Feminismoa, kapitalismoa eta Norvegia
Amaia Agirresarobe eta Carmen Garcia, Alternatibako mahai feministako kideak
Egoerak iradokitzen du gaizki ulertuak saihestezinak izango direla ezkerrak (alderdiak, norbanakoak, gizarte eragileak...) uko egiten badio eztabaidatzeari, modu sakon eta pausatuan, nola txertatu gizon-emakumeen arteko berdintasuna eskakizun guztietan benetan, ez modu formalean. Artikuluak mahai gainean jarri nahi ditu premiazkoa eta beharrezkoa den eztabaidarako zenbait gai, oraindik orain, tamalez, Euskal Herriko zenbait ezkerren agendaren bazterretan daudenak.
Zibilizazio krisi honen alternatiba eraikitzen ari da feminismo antikapitalistaren hauskortasun handi baten testuinguruan, bi ahultasun nagusik baldintzatuta. Alde batetik feminismoaren instituzionalizazioa, eta horrek ekarri duen fede itsua berdintasunerako aukeretan. Ikuspegi honek sistema errotik kuestionatzea galarazten du, guztia beraren bazterretan mugiarazten baitu. Badirudi hegemonikoa bihurtu dela feminismo liberalaren diskurtsoa, eztabaida beste menderatze gune batzuetatik aparte utziz -klasea, arraza, maila sozial eta ekonomikoa- eta egitura eta sistemaren azterketa egin gabe - nahiz eta hau funtsezkoa izan patriarkatua, kapitalismoa, kolonialismoa, produktibismoa eta demokrazia formala beharrezko errealitate osagarriak baitira-.
Beste aldetik, bere burua ezker alternatibotzat duenaren erradikaltasun eskasak mantsotu egiten du sistema osoaren berraztertzea proposatzen duen feminismoaren bultzada. Hala, espektro politiko osoaren eskuineranzko joaera gertatu da, ezker alternatiboa bera ere harrapatuz. Joera hau, gau neoliberal luzean gauzatua, guztiz agerian gelditu da, orain, 2007ko finantza eztandaren ondoren. Globalizazio kapitalistaren 20 urteko hegemonia eztabaida ezinaren ondoren begiak zabaltzean, egoerari erantzun nahian gabiltzanean, konturatzen gara orain gutxi arte gure arerioak zirenen proposamenak defendatzen gabiltzala! Liberal ohiak eskuinean kokatzen dira; sozialdemokratak liberalismoan; eta ezkertiar ohiak... sozialdemokrazian! Zentzu horretan, ezker alternatiboa, begirada emantzipatzailea klasetik haratagoko arloetara luzatu ordez, klabe erreformistan kokatzen da.
Eskuineranzko joera orokor hau eta feminismo liberalaren instituzionalizazioa traba izugarriak dira feminismo antikapitalistarentzako. Ezkerraren sodialdemokratizaioa aztertzean ezin diogu eztabaida premiazkoenari ihes egin. Ongizate estatua zer da, azken helburua edo emantzipazio trantsizioaren hasiera? Helburua Norvegia al da? Posible al da mundu mailan Norvegiako esperientzia orokortzea? Zenbat Norvegia sartzen dira gure munduan? Norvegia ez al da eskailera bateko goiko maila, azpiko beste maila guztien indarraren esplotazioa eta menderatzea behar dituena? Ez al da garaia kapitalismoaren eta demokrazia liberal-ordezkatzailearen (Norvegiaren) garapen kontzeptutik ihes egiteko, beste gizarte proposamen batzuetan sartzeko?
Tamalez, eztabaida hauek ez daude agendan oraindik eta ezkerra da, hain justu, sozialdemokraziaren proposamena defendatzen duena. Zentzu horretan, garrantzitsua da azpimarratzea, krisiak sistema bera ezbaian jarriko duen agendaren erradikalizazio bat ekarri ordez, agenda politiko epelagoak eta sistemarekin bateragarriagoak ekarri ditu. Agerian dago, ezker hegemonikoarentzat etsai nagusia ez baita kapitalismo eta patriarkatua, baizik eta finantzen gainbehera, nozitzen ditugun gaitz guztien iturburua.Finantza ekonomiaren deabrutzearen aurrean, ezkerra sistema kapitalistaren joera produktibista bultzatzera mugatu da, oinarrizkoena eskatuz: enplegua eta soldatapeko lana. Estrabismo produktibista hau osatzeko sozialdemokraziaren eskaera nagusiak hartzen dira banderatzat: estatu indartsu erregulatzailea eta ongizate estatuaren berreskurapena.
Proposamen politiko honek, agenda neoliberalaren aurkako borrokara mugatuz, beste egiturazko krisi batzuk ahazten ditu (zaintza krisia, krisi ekologikoa, elikadura krisia).Ondorioz borroka feminista berriro ere bigarren mailarako uzten du, agendaren lehentasunetatik urrun. Alde batetik ongizate estatua berreskuratzea jartzen du helburu idealtzat, argitu gabe mailaz mailako estrategia baten barruan kokatzen den sistemaren kontrako borroka bat den edo azken jo puntutzat duen. Eta bestetik, arezko gazteluetan eraikitako eskaera bat da, zeren eta posible al da industrializazio eta babes sozialerako politika publiko guztiak praktikan jartzeko baliabide guztiak eraikitzea? Posible al da 60 eta 70 hamarkadetako hazkundea? Desiragarria?
Galdera hauei buruzko eztabaida ezin da gehiago atzeratu. Ezin dugu erresistentziara mugatu, egun, oraindik, ez daukagun alternatiba hori pentsatu, garatu eta eraiki behar dugu.