Gehiengo aurrerakoi baten eraikuntza Ipar Euskal Herrian
Enbata.info 2014/04/11 Txetx Etcheverry
Abertzaleek, bigarren itzulian, beraien indar guztiak neurtzea erabaki dute. Bilakaera politiko hau gertaera nabarmena da eta horrek ondorioak ekarriko ditu hurrengo hauteskundeak baino lehen. Heldutasun eta askatasun politikoa agertzen du bilakaera honek eta aurrerantzean, abertzaleek Iparraldeko bide politikoan izan dezaketen eraginean zeresana izango du.
Mugimendu batek botoen %5-%10a biltzen dituenean (batez beste, baina zenbait lekutan %20 eta %30era iritsi direnak), indar politiko jakin bat eskuratzen du. Indar hau mugatuagoa izango da, hauteskundeen bi itzulien artean ahalmen hori erabiltzen ez bada eta, kontsigna argiak proposatu eta bigarren itzulira begira aliantzarik ezartzeko gaitasunik ez badago.
Alderdi politiko handienak hautesleak “liluratzearekin” konformatuko dira eta nekez aldatuko dute haien ohiko portaera eta jarrera hauteskundeen bi itzulien artean.
Irudika dezagun baina, alderdi politiko hori bera gai dela bere jarrera eta konpromisoen arabera gai dela botoen %5-%10a esparru batera edo aurkakora mugitzeko. Hau da, aliantzen arabera, zerbaiten alde edo aurka bozkatzeko deiaren arabera, edo bigarren itzulian zerrendak mantentzeko erabakiaren arabera. Kasu horretan, irabaztera doan alderdiak, bozen %50a gainditzeari begira, mugimendu hau baztertu ezineko lagun gisa edo aurkari gogor gisa ikusi beharko du.
Egoera horretan, botoen balioa %5-10 baino handiagoa da (bikoitza baino gehiago ere) eta duen balio kualitatibo erraldoia dela eta, garaipena edo porrotaren giltzarri bilaka daitezke.
Bataz-beste %10era iristen ez den mugimendua, gizarte eraldaketarako garrantzitsua den indar bilaka daiteke dagokion lurraldean.
Heldutasun eta askatasun hau, ezin da kasu guztietan emantzat jo. Batzuetan barne kontraesan gaindiezinak sor daitezke militanteen artean eta besteetan, gerta daiteke hautesleen gainean inongo eraginik ez izatea. Argi eta garbi, testuinguruaren eta gainontzeko indar politikoen araberakoa izango da.
Hasiera batean, estrategikoki hain hotza den hurbilketa aurrera eramatea zaila izan daiteke, eta sarritan mingarria. Militanteek dilema konplexuekin borrokatu behar dute, eta zenbait hauteslek zailtasunak dituzte estrategia hau barneratzeko. Baina gutxika-gutxinaka, denbora eta esperientziari esker, estrategia gero eta ulergarriagoa eta integragarriagoa da, eta aldi berean, gero eta jarraituagoa eta eraginkorragoa.
Era horretan, bataz-beste %10era iristen ez den mugimendua, gizarte eraldaketarako garrantzitsua den indar bilaka daiteke dagokion lurraldean.
Gainontzeko alderdi politikoen bilakaeran ere izan dezake eragina; haien kanpo posizio, harreman, eta barne indarretan, alegia. Horrela, ordura arte egin ez zitezkeen aliantza eta bategiteak posible bihurtzen dira.
Gainditu beharreko erronkak
Ezker abertzaleko militante naizen heinean, nire ustetan, Iparraldeko beste indar eta sektoreekin gehiengo aurrerakoi bat eraikitzean datza estrategia. Gainditu beharreko mehatxuak, egutegi klimatiko eta ekologikoan euskararen biziraupena eta garapenaren aldeko neurriak barneratzeko urgentziak eta lurraren aferak, ez digute uzten denborarik gu geu eta gure kabuz gehiengora iristeko. Erronka hauei garaiz erantzun ahal izateko aliantza estrategia argi eta zehatzetara jo beharra dago.
Ipar Euskal Herrian 2014ko udal hauteskundeen inguruan gertatu denetik ikasteko garaia dugu. Etorkizuneko garaipenak prestatzeko garaia.
Ipar Euskal Herrian gehiengo aurrerakoi bat eraikitzeko, aliantzak landu beharra dago, abertzaletasun ideiekin (jakobinoekin ez, beraz) eta kritika neoliberalarekin bateragarri diren indarrekin.
Hendaia, Urruña eta Ziburun, martxoaren 23tik 30erako astean, era honetako aliantza edota gehiengoak eraikitzeko perfilak zehaztu dira. Aste horretan bertan, Baiona eta Angelun, horrelako gehiengoak eraikitzea ezinezkoa egiten duten osagaiak zeintzuk diren ikusi ahal izan dugu.
Mugimendu abertzalearen bilakaerak, bere heldutasun politikoak, posible egin du gehiengo abertzale bat eraikitzea Ipar Euskal Herrian. Aliantza horretan joka lezaketen zenbait sektore eta buruzagik ez dute haien baitan bilakaera hori izan -atzera egin duenik ere badago- zenbait puntu garrantzitsuren inguruan.
Beharbada, erremin eta mendeku desioen garaia da. Etorkizuneko porroten aurrean hobeto prestatzera behartuko gaituna... Edo, agian, Ipar Euskal Herrian 2014ko udal hauteskundeen inguruan gertatu denetik ikasteko garaia dugu. Etorkizuneko garaipenak prestatzeko garaia. Hurrengo bozetarako aliantzak, ez dira bi itzulien artean hartutako jarrera eta promesen arabera finkatuko, baizik eta, aurreko urteetan zehar finkatutako jarrera eta ekintzen arabera.