Euskal Kellyak

2018/11/09
43977443580_51f2915ef7_k.jpg
MTV music week-eko asteburuan abiatu dute protestaldia eta greba mugagabean daude Bilboko NH eta Barcelo Nervion Hoteletako garbitasun zerbitzuetako langileak. Musika sarien asteburuan Barceló Nervión hotelean gaueko prezioa 375 eurora igo den bitartean garbitzaileek gelako 2,5 kobratzen jarraitzen dute. Luxuaren atzean ezkutatzen den miseria honek sistemaren kontraesanak diruditen arren, sistemaren beraren egiturazko esplotazio mekanismoak dira.

Aiala Elorrieta Agirre, Argia astekarian argitaratua

Pankarta eta txilibitu eskuan, emakume ugari ikusten da, gizonak ere badaude eta jatorri anitzetako pertsonak sumatzen dira. Den denak dira garbitzaile: prekarizatuta, feminizatuta eta razializatua dagoen sektorean dihardute esklabotzatik asko duen baldintzatan. Ez da kasualitatea, haien artean Europakotik kanpo etorritako pertsona migratuen presentzia maila handia izatea. Honek derrigortu egiten gaitu aztertzera zein erlazio zuzen dagoen esklabotasun egoerako lan baldintza, jatorria eta feminizatuta dagoen sektorearen artean. Hala, Angela Davisek Emakumeak, arraza eta klasea liburuan aldarrikatzen du korapilatuta dauden elementuak direla. Genero, arraza eta klasea protestan ari dira hoteleko atarian. Teoria gogorra egiten da, praxia are gogorragoa.

Horrexegatik ari dira greba bi hoteletako garbitzaileak, Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmena aplika dakien. Horrekin batera, gehiegizkoak diren lan kargen hobetzea eta lan kontratuen egonkortzea ere eskatzen dute behin-behinekotasuna nagusi den munduan.

Garbitzaileak ELA sindikatuaren baitan antolatu dira eta bere babesaz jo dute grebara. Outsourcing fenomenoaren bidez, Barcelo Nervion eta NH hotelek garbitasun zerbitzua Constant-i azpikontratatu diote. Geroz eta hedatuago dagoen outsourcinga,  bereziki zabalduta dago ostalaritza sektorean. Constant erraldoiak sektore anitzen diharduen arren, gehien bat ostalaritzan ditu hatzaparrak sartuta. Sektore horretan ezaguna da langileei dagokien Ostalaritza Hitzarmena aplikatu ordez, enpresa hitzarmen propioa aplikatzen dielako: 800 eurora iristen ez diren soldatak, emakumeei garbitzen den gelako 2,5 eurotik behera ordaintzea. Horrexegatik ari dira greba bi hoteletako garbitzaileak, Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmena aplika dakien. Horrekin batera, gehiegizkoak diren lan kargen hobetzea eta lan kontratuen egonkortzea ere eskatzen dute behin-behinekotasuna nagusi den munduan.

Angela Davisek Emakumeak, arraza eta klasea liburuan aldarrikatzen du korapilatuta dauden elementuak direla. Genero, arraza eta klasea protestan ari dira hoteleko atarian. Teoria gogorra egiten da, praxia are gogorragoa.

Joan den uztailean Bizkaiko Ostalaritza Akordioa sinatu zuten ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Hiru urteko iraunaldia duen hitzarmenak, outsourcingaren ondorio kaltegarriak mugatu eta subrogazioa bermatzen du. Testu aitzindaria izan da ostalaritzako azpikontrataturiko eremu guztietarako. Akordioari esker esternalizaturiko lanetan legez ezingo dira lan-baldintza prekarioak ezarri eta sektorean diharduten guztiei aplikatu zaie, nahiz eta azpikontratatuko eremua izan. Gainera, langileek subrogazio-eskubidea ere izango dute. Hau da, azpikontratatutako enpresaz aldatzen bada, langileek haien enplegua mantentzen dute.

MTVko sarien asteburuan, hotelean apopilo zirenen artean belarrietarako tapoiak banatu zituzten Barceló Nervión Hotelean, gazteleraz eta ingelesez idatzitako barkamen-oharrarekin batera: Eragozpenak barkatzeko, We apologize for the inconvenience. Turistak jakingo du tapoiak zertarako erabili eta epaituko du grebalariak eta greba inkonbenientzia diren ala ez. Baina asko gara argi daukagunak nortzuk diren oztopo.

Zorionez hedatuz doaz outsourcingari aurre egiteko antolatzen diren langileak eta asteotan Constanteko langileak kalean egote hutsa, garaipen ikaragarria da eta erreferente indartsuak bilakatzen ari dira. Euskal Herrian lanean ari diren gela garbitzaileak dira, euskal kellyak.