Herri-mugimendua eta instituzioak: Sistema osatu

Nikolas Blain (artikulu hau Enbata aldizkaria argitaratu da)
Hauteskundeetan aurkezten direnak ez dira politika egiten duten bakarrak. Herri-mugimenduak ez dira eremu instituzionalaren sateliteak, gobernantzari dagokionez beraien funtzionamendu modua, erabakitzeko gaitasuna edo epeak baitituzte. Honek guztiak sistema osatzen du, irekitasunaren eta independentziaren arteko hartu-emanean. Batak bestea gabe aurrera eginez gero laster sortzen da desoreka. Biak batera doazenean, aldiz, garaipen handiak eskura izaten dira.
Osagarri izateko aukera eraiki egiten da
Edozein mugimendutan, areago bere burua ezkerrekotzat jotzen badu, honelako gogoetak egiten dira: «Nirea borroka da, politika besteentzat uzten dut», edo kontrara, «militanteek presio handiegia eragiten diete hautetsiei». Baieztapen hauen atzean ekintza politikoari buruzko gaizki-ulertu bat dago. Izan ere, hura ez baita hauteslearen txartelean edo mandatu batean agortzen. Aitzitik, ekintza politikoa hasten da norbaitek gizartea eraldatzeko asmoa duen unean bertan.
Alderdiek, sindikatuek, kolektiboek, elkarteek, kooperatibek... guztiek hartzen dute dinamika horretan parte. Haien artean osagarriak izatea ez da luxu bat, arrakasta iristeko baldintza baizik. Politikak sozialaren beharra du bizirik, konektatuta, interpelatuta jarraitzeko. Aldiz, sozialak politikaren beharra du eragiteko, irauteko eta, batzutan, garaitzeko.
Instituzioak inoiz estutzen ez dituen herri-mugimendu baten ekintza alferrekoa da. Alderantziz, inoiz presiorik onartzen ez duen alderdi politikoa idortu egiten da. Harremana ez da inola ere hierarkikoa, dialektikoa baizik. Herri-mugimenduen eginkizuna ez da txalotzea; bultza egin behar dute, kritikatu, esnarazi. Horrela galarazten dute lerratze elektoralista, uko egitea nahiz immobilismoa.
Hemen, Ipar Euskal Herrian, hautetsi abertzaleek Euskal Herriko Herri Elkargora, herriko etxeetara edota departamendura borroketan sortutako aldarriak eramaten dituzte: etxebizitza, euskara, baserritar nekazaritza, trantsizio ekologikoa... Hautetsiotako asko herri-mugimenduetatik datoz, eta oraindik ere haien partaide dira. Izan ere, horrek trebatu egiten baitu, zaildu, transmisioa bermatu. Borrokak koadroak sortzen ditu, eta hauek batzuetan kaletik hauteslekuetara pasatzen dira, edo alderantziz.
Etorkizunerako lotu beharreko borrokak
Mugimenduek harreman instituzionalekin irabazi egiten dute. Herri-mugimenduetatik sortutako hautetsiek badakite aldarriak politika publiko bihurtzen, hauek desitxuratu gabe. Espazioen artean iparra galdu gabe mugitzeko gaitasuna, herritar matxinadaren eta palanka instituzionalen artean zubigile izatekoa, horixe da ezbairik gabe konpromiso politikoari zentzua ematen dion erronka nagusietako bat, hala hautestontzietan, nola eremu sozialean.
Mugimendua kausa ezberdinen batura besterik ez da. Ekosistema konplexu bat da, eta hau taxutzen dutenak elementu osagarriak, kontraesanak, tentsioak eta eraikuntza partekatua dira. Halaber, bada ere memoria bat, prestakuntza dinamika bat, transmisiorako ahalmen bat. Militanteek lehen lerroa utzi eta bestelako kontuetan engaiatzen badira, kolektiboak formazio lanari eutsi behar dio. Erreleboa ez da sortzen iraganeko ereduak berreginez; aitzitik, jarduteko modu berriak ager daitezen aukera eman behar da.
Jakina, tentazioa izan liteke esatea “honez gero gazteak ez dira engaiatzen”. Baina hau kasu askotan ez da egia. Engaiatzeko beste bide batzuk hautatzen dituzte: egitura historikoetatik kanpo, antzeko jendeak osatutako sareetan, borroka konkretuetan, beste kode batzuen baitan. Aurreko belaunaldiek utzitako egiturek beharrizan berriak sortzen dituzte ere... eta hauek indar militanteak baliatzen dituzte. Kontua da erabakitzea gazte hauei zein proposamen egingo diegun, jarduteko zer nolako lekua emango diegun euren bidea egin dezaten, akatsak egiteko aukera izan dezaten.
Landu beharreko aliantza
Atetan ditugu borroka berri handiak, eta badator hauteskunde-ziklo garrantzitsu bat; beraz, elkar osatzea giltzarria izango da. Eztabaidatu, elkar ulertu, tentsioak jasan baina ez zubirik eraitsi. Honek elkarrekiko errespetua, entzutea eta batzuen zein besteen aldetik gauza bat kontutan izatea eskatzen du: herri-mugimendurik gabe alderdiak instituzionalizatu egiten dira. Palanka politikorik gabe, borrokek agortzeko arriskua dute.
Gure historiak zer nolako jarraipena izango duen sistema eratzeko gaitasun horren araberakoa izango da. Ez dira dibergentziak indargabetu behar; egoera edo taktiken inguruan ditugun gorabeherak indar bilakatu behar ditugu. Zeren eta bide bakarra baitago urrunera iristeko: elkarrekin joan behar dugu, kalean, ideien munduan eta instituzioetan.