoek eta pribatuek ez dituzte behar guztiak estaltzen eta horiek estaltzeko familiaz baliatzen gara eta, horren barnean, emakumeez” salatzen du Dominique Saillard-ek, Oreka Sareko berdintasunerako aholkulariak. Sozializazio-teorien arabera, emakumeek etxeko lanetan eta zaintza-lanetan egiten duten ekarpen nagusia ez da lan-merkatuaren ezaugarrien ondorioa, baizik eta, beren berezko genero-kontzientziaren eta dauden jendarte-arauen ondorioa. “Lanaren eta rolen banaketak eta, ondorioz, eskubideen eta betebeharren banaketak, osagai historiko garrantzizkoa du, industrializazio- garaitik aurrera legitimatu baitzen. Une horretan sortu ziren emakumea eta gizonezkoa izateak duen esanahiari buruzko idealak. Banaketa horretan, emakumeei etxeko lanez eta zaintza- lanez arduratzea egokitu zitzaien etxeko andre zirenez” adierazten du Matxalen Legarreta Iza, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) soziologoak.
Nola neurtzen dira etxeko lanak eta zainketa-lanak?
Denboraren Erabilerari buruzko Inkestak (DEI) ordainsaririk gabeko lana agerian uzteko tresna nagusiak dira. Euskal Estatistika Erakundean (EUSTAT) argitaratutako datuek agerian uzten dute gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunik sakonenak etxeko lanen eta zaintza-lanen banaketan gertatzen direla. Emakumeek zeregin horietara, egunean, 4,01 ordu dedikatzen dituzte, gizonezkoek zeregin berdinetara dedikatzen dutena baino 2,23 ordu gehiago, zeintzuek, egunean 1,38 ordu dedikatzen dituzten.
Alabaina, etxeko lanen eta zainketa-lanen izaera ez da tresna horiek islatzen dituzten ordu eta minutu neurrietara soilik mugatzen. “Inkestek genero-desberdintasuna dagoela agerian uzteko balio dute, baina ez horiek zergatik irauten duten azaltzeko. Neurtzen zailak diren denborazko alderdi asko daude, esate baterako, aldiberekotasuna, libre egotea, presentzia zenbat denboran, denbora banatzeko negoziazio- prozesuak edo horrek duen esanahi morala, inkesta horietan kontuan hartzen ez diren garrantzi handiko faktoreak” zehazten du Legarretak.
Saillard-entzako eragin kualitatiboa ere garrantzia handiko faktorea da gai horretan generoa aztertzeko. “Zaintzen duten emakumeak eta gizonak alderatzen baditugu, jendarteak emakume edo gizon horiekiko dituzten espektatibak oso desberdinak direla ikusiko dugu. Zainketa-lanez arduratzen diren gizonezkoek gizartearengandik onarpen handiagoa jasotzen dute emakumeek baino. Emakumeak zaintzeaz arduratzeak ez du inor harritzen; aldiz, zainketa-lanez arduratzen den gizona pagotxa da. Gizartearen eta erakundeen alderik prestigiorik aitortzen ez bada, hain feminizatuta dagoen lanbide horretan aintzatespen ekonomikoa ematea lortzea oso zaila da”.
Zaintzaren krisia
Hainbat prozesuk, horien artean biztanleriaren zahartzea azpimarratu beharko litzateke emakumeak familiaren baitan jada behar horiek estaltzeko erabat libre ez egotearekin batera, zainketa-sistemaren porrota eragin dute. Horren aurrean hartu diren erantzun-bideen artean, lehen etxean egiten ziren hainbat zeregin eta zainketa kanpoko baten esku uztea izan da edo hauek egiteagatik soldata bat ordaintzea. Emakume migratzaileek hartu dute beren gain zeregin nagusia, lan horietaz gero eta gehiago arduratzean. Enplegu prekarioak eta gaizki ordainduak dira. “Zerbitzu publikoek ez dute balio dauden beharrak arrazoizko prezioan estaltzeko; ondorioz, familiek beste konponbide batzuk bilatzen dituzte, alegia, lan-ordu gehiago prezio txikiagoak eskaintzea. Hau da, emakumeen eskulan prekarioa” adierazten du Saillard-ek.
“Betidanik, emakume pobreen zeregintzat hartu izan da. Ordainsari ekonomikorik gabe egiten direnean benetako lantzat hartzen ez badira, lan horiek egiteagatik ordaintzen denean lan horiek bigarren mailako lantzat, lan antzutzat, edonork egin dezakeen lantzat hartuko direla pentsa daiteke” azpimarratzen du Larrañagak. Hain zuzen, 2012ra arte, etxeko langileak ez ziren Gizarte-Segurantzako Erregimen orokorrean sartu ere egiten.
Denboren berrantolaketa
Datozen belaunaldientzako menpekotasunaren arazoa areagotu egingo dela aurreikus daiteke. “Diagnostikoek adierazten dutenez, zainketak denboran gero eta gehiago luzatuz doaz eta zerbitzu publikoek eta pribatuek, egungo gizartean, zainketen atal txiki bat baino ez dute beren gain hartzen”, ziurtatzen du Saillard-ek. EUSTAT-en aurreikuspenaren arabera, menpekotasun demografikoko indizea (65 urtetik gorako biztanleria 15- 64 urte bitarteko biztanleriaren gain) %58,7koa izatera iritsiko da 2050. urtean. “Dugun sistema ez da jasangarria, hain zuzen, orain arte, emakume askok ordainsaririk jaso gabe egiten zuen lanaren bizkar iraun du”, baieztatzen du.
Aurreikuspenak ikusita, etxeko lanak eta zainketa-lanak agerian uzteko eta balioa emateko estrategiak sortzeko beharra nabarmena da. “Sexuen artean banaketa bidezko izan dadin, gure bizitzan zaintza-denborak enplegu-denborak beraiek baino garrantzitsuagoak direla aitortzea ezinbestekoa izango da. Zeregin horiek baloratzen baditugu, gizartearen aintzatespenean hobekuntza bat emango da” ziurtatzen du Saillard-ek.
Erantzukizuna partekatua izango den eredu bat sustatzea ere beharrezkoa izango da, non, erakundeek eta, oro har, gizarteak, dagozkion erantzukizunak beren gain hartuko dituzten egungo eredua gainditzeko eta, horrekin, orain arte emakumeek beren bizkarrean hartu izan duten zama askatzeko. “Gaur egungo politikak ez dira aski bateratzeko, batez ere, partxeak dira jendeak ordaindutako lanetan gero eta ordu gehiago sartu ahal izan ditzan. Azken batean, batez ere, emakumeak kaltetzen dituen sistema bat elikatzen jarraitzen dugu, zainketak duen garrantzia disimulatzen jarraitzen baitugu” ondorioztatzen du Saillard-ek. “Horretaz gain, nahiz eta gaur egungo bateratze -politikak, teorian, haietaz baliatu nahi dutenentzako izan, praktikan, oker egon arren, oraindik, bateratzea emakumeen gauzatzat hartzen da”, amaitu du Larrañagak.