Eusko Eguna

2018/02/20
2017ko-EuskoEguna-640x340.jpg
Euskoak 5 urte ditu. Dante Edme-Sanjurjo elkarteko zuzendari orkorrak, igandean martxoaren 4an ospatuko den 2. Eusko Eguna aurretik, esplikatzen digu Euskoa edo tokiko euskal moneta ekologiko eta solidarioa zertan den.

Elkarrizketa hau Enbatan argitaratu da

Euskoak zer aldaketa ekarri ditu Ipar Euskal Herrian?

Dante Edme-Sanjurjo: Euskoaren arrakastaren ezaugarri handia izan da jendarteko sektore oso ezberdinen artean zubiak sortu dituela, proiektu amankomun baten inguruan. 3000  kide partikularrek eta saltegi, enpresa, laborari, elkarte, osagarriaren munduko profesional, etab. arloetako 700 kide baino gehiagok erabiltzen dute eguneroko bizian moneta hori.

Batzuk egiten dute zirkuitu laburren garatzeko, zeren ekologistak dira; beste batzuk tokiko ekonomiaren dinamizatzeko, hots bertako enpleguen defendatzeko;  beste batzuk erabiltzen dute zeren Euskal Herriak bere moneta propioa ukaitea bezalako ideia gustukoa dute; beste batzuk oraino erabiltzen dute saltegi ttipien eta laborantza herrikoiaren defenditzeko, zeren hipermerkatuak eta laborantza industriala ez dira onartuak Euskoaren sarean; beste batzuk erabiltzen dute euskara salbatzeko zeren Euskoak saltzaileei inposatzen die afitxa elebidunaren plantan emaitea bezalako desafio bat. Interesanteena da pertsona horiek guziek, arras diferenteak izanikan ere, amankomuna den tresna bat erabiltzen dutela eta Euskal Herri euskaldunago, ekologikoago eta solidariago baten eraikitzeko elkarrekin lan egiten dutela. Ene aburuz, Euskoaren aportazio nagusia gaur egun, zirkulu militanteetarik haratago publiko zabal bati geroari itzulia den proiektu horren proposatzea da.

Hainbat udaletxek erabaki dute Euskoaren erabiltzea. Euskal Hirigune Elkargoan ere Euskoa erabiltzeko xedea erakutsi du haren Lehendakari eta Baionako alkate den Jean-René Etchegaray-ek. Zergatik Estatuaren ordezkariak Iparraldean horren kontra agertu dira?

Hendaia, Uztaritze, Lekorne, Baiona  eta Bastidako udaletxeak Euskoari kidetu dira eta tokiko hainbat zerbitzu publikoetan euskoak kobratzeko moldeak antolatuko dituzte: igerilekuan, mediatekan, eskoletako jantegietan, etab. Frantses Estatuan hori jadanik egiten da tokiko moneta batzurekin. Baina, Jean-René Etchegaray auzapez zentrista buru duen Baionako udaletxeak joan den uztailean aho batez bozkatu du Euskoari kidetzea, aurreikusiz ere, eta hori ez zen beste inon egina izan orain arte, Baionako udaletxeak euskotan ordaintzen ahalko zuela ere. Adibidez hautetsien ordainsarien, elkarteentzat diren diru laguntzen eta merkatu publikoen ordaintzeko. Gaitzeko aitzinatzea litaike.

Estatua, Prefetaren bidez, horren kontra jarri da, Finantza Ministeritzaren  ministerio erabaki tekniko bat aitzinean emanez. Zergatik? Jean-René Etchegaray-en erantzuna argigarria da: «Uste dut badela sumindura jakobino bat, zeren Euskal Herrian tokiko monetan oso ongi dabil, esplikatu du «La Tribune» kazetan. Eusko-a erreusitze handi bat da. Europa mailan ere kausitzeetarik handienetan da. Eta errealitate horrek trabatu behar du. Uste dut badela zentralizatze nahikeri bat. Gure lurraldeko dirua da zeren Euskal Herriko ekonomia eta energiatik dator. Ez da arrazoin izpirik diru hori gure lurraldean gelditzeko behar neurrien ez hartzeko.»

Desmartxa horren sustengatzeko, gaur egun egoeraren ikusmolde hori partekatzen duten guziak – partikularrak, enpresak, udaletxeak… – Euskoa-ri kidetu behar dira, sustengu keinu bat bezala eta Euskoaren garapenaren lastertzeko. Ipar Euskal Herritik kanpoko biztanleentzat posible da internetez kidetzea www.euskalmoneta.org webgunean, edo, hobeto, igandean, martxoaren 4an, 2. Eusko Egunerat, hots Euskoaren besta handirat, hurbiltzera.

Zer izanen dira 2. Eusko Eguna honen ezaugarriak?

Familia giroko besta handi bat izanen da, Pirritx eta Porrotx-en ikusgarri batekin goizeko 10:00etan, eta ondotik adin guzietakoentzat hainbat animazioekin, laborantza herrikoieko ekoizpenekilako merkatua, ttipientzat zirkoan hasteko ikastaldia, haurrentzat lasaitze gune bat, zintzur bustitze eta kilikatze alaitua, ostatu eta taloak, bazkari herrikoi handi bat, Dantza Piko bat bukatzeko 16:30tan Patxi ta Konpania. Guretzat, Eusko Eguna, bilakatu behar da Herri Urrats bezala, denentzat den egun bat!