Ezkerra erreformista bihurtu al da?
Reconstruyendo la Izquierda, Marta Harnecker (liburu osoa hemen)
Liburua gure liburutegian dugu eskuragarri nahi duen afiliatuarentzat hemen klikatu
Ezker latinoamerikarreko sektore desberdinek azken urteetan bide instituzionala lehenetsi izanak, ezker hau erreformista bihurtu dela esan nahi al du?
Galdera hau erantzuteko lehenengo beste batzuk erantzun behar ditugu: bide instituzionala lehenesten duen ezkerra derrigor al da erreformista? Bide instituzionala baztertu eta irtenbide oso erradikalak proposatzen dituen ezkerra derrigor da iraultzailea? Erreformen bidetik aurrera egitearen aldeko izatea erreformista izatea al da?
Benetako iraultzaileak duen arrisku nagusia –bakarra akaso- iraultzailetasuna exajeratzea da, ez konturatzea noiz eta zer baldintzetan uzten dion bide iraultzaileak egokia eta efikaza izateari
Hasteko, garrantzitsua iruditzen zait autore batek orain hamarkada batzuk idatzitakoari buruz hausnartzea: Benetako iraultzaileak duen arrisku nagusia –bakarra akaso- iraultzailetasuna exajeratzea da, ez konturatzea noiz eta zer baldintzetan uzten dion bide iraultzaileak egokia eta efikaza izateari. Hitz hauek ez dira sozialdemokrata batenak, iraultzaile baten hitzak dira, Leninenak hain zuzen, eta honela jarraitzen du gogoetarekin: Benetako iraultzaile gehienek porrot egin zuten “iraultza” hitza letra larriz idazten hasi zirenean, “iraultza” jainkotiar bihurtu zutenean, burua galduta, gauzak lasaitasunez eta zentzuz hausnartu eta aztertzeko gaitasuna galdu zutenean erabakitzeko zer momentutan, zer baldintzatan eta zer ekintza esferatan ekin behar zen modu iraultzailean eta zer momentu, baldintza eta esferatan pasa behar zen ekintza erreformistara.
a) Erreforma eta iraultza arteko desberdintasuna
Kontua ez da erreformei bai edo ez esatea, baizik eta aztertzea noiz komeni den erreformen alde borrokatzea eta nola lor daitezkeen, beraien bidez, fruitu iraultzaileak.
Erreformisten eta iraultzaileen arteko desberdintasuna definitzea ez da erraza izaten beti, zeren eta –Norberto Bobbiok dioen bezala- erreformak ez dira beti iraultza galarazteko proposatzen, eta iraultza ez dago zertan lotua egon behar indarkeriaren erabilerarekin. Posizioak azken ondorioetaraino garatzen direnean errazagoa da desberdintzea, baina, eguneroko praktika politikoan gauza askoz zailagoa da.
Izan ere hastapeneko marxistak beti izan ziren erreformak eragiteko borroken alde, nahiz eta jakin aldaketa horiek ez zizkietela klase dominatzaileei zeuzkaten botereak kentzen.
Kontua ez da erreformei bai edo ez esatea, baizik eta aztertzea noiz komeni den erreformen alde borrokatzea eta nola lor daitezkeen, beraien bidez, fruitu iraultzaileak.
Amaitzeko, indarkeriaren erabilerak, alde batetik, eta bide instituzionalen eta erreformen erabilerak, bestetik, ez dute zehazten iraultzaile eta erreformistak desberdintzen dituen marra.
Zer irizpide erabili hortaz?
Definiziorik onena nire ustez da erreformistatzat jotzen duena erreformen bidez egungo ordena perfekzionatzen saiatzen direnak, eta iraultzailetzat erreformak bultzatzearekin batera egungo ordena sakonki aldatzeko borrokatzen direnak
Definiziorik onena nire ustez da erreformistatzat jotzen duena erreformen bidez egungo ordena perfekzionatzen saiatzen direnak, eta iraultzailetzat erreformak bultzatzearekin batera egungo ordena sakonki aldatzeko borrokatzen direnak, jakinda aldaketa hau ezinezkoa dela aurreko ordenarekin apurtu gabe.
b) Borroka instituzionalak helburu iraultzaileak betetzeko behar dituen baldintzak
Baina, nola jakin erreformak eta bide instituzionala erabiltzen duen praktika politikoa erreformista edo iraultzailea den, batez ere politikan auto-adierazpenek geroz eta balio eskasagoa dutenean?
Hurrengo irizpideak proposatzen ditut iraultzailetzat jotzeko praktika politiko bat:
Lehena: bultzatzen diren erreformak paraleloki herri mugimendua indartzeko ahaleginarekin uztartzen badira, herriko sektore geroz eta handiagoa borrokara batzeko eta antolatzeko.
Bigarrena: ezkerraren ekintza instituzionaletik emaitza pedagogikoak lortzen badira. Hauteskunde kanpaina bat, adibidez, aukera ezin hobea da herri heziketarako, ongi bideratzen bada, gai politiko garrantzitsuen inguruan herriaren kontzientzia maila handitzeko oso baliagarria izan daiteke; baina gerta daiteke marketing kanpaina hutsa izatea, herriaren kontzientzia maila handitu ordez jendea nahastuz edo herri pedagogian ezer hobetu gabe.
Hirugarrena: ezkerraren jarduna ohiko alderdiekin nahastuko ez duen praktika politiko desberdin bat erakusten bada, demostratuz, era berean, ahalegin bat egiten dela egungo instituzioen mugak agerian uzteko, berauek eraldatzeko beharra argi uzteko, eta erreformen bidez irtenbide iraultzaileak exijitzen dituzten arazoak konpondu daitezkeela ez dezan inork sinestu..
Bat nator Carlos Vilas-ekin dioenean iraganean armen bidea hautatu zutenen erronka da mantentzea eraldaketa sakonerako duten gaitasun eta borondatea eszenategi instituzional berrian. Estiloan, erritmoetan eta estrategietan egokitzapenak eskatzen dituena, baina printzipioz ez duena exijitzenegokitzapenik proposamen alternatiboetan eta aldaketaren kontzepzio oinarrizkoenetan[…].
Inflexio erreformistak
Zenbait elementuk, ordea, erreformismoranzko desbideratzea adieraziko lukete:
Lehena: programak eta tendentziak moderatzeko tendentzia erakusten bada, egungo ordena gaindituko duten proposamen alternatiborik proposatu gabe, politika posiblea denaren artea dela esanez.
Bigarrena: sindikatu eta langile mugimenduari “ardura” eta “heldutasun” eskatzen bazaio, indarra eta denbora borroka izpiritua jorratzeko erabili ordez. Guztia negoziazioetara eta kupulen arteko tratuetara bideratzen bada, mobilizazio borrokalariak saihestuz Estatuaren aparatuen funtzionamendua ez trabatzearen aitzakian, edo hainbeste kostata lortu demokrazia arriskuan jartzeko arriskuagatik.
Eta Carlos Vilasek dioen bezala: alternatiben bilaketa sortzaile bat bultzatu ordez, blokeatu eta edukiak egokitu egiten badira sistema instituzionalak toleratuko duen espaziora […]
Hirugarrena: existitzen diren instituzioak pasiboki okupatzeko tendentzia badago, berauek aldatzeko eta joko arauak eraldatzeko borrokarik egin gabe.