Greba orokorrerako arrazoi emozionalak

2020/01/29
ElorriokoGarbitzaileak.jpg
Mirari Irure Espin, ELA Zerbitzuak (artikulu hau Garan argitaratu da)

Asanblada andana deitu ditugu ELAtik Hego Euskal herriko lan zentroetan azken asteotan, urtarrilaren 30eko greba orokorrerako gure arrazoiak azaldu eta ahal bezainbat langileren atxikimendua lortu nahian. Eta funtsean, zertan datza hori? Boterea banatzean datza. Boterea ez du soilik legea egiten duenak edota baliabide ekonomikoen eta produkzio bideen jabetza duenak. Informazioa boterea da. Asanbladotan, datu, zifra eta argudio politiko zein sozioekonomiko mordoa eman ditugu, grebarekin bat egiteko hamaika arrazoi daudela agerian uzten dutenak. Eta oso garrantzitsua da informazio horrek etengabeko jarioa izatea.

Berriki Hedoi Etxartek aipatu du Frantziako pentsioen erreformaren aurkako greba arrakastatsua izan bada, hein batean bederen, kazetariek grebari begira jokatu duten paperagatik izan dela; kazetari asko eta asko grebaren apologia egiten jardun baitziren beren lanorduetan. Tamalez, gurean, salbuespenak salbuespen, ez dut uste halakorik gertatuko denik. Besteak beste, udazkenean EITBko langileei egindako inkesta baten emaitzak jasotzen zuenez, komunikabide publikoko langileen 3tik 4 (%75) sinetsita dagoelako EITB taldearen informazio politikak zera bilatzen duela: Eusko Jaurlaritzaren jarduna legitimatzea. Gauzak horrela, oso garrantzitsua da gutako bakoitza jabetzea ezinbestekoa dela grebaren apologia guk geuk egitea, gure lantokietan eta gure inguruan. Guk egiten ez badugu, (ia) inork ez duelako egingo.

Gaur ordea, ez naiz datu eta zifrak ematen hasiko, nahi dituenak eskuragarri ditu Eskubide Sozialen Kartaren web orrian, adibidez. Gaur grebarekin bat egitera bultzatzen nauten arrazoi emozionalak partekatu nahi ditut zuekin. Heteropatriarkatuak behin eta berriro esaten digu arrazoia emozioaren gainetik dagoela, eta ez nago prest sistemari garaipen hori eskaintzeko. Galeanok zioen moduan:

«Me gusta la gente sentipensante, /

que no separa la razón del corazón. /

Que siente y piensa a la vez. /

Sin divorciar la cabeza del cuerpo, /

ni la emoción de la razón»

Eduardo Galeano

1.- Arrazoia/Emozioa

Askotan esan izan dugu: grebak indartu egiten du gure talde izaera, identitate kolektiboa eraikitzen laguntzen digu. Eta horrek zer dakar emozioei dagokienez? Sistema neoliberala tematuta dago den-dena norbanakotzen: lan harremanak, beharrizanak, arazoak... Horrela, bakarrik gauden sentsazioa areagotzen zaigu. Sistemak isolaturik nahi gaitu. Bada ez, ez gaude bakarrik. Gure arazoak, gure beharrak, beste batzuenak ere badira, beste batzuk ere kezkatzen dituzte. Lehen ondorioa: grebara irteteak bakardadetik aldentzen gaitu.

2.- Arrazoia/Emozioa

Askotan, greba deialdi baten aurrean zalantza eta beldur ugari azaleratzen zaizkigu. Balioko ote du zerbaitetarako? Zigortuko ote naute aurrerago? Beldurra oso arma indartsua da. Sistemak hori badaki eta gu geldiarazteko baliatzen du; etsipenaren bidean jarri nahi gaitu. Kontrara, greba eguna emozio positiboz beteriko eguna da. Hasteko, egun horretan une oro jendearen babesa sentitzen dugu. Gainera, egunean zehar badaude uneak eta bizipenak behin baino gehiagotan oilo-ipurdia jarriko digutenak (inoiz grebarik egin ez duzuenontzako diot hau bereziki). Bigarren ondorioa: grebarekin bat egitea, zirraragarria da, boteretu egiten gaitu eta indarra ematen digu beldurrari merezitako ostikoa emateko.

3.- Arrazoia/Emozioa

Grebarekin bat eginda, gizarteari sekulako oparia egiten diogu: aurreko, gaurko eta ondorengo belaunaldiei egin diezaiekegun ekarpen garrantzitsuenetakoa da greba. Greba egiten duen gizartea, bizirik dagoen gizartea da. Gainera, egun horretan, soldata moduko ondasun pribatibo bati uko egiten diogu, denona eta denontzako izango den ondare hobe batean sinesten dugulako. Hirugarren ondorioa: greba egiten dugunean eskuzabalak izaten ari gara.

4.- Arrazoia/Emozioa

Greba egiteko aukera, ikuspuntu batetik behinik behin, pribilegioa izan daiteke. Honatx zergatik diodan hau. Grebarekin salatu nahi ditugun prekaritate egoera bortitz askoren atzean, greba egitea planteatu ere ezin duten bizitzak daude. Pertsona migratuak, etxeko langileak, murgildutako ekonomian lanean dihardutenak... Seguruenik, gure aldarrikapen guztiekin bat egiten duten arren, greba egiteko aukera ez zaie burutik pasatu ere egiten. Eta guk greba egiten dugunean, ahotsa jartzen diegu errealitate horiei, beren lekuan jartzen gara, beren egoera salatzen dugu eta beren eskubideen alde borrokatzen gara. Eta horri enpatia deitzen zaio. Laugarren ondorioa: greba egiten dugunean solidarioak izaten ari gara.

5.- Arrazoia/Emozioa

Bosgarren emoziora iristeko, historia pixka bat. Emma Goldman gaurko Lituaniako iraultzaile feminista eta anarkista bat izan zen. Hamabost urte zituela, Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zuen aitak bere borondatearen aurka ezkonarazi nahi zuelako. Bertan, langileen mugimendu anarkistarekin bat egin zuen eta hainbat aldiz atxilotua izan ondoren, agintariek emakume oso arriskutsu deklaratu zuten eta Errusiara deportatu zuten. Kontua da, Errusiar iraultzako mitin baten amaieran dantzan hasi zenean, kamarada batek aurpegiratu ziola dantzatzea ez zela jarrera egokia iraultzaile batengan. Horren aurrean Emmak zera bota zion: «Ezin badut dantzarik egin, ez da nire iraultza izango». Ordutik, esaldi hori lelo feminista ezaguna da, borroka egiteko hainbat modu daudela aldarrikatzeko.

Harira. Aurtengo greba orokorreko eguna, ez da bakarrik borroka eta aldarrikapen eguna izango. Urtarrilak 30 ospakizun eguna ere izango da. Eta zer ospatu genezake? Bizitzan sinisten dugula, ez diruan; ezkertiarrak garela, abertzaleak garela, badagoela alternatiba... Bakoitzak jakingo ditu bere arrazoiak, hori seguru. Bosgarren eta azken ondorioa: greba egunean alaitasunari ateak irekiko dizkiogu. Eta dantza egin nahi duenak egin dezala, bai, noski. Ni ez naiz urruti ibiliko.

Gora greba orokorra!