Europako funtsen tranpa

2020/10/14
UnionEU.jpg
Joan den uztailean Europar Kontseiluak ontzat eman zuen Batzordearen Next Generation EU plana (NGEU); honen xedea zen 750.000 milioi euro jartzea covid-19ak Europan eragindako egoerari aurre egiteko. Programa dator Europar Batasunaren 2021-2027 epealdiko aurrekontua indartzeko asmoaren baitan. Zenbateko hori, herrialde “zorrotz” eta hegoaldekoen artean izan zen lehia gogorraren ondoren, bi zatitan banatu zen: 390.000 milioi euro zuzeneko transferentzia gisa eta gainerako 360.000 milioiak mailegutan. Next Generation EU, Europako eredua aldatzen ez duen plana izeneko dokumentuan analizatu genuen legez, finantziazio bide biak oso baldintzatuta izango dira, eta ez diote erantzunik emango krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren ondoren dauden beharrizanei.

 

Dokumentuan, Suspertze eta Erresilentzia mekanismoen balorazioa egitearekin batera, ELAk bere proposamen alternatiboa aurkezten du.

Dokumentua osorik irakurri

 

Alternatibak

Argi dago alternatiba bat behar dela, maiatzean aurkeztutako "benetako irteera bat" dokumentuan jasotzen den bezala. Aldaketak norabide honetan joan behar du:

 

Europako Banku Zentralak gobernuen zuzeneko finantzaketa baimentzea .  Horrek Tratatuaren 123. artikulua indargabetzea dakar, berariaz debekatzen baitu aukera hori.

Europako esparruan eta estatu bakoitzean konstituzionalizatu nahi izan den aurrekontu-esparrua haustea: defizitaren, zor publikoaren edo gastu-arauaren mugak amaitzea; MEDE bezalako programen bidez ezartzen diren Europar Batasunaren zaintza- eta kontrol-mekanismoak ezabatzea; atzera egitea Konstituzioaren 135. artikuluaren eta horrenondoriozko aurrekontu- eta finantza-egonkortasunari buruzko legeen erreforman. 2020. eta2021. urteetarako Egonkortasun eta Hazkunderako Ituna bertan behera uzteak agerian uzten du itun horren ustezko ondorio positiboen engainua, eta honek datozen urteetako baldintzak gogortzea ekar dezake,

Europako politiken baldintzazkotasuna ezabatzea.  Gobernuei helarazten zaizkien funts europarrek (kredituen edo transferentzien bidez) ez dute inolako baldintzarik izan behar lan- edo gizarte-eskubideak murrizteko, ezta aurrekontu-austeritateko politikak aplikatzeko ere.

Zor publikoaren auditoretza, ordainketa atzeratzea eta legitimoa ez den zatia kitatzea. Esan dugun bezala, krisi hau Europar Batasuneko zor publikoa oso handia den testuinguruan kokatzen da. Neurri handi batean, 2008ko krisiaren ondoren bankuak erreskatatu eta kapital-zergak murrizteak , zorra ordaintzearen lehentasuna gizarte premien estalduraren gainetik ezartzea ekarri baitzuen. Zorra ikuskatzeko prozesu herritar bat egin behar da, zorraren ordainketaren luzamendutik abiatuta, eta erakundeek konpromisoa hartu behar dute legez kontrakotzat jotzen den zorraren zatia ez ordaintzeko.

Covid tasa. Krisiaren kostu ekonomikoak, funtsean, errenta handienengatik, enpresengatik eta kapitalagatik ordaindu beharreko zergen gehikuntza baten bidez ordaintzea, aurrekontu publikoak nabarmen handitzea ahalbidetzeko. Saihestu egin behar da defizit publikoaren igoerak gerora egiturazko doikuntzak ekartzea. Horrek zerga-politikaren erabateko aldaketa dakar. Kapitalen mugimenduei ere zerga gogor bat ezarri behar zaie.

Paradisu fiskalak eraistea. Paradisu fiskalak ez daude soilik paradisu uharteetan, horietako batzuk Europar Batasunaren barruan aurki ditzakegu. Batzordearen proposamen bakar bat ere ez da hauekdesegiteari buruzkoa. Tax Justice Network enpresak egindako ikerketa baten arabera, AEBetako enpresek 25.000 milioi euro inguru ordaintzeari uzten diote urtero zerga korporatiboetan, Luxenburgo, Irlanda eta Herbehereak bezalako paradisu fiskalen bidez. Eta, ihes fiskalari dagokionez, Richard Murphy Londresko Unibertsitateko irakaslearen "arrakala fiskala Europan" txostenaren arabera (txosten hori EBk berak onartu zuen), urtero bilioi bat euro inguru sartzen dira Europan modu horretan (Espainian, urteko ihes fiskala 60.000 milioi eurokoa da, 2008ko krisian bankuei egindako erreskatearen zenbateko bera). Beharrezkoa da paradisu fiskalak erabat desegitea eta zerga-ihesa gehiago kontrolatzea. Ikusi berri ditugun zifra horiek nabarmen gainditzen dute, urte bakar batean, Next Generation EU berreraikuntza-funtsera bideratutako zenbateko osoa, funts hori gauzatzea erabakiko den urteetarako.

Benetako trantsizio ekologiko eta energetiko baten alde borrokatzea.  ReCommons,  Europako herrien internazionalismo berri baten aldeko adierazpena dokumentuaren ildotik, trantsizio ekologikoa eta energetikoa egitura sozio-ekonomiko nagusien kontrol publiko-komunitarioan (adibidez, energia), ekoizpen eta kontsumo kapitalistaren gizarte- eta ingurumen-inpaktuaren murrizketan, tokiko ekoizpenaren garapenaren sustapenean eta trantsizio energetiko egonkorra eta kontrol demokratikoaren mende egotea ahalbidetuko duten mekanismoetan oinarritu behar da.

Eraldaketa digitala pertsonen zerbitzura jartzea. Eraldaketa digitalaren onurak klase-osagai bat du, erabilera noren mesedetan izango den kontuan hartzen badugu. Pentsa liteke korporazio handiei langileriari baino mesede handiagoa egin diezaiekeen arloa dela. Horregatik, beharrezkoa da eraldaketa digitalak pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratzea eta ez kapitalaren zerbitzura jartzea.Eraginkortasun teknologikoak lanaldia murrizten eta zaintzak hobetzen lagundu behar
gaitu.