Gentrifikazioaren mugak

2019/01/25
getrifikazioa argazkia azkena_content.jpg
Langile klaseen auzoek muga nabariak dituzte. Muga fisiko (...) guztiek, beste mota bateko muga eta gabeziak dituzte ondorio: isolamendua, zerbitzu publiko eskasagoak, langabezi tasa altuagoak, errenta baxuagoak, drogak, prostituzioa... Garai batean oparoak ziren auzoak, industria ekonomiaren buru zenean, degradazioaren estigma bereganatzen dute eta, noski, arazo bihurtzen dira agintarientzat. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak dira honen eredu.

Aitor Murgia Esteve, Manu Robles-Arangiz Institutua. Bilboko Uriolan argitaratua.

Mugak oso presente daude hiri baten bizitzan. Bilbok dituen 345.000 biztanleetako bakoitzak ditu bere mugak: psikologikoak, emozionalak, profesionalak, moralak, fisikoak, politikoak, ekonomikoak, sozialak... Bizitza osoa ematen dugu muga horiek onartzen, kudeatzen, saihesten edo, ahal den heinean, gainditzen.

Hiriak berak ere, oro har, baditu bere mugak, gizakiok ditugunak baino gehiago seguruenik. Agintariek, legislatura osoa ematen dute muga horiek ezeztatzen, saihesten, driblatzenedo, ahal den neurrian, kudeatzen.

Gentrifikazio hitza 2009. urtean ezagutu nuen lehen aldiz, Sarrikon, Eskualde eta Hiri Ekonomia ikasten ari nintzenean. Prozesu honetan, hiriko auzo langile eta degradatu batera, prezio baxuez baliatuta, maila sozioekonomiko altuagoko pertsonak joaten ziren (artistak, ekintzaileak, enpresari gazteak, unibertsitarioak). Ondoren, auzoa eraberritu eta bertan bizi ziren auzokideak beste toki batera desplazatzen zituzten. Fenomeno hori onuragarri eta eredugarritzat ikasi nuen, auzo horien egoera sozioekonomikoak gora egingo zuelako. Denda eta jatetxe berri eta berritzaileak zabalduko ziren, artisten muralak eta galeriak ikusi ahalko genituen kaleetatik eta jazz musika entzungai izango genuen "garito moloietan". Ikasten ari ginen fenomeno hori, Bilboko zonalde zehatz batean gertatzen ari zen; Bilbo Zaharran, San Frantziskon eta Zabalan, hain zuzen ere.

Muga fisiko guztiek, beste mota bateko muga eta gabeziak dituzte ondorio: isolamendua, zerbitzu publiko eskasagoak, langabezi tasa altuagoak, errenta baxuagoak, drogak, prostituzioa...

Langile klaseen auzoek muga nabariak dituzte. Ura izan daiteke horietako bat, fisikoa. Urak askotan banatzen ditu eremu aberats bat eremu pobre bat, Bilboko itsasadarrak urte askotan zehar  egin duen moduan (eta egiten jarraitzen duen moduan). Autobideek periferietako langileen auzoak isolatzen dituzte erdigunetik, trenbideek egiten duten antzera. Lurra bera da mugatzailea, zona aldapatsuetan langileen auzoak daudelarik, erdigunea lau dagoen bitartean. Muga fisiko hauek guztiek, beste mota bateko muga eta gabeziak dituzte ondorio: isolamendua, zerbitzu publiko eskasagoak, langabezi tasa altuagoak, errenta baxuagoak, drogak, prostituzioa... Garai batean oparoak ziren auzoak, industria ekonomiaren buru zenean, degradazioaren estigma bereganatzen dute eta, noski, arazo bihurtzen dira agintarientzat. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak dira honen eredu.

Zazpi Kaleetatik urak banatuta, Zabalgunetik trenbideetatik isolatuta eta eremu aldapatsuan. Administrazio publikoek ahaztuta, egoera sozioekonomiko larrian eta estigmatizatuta. Zerbait egin beharra zegoen 3 auzo hauetan Bilbon gertatzen ari zen transformazioarekin sinkronia mantentzeko. Aukera bikaina sortu zen higiezinetan inbertitzeko, lurraren prezio baxuagatik, jadanik zeuden eraikinak berritzeko edo berriak eraikitzeko. Alokairu baxuak, negozio berriak erakartzeko aitzakia ezin hobea. Negozioek, segurtasuna. Segurtasunak, auzokide berriak. Negozio berriek eta auzokide berriek, prezioen hazkundea. Prezioen hazkundeak, auzokide zaharren desplazamendua. Baina hori gutxi balitz, gentrifikazioaren mailarik gorenena Bilbora AHTren iritsiera izango zen, trenbidearen lurperatzearekin eta Bilbo Zaharra eta Zabalgunea bateratuko zuen obrarekin. Ez dakigu noiz ikusiko dugun hori, baina badakigu ederki ordainduko dugula.

Zirrikitu horiek arrakaletan bihurtu, auzoen klase izaera deuseztatu eta elitismo ekonomikoa sustatu. Hori da eredu kapitalista honen helburuetako bat

Zorionez, momentuz, auzo horietako kultura aniztasuna eta auzo mugimenduak indarrez mantentzen dira, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalaren elkarbizitzaren alde eginez.  Baina, gentrifikazio prozesua zirrikitu batzuk zabaltzen hasi da Martzanako Kaiaren ingurutik: bizar luzeak baina zainduak, 90ko hamarkadako "tactel"-ezko txandalak, arropa zaharra baina "estiloz" jantzita eta elitismo nabarmen bat. Eta hori da eredu kapitalista honen helburuetako bat; zirrikitu horiek arrakaletan bihurtu, auzoen klase izaera deuseztatu eta elitismo ekonomikoa sustatu. Beste burbuila mota bat elikatu, pobrea zena burgestu, ponpa ahalik eta handien bilakatu arte. Eta, zer gertatzen da burbuila guztiekin? Ba, momentu batean edo bestean lehertu egingo dela.

Ekonomikoki osasuntsua den hiri bat nahi badugu, klase sozialen beharrak izan behar ditugu kontuan.

Eta justu hori da gertatzen hasi dena New York-eko Manhattaneko merkataritza kale garrantzitsuenetan (https://www.elblogsalmon.com/entorno/otra-cara-gentrificacion-barrios-ricos-pocos-habitantes). Gentrifikazio fenomenoaren aitzindariak izan ziren kaleetan, 70 eta 80ko hamarkadetan, burbuilaren eztandak etorbide guztiak zikindu ditu, 5.Etorbide famatua barne. Merkataritza lokalak itxita azaltzen dira bata bestaren atzean eta jada saltokien %20a baino gehiago itxita dago. Honetaz aparte, 1970. urtetik New Yorkeko biztanleria %3,6an igo den bitartean, gentrifikatu bezala ulertzen diren 15 auzoetan biztanleria %16 jaitsi da. Lurraren kostu gero eta handiagoak sostengaezina bihurtu du jarduera ekonomikoa eta bizitza. Gainera, asimetria ekonomiko bat ematen ari da; nahiz eta pisuak eta lokal komertzialak hustu, lurraren prezioa oso garesti mantentzen ari da, arazo hau biderkatuz.

Ekonomikoki osasuntsua den hiri bat nahi badugu, klase sozialen beharrak izan behar ditugu kontuan. Bilbo Zaharra ez da New Yorkeko Sohoa, nahiz eta batzuentzat horrela izan, eta ezin dugu permititu elitismoak auzoak bereganatzen joatea urteak pasa ahala. Bilboko etorkizuna New Yorkeko oraina izan daiteke eta gure esku dago burbuilari aire gehiago sartzea edo oinarri sendoagoez betetzea. Gentrifikazioak berak, bere mugak dituelako.