Gutxiengoetako kideei pribilegio edo eskubide bereziak aitortu behar al zaizkie?

2012/10/04
bbf5.JPG
Demokrazia ez da gehiengoaren tirania, pertsona guztien giza eskubideen errespetua baizik. Era berean demokrazia ez litzateke gutxiengoen tirania, ezta hauek gainerako hiritarrek baina eskubide gehiago izatea ere. Haratago, gizarte garatu batean elkarbizitzaren oinarriak ezartzen dituzten gutxieneko giza eskubideak, guztientzat berberak direnak, bakoitzaren nortasunaren arabera gauzatu behar dira, eta ez nortasunaren kontra.

Laster argitaratuko dugun Eduardo J. Ruiz Vieytez-en Inmigración, diversidad e identidades culturales:¿Problema u oportunidad? liburutik aterata.

Ideia honekin bat eginez, aniztasunaren kudeaketa demokratikoak ez du esan nahi gutxiengoa edo etorkinak babestu behar direnik, edo desberdinek eskubide bereziak izan behar dituztenik. Kontrakoa baizik, kontua kolektibo hauen desberdintasunak barneratzea da, hiritar guztiei dagozkien eskubideez goza dezaten. Gutxiengoetako kideek ez dute zertan besteek baino eskubide gehiago eduki, ezta gehingoko kideek ere eskubide gutxiago izan. Batzuen zein besteen giza eskubideen zerrenda berbera da, eskubide unibertsalak baitira, kontuan izan gabe mugaren zein aldetan kokatzen diren. Egokitu behar dena da eskubide horiek gauzatzeko modua. Hortxe hartu behar da kontuan pertsona bakoitzaren nortasuna, eta horrek, halabeharrez, tratu berezitasunak eskatuko ditu.

Beharrezkoa da gizarte multikultural bakoitzean giza eskubideen irakurketa multikulturala egitea, bai berauen inguruan arautzeko baita egoera zehatz bakoitzean aplikatzeko ere. Gauza ez da eskubide berriak sortzea, edo hirugarren edo laugarren belaunaldiko eskubideak aitortzea, ezta eskubide kolektibo, berezi, edo pribilegioak onartzea talde jakin batzuentzat. Kontua da, besterik gabe, guztiei giza eskubide berberak aitortu eta bermatzea, baita gehienengandik desberdinak direnei ere. Hau da, berdintasuna eta diskriminazio ezaren printzipioa bere esanahi osoan aplikatzea. Gizarte multikultural, demokratiko eta garatuaren prismatik eskubideak aplikazioa hainbat modu zilegi daude, gizarte batean ematen diren kultura eta nortasun espresio desberdin bezainbeste. Horrek gatazkara eraman ez dezan, beharrezkoa da eskubideen gauzatzea egiazko berdintasun batera moldatu edo egokitzea modu arrazoizko batean. Beharrezkoa da aitortzea berdintasunerako eskubidea diskriminazioaren aurrean, uniformizazioaren aurrean tratu desberdindua aitortu behar den bezala, hau da, desberdintasunerako eskubidea, ez dagokiola gutxienekoa direnei soilik, herritar guztiei baizik.

Zentzu honetan, instituzio publikoen papera funtsezkoa da oinarrizko eskubidea arautu eta gauzatzean, edo eskubideen gauzatzeekin lotutako gatazkak epaitzean. Era berean, garrantzitsua da instituzio publikoek berek (legebiltzar, tribunal, polizia, hezitzaile...) zein pribatuek (sindikatu, hezkuntza instituzio, enpresa, kooperatiba, GKE, eliza edo sinismen desberdin, auzo elkarte, fundazio...) aniztasuna barneratzen joatea. Gizartea anitza eta plurala bada, bertako instituzioek ere hala izan behar dute inguruan duten gizarte errealitatearekin bat eginda. Gehiengoaren erregela gisa ulertutako irizpide demokratikoak orekatu egin behar dira gizartearen izate plurala azpimarratuko duten neurri zuzentzaile, arrazoizko egokitze eta moldaketekin.

Azken finean, hautsi egin behar da tratu desberdinetan pribilegioak ikusten dituen ikuspegiarekin. Egoera desberdinek tratu desberdinak behar dituzte berdintasun egoera erreala posible egiteko. Gutxiengo egoera bati tratu desberdina emateak ez du egoera hori pribilegiatu egiten. Gehiengoak ezin ditu nahastu pluraltasuna lortzeko beharrezko desberdintasunak eta tratu pribilegiatua. Era berean espezifikotasunaren logikarekin apurtu behar da. Tratuan desberdintasunak ez du esan nahi eskubideetan desberdintasuna. Ez daude talde edo kolektibo desberdinen eskubide espezifikoak, baizik eta eskubide berberak gauzatu eta gozatzeko era espezifikoak. Eskubideak unibertsalak dira, eta berberak guztiontzat. Eskubide horien aplikazioa da moldatu behar dena. Baina pluralizazio demokratikoa ez da eskubide berrien sorrera, baizik eta guztiei, salbuespenik gabe, aitortzen dizkiegun eskubideak ulertzeko modu irekiago, pluralago eta inklusiboagoa.