Eusko Jaurlaritzaren enplegu plana ez da txoke-plan bat
Hego Euskal Herrian langabe kopurua urtebetean %9,5 hazi da; aldiz, %2 EB-27an. Halaber, langabezia tasa HEHn %17,7ra igo da, hots, Europako tasa baino 6,8 puntu handiagoa da. Gainera, sinatzen diren kontratuen %93 aldi baterakoak dira oraindik.
Larritzeko modukoak ez dira soilik langabeziaren kopuruak; baita bera jasaten duten pertsonen egoera ere. Hain zuzen, langabeen %46,6ak ez du langabeziako inongo prestaziorik jasotzen, eta %32,9ak baino ez du kontributiboa jasotzen.
Doikuntza politikak eta erreformak -laborala, negoziazio kolektibokoa-, langabezia prestazioen eta beste laguntza sozialen murrizketak... Guztiek ondorio bakarra dute, langabezia eta babes gabezia soziala areagotzea. Beraz, egoera oso txarra izanik, okerrera egitea ekartzen dute.
Honen harira, joan den martxoaren 18an Eusko Jaurlaritzak bere Enplegu Plana aurkeztu zuen. Bere esanetan, “enplegua sortzeko txoke-plan bat, neurri konkretu eta errealistekin”.
Haatik, hori ez da inondik ere egia. Hau ez da txoke-plan bat, aurrez bazeuden egitasmoen meta eginda osatu baita. Hau Jaurlaritzak berak ere aitortzen du: plana egiteko azpikontrata batengana jo duela eta 14.399 euro gastatu izana azaltzeko dio asmoa “sail desberdinen ekimenak egituratzea” zela, hots, ez du ezer berririk ekarri.