Futbolaren esklabo, prekarietatearen gatibu
Nagore Uriarte, ELA Komunikazioa, Landeia 223
“Txartel gorria atera dio ELAk Anoetari; zelaian oraindik jokalaririk ez bada ere, partidua aspaldi hasi baitzuten enpresa eraikitzaileak, Errealak eta arduradun politikoek. Zelai berdeak ere ezin dezake estali iruzur beltza. Izan ere, 50 milioiko kostua izango omen dute Anoetako futbol estadioaren berrikuntza lanek. Praktikan, gutxienez, 70 beharko dira. Errealak 35 jarriko baditu, Jaurlaritzak 10 eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 4, nork ordainduko du, beraz, falta dena? Jokoa zelaian, arauak jokoan. ELAko eraikuntzako arduradun Igor San Josérekin egin dugu hitzordua, Gipuzkoako makroeraikuntzen atzean den iruzurrak langileengan duen eraginaz haurnartzeko.
ELAk sarri salatu du erraustegian edo AHTn bezalako obretan negozioa eraiki ostean datorrela herritarron lepotik. Anoetan, ordea, lapurreta hasieratik datorrela salatu du ELAk, zergatik?
Igor San José: 50 milioi eurotan esleitu dutelako Anoetako obra, baina benetan, 70 milioi euroko kostua izango duelako, eta aldea herritarrok ordainduko dugu.
Nola?
Ofizialki 50 milioi euro ordainduko dituzte, extra ofizialki, beste eraikun- tza batzuk esleitu eta diru publikoz ordainduta konpentsatuko zaio enpresa eraikitzaileari negozioa egin dezan, hortxe iruzurra. Gainontzeko enpresa eraikitzaileek ere salatu zuten ezinezkoa zela eraikuntza hori 50 milioi eurotan egitea, are gutxiago etekinik atera nahi bada. Bada, esleipen prezioan teknikariek ez zuten sartu enpresaren %19ko etekina, obra guztietan sartzen dena. Ba al dago enpresarik etekinik lortu gabe sartuko dena?
Esleipen prozesuan ELAk ez ezik, gainontzeko eraikuntzako enpresek ere esaten zuten prezio horrek ez zuela ematen, alkateari berari esan zioten. ELAk demostratu du. Teknikari talde berak egiten ditu balorazioak eta prezioak jarri Donostiako Udalak egiten dituen eraikuntzatan. Anoetan eta Txomin-Eneako obratan kasu, arkitekto talde bera izan da balorazioa egin eta gero prezioa ezarri duena. Bada, bata eta bestearen esleipen prezioak oso bestelakoak dira.
Denok dakigu, alkateak badaki eta Errealak ere badaki. Badirudi Errealeko presidentea askoz gehiago dela alkatea eta Aldundia baino. Futbola herritarren interesei gailentzen ari zaie.
Alegia, enpresa eraikitzaileak badaki orain diru gehiago inbertitu beharko duela baina gero beste alde batetik berreskuratuko dutela, eta bide batez, Errealak dirua aurreztuko du, beraz, “denak” pozik….
Oso susmagarria da Gipuzkoako eraikuntzako enpresa potoloak aurkeztu ez izana Anoeta bezalako eraikuntza esleipen batera. Ez dute egin jakin bazekitelako dena aldez aurretik ezkutuan esleituta zegoela eta eurek ez zutelako mahai azpian karta hori. Alkateak badaki eta Errealak ere bai. Esleipena izaera juridiko legala emateko egin dute baina praktikan aldez aurretik zegoena dena hitzartua, antzezlan hutsa izan da esleipena.
Edozein kasutan, 70 milioi euroko kostua badu, nonbaitetik atera beharko da... Segurtasun aldetik, nolako ondorioak ditu merketzeak?
Langile gutxiago + lanordu gehiago + ahalik eta azkarren bukatzeko presioa = lan-istripuak. Prekarietatean sakonduko da, Txomin Eneako obratan dagoeneko ikusten ari garen bezala. Lanaldi amaiezinak (10-11-12 bat ordu eguneko) eta soldata baxuagoak. Gipuzkoako hitzarmenak dioena baino askoz gutxiago kobratzen dute: %50-55 gutxiago, 18.000-24.000 euroko aldeaz ari gara langile bakoitzeko, lanaldi amaiezinak egiten dituzte erabateko prekarietatean, betiere, beste batzuk aberastu daitezen. Gainera, baja hartu ezkero, kaleratuak dira. Hori da, gaur egun, Gipuzkoako edozein eraikuntzatan ikusi dezakegun errealitatea.
Gure agintariek, ordea, euskal oasia irudikatzen dute...
Gure agintariek badakite zer ari den gertatzen obratan, guk demostratu eta azaldu diegulako, bai Batzar Nagusietan bai Legebiltzarrean. Halere, gutxitan deitu digute, ez dute inongo interesik, euren interes bakarra obra eta negozioa dira.
Etorkinak + prekarietatea + beldurra formula magikoaz hitz egin genezake?
Bai, errazagoa egiten zaie etorkinak kontratatzea. Askok ez dakite non dauden lan egiten etengabe aldatzen dituztelako lekuz, zaila da horrela sindikatuoekin harremana mantentzea. Ni neu AHTko Galizako langile batzuekin harremanetan nengoen baina bat-batean ohiko obratik desagertu ziren eta beste batzuetara bideratu. Gainontzeko beharginek ere ikusten dute zerbait esan ezkero lekuz mugituko dituztela, beldurra zabaltzen da eta arrastoa galtzen diegu.
Anoeta, Txomin Enea… AHT da, ordea, oraindik ere larriena?
Bai. Gehienak enpresa piratak dira, eta langile gehienak Portugalekoak. Azken kasua Hernanin atzeman dugu: AHTko obratan zebiltzan langileak Caceresekoak ziren. Igande gauean ateratzen ziren eta gau osoa bidaia- tzen egon eta gero, goizeko 10ak aldera heldu eta jarraian hasten ziren lanean (hau astero). Ezinezkoa da segurtasuna horrela bermatzea. ELAk salaketa jarri eta horri esker %45 gehiago kobratzen ari dira momentu honetan. Zer gertatzen da orain? Bada, orain enpresa hori ez dela “errentagarria”, arazoak dituzte mantentzeko. Akordioa segituan bukatu nahi dute beste enpresa bat kontratatzeko. AHT guztia horrela egiten ari dira eta ondo daki hori Jaurlaritzak.
Sozialki ere errentagarria izan behar da, ordea...
Ahalik eta merkeen eta azkarren egin nahi dute eta azkartasun horrek ez du segurtasuna bermatzen.
Antzuola-Bergarako tartean ikusten ari gara. ELAk salatu zuen %37ko beherapenarekin ezinezkoa zela hitzarmena betetzea, eta batez ere, segurtasun neurriak bermatzea. Denborak, tamalez, arrazoia eman digu: eraikuntza ez zen bukatu, hildako bat egon zen eta lan-baldintzak oso txarrak izan ziren. Aurreko gobernuari eskatu genion eta oraingoari ere esaten diogu: eraikuntzak beste era batera egin behar dira, gizartea eta honen interesak erdigunean jarriz. Bestela, norentzat da errentagarria? Gizartearentzat behintzat ez.
Hitzarmena errespetatuko balitz, ordea, Gipuzkoan bost mila enplegu gehiago sortuko lirateke baina ahalik eta arinen bukatzea eta zinta moztea da Gipuzkoako arduradun instituzionalen lehentasun bakarra.