Hezkuntza, garapen pertsonal eta sozialerako tresna
Hemen duzu Aitor Etxartek "Hezkuntza IBEX-35" jardunaldian eman zuen hitzaldiaren audioa, eta esandakoen pasarte batzuk.
Jendartea eta eskola sistema
Hezkuntzaren testuingurua ezagutzeko jendartearen ezaugarri nagusiak aztertu behar dira: aldaketa sozio-demografikoak, aberastasuna eta pobrezia, hauen banaketa eta garapena, generoaren markak, diren hizkuntzak eta kulturak, gizarte eta kultur zerbitzuak, administraziotik, eremu komunetik eta pribatutik bultzatzen diren egitasmoak eta beste.
Aurreko mendean munduaren zenbait lurraldeetan sortu eta eraiki zen eskubide komuna, merkantzia izateko bidean da
[...] Hezkuntza sistema, gaztaroan derrigorrezkoa eta bizitzarekin batera egiten dena, jarraitzen du gizartean faktore esanguratsua izaten. Lan egiteko ezinbesteko baldintza izateaz gain, hiritar osoa izateko bitartekoak ematen dituelako, hau da, eskubide errealak bermatzeko pertsona ahalbidetzen du.
Baina, eskola orain arte ezagutu dugun moduan arriskuan da. Aurreko mendean munduaren zenbait lurraldeetan sortu eta eraiki zen eskubide komuna, merkantzia izateko bidean da. Ikastetxeek, gero eta gehiago, zerbitzu enpresen izaera hartzen dute, familiak eta ikasleak bezero bihurtu dira, eta hezkuntza eta kultura marketin eta publizitate bidez merkaturatzen dira.
Bestalde, proiektuekiko oro har, eta eskolarekiko zehazki, pertsonen atxikimendua ahultzen ari da eta, horren ordez, kontsumitzaileari dagokion eskakizun eta begirada nagusitzen da.
Auzo berriak sozio-ekonomikoki eta kulturalki homogeneoak dira. kontzienteak izan behar gara haurrak hurbilen duten eskolan tokia behar dutela aldarrikatzen denean oinarri segregatzailea indartu egiten da
[...] Historikoki lan merkatuak dituen baldintzetara lotu da hezkuntza. Ez da ezer berri. Berria dena da lan merkatuak, gero eta gehiago, kalifikazio gutxiko lan ugari eskaintzen duela eta, beste muturrean, sofistikatuak diren gutxi.
[...] Jendartearen bizi baldintzak, bestalde, prekarioagoak dira [...] Eta, aldi berean, gero eta sektore zabalagoetan eskola berri bat aldarrikatzen da topagune izango dena [...].
Eskolak birsortzen du. Baina
[...] Hezkuntza sistemak espazio sozialaren taldeketaren egiturarekin lotura zuzena du. [...] Gurean espazio soziala oso bereizia, segregatua dago. [...] Pobreziaren arrisku tasak eta pobrezia larriaren tasak oso geografia zehatza dute. [...] Arazo bera gertatzen da aberastasun-pobreziaren gaia jatorri migratzailea duten ikasleekin alderatzen badugu.[...] Hezkuntza sistema ez da salbuespena, kontrakoa, segregazio sortzailea da.
1. Joera bereizgarria indartu egin da azken urteetan. Etxebizitzen merkatuak, faktore askoren gainetik, komunitate zehatzen ezaugarria baldintzatzen du. Auzo berriak sozio-ekonomikoki eta kulturalki homogeneoak dira, urbanizazio berriak zer esanik ez, eta garai bateko herri txikiak homogeneitatearen adibide perfektuak dira. Gauzak horrela, kontzienteak izan behar gara haurrak hurbilen duten eskolan tokia behar dutela aldarrikatzen denean oinarri segregatzailea indartu egiten da. Eta garraiatzen direnean, espazioak batzuetan ematen ez duen homogeneizazio zuzentzen da.
Beraz, hezkuntza sistemaren azterketaren oinarrian, besteak beste, etxebizitzaren sistemaren ezaugarriak dira. Espekulatzaile, hirigile eta udal arduradunak segregazioaren buru dira. Nekez jartzen zaio hezkuntza sistemari hori zuzentzeko ardura.
Hezkuntzak kultura hegemonikoa kuestionatu behar du: progresoaren ideia, genero banaketa, jokaeren kanona, edo estetikoa eta literarioa auzitan jarriz
Espazio sozial markatuetan izan daiteken hurbiltasunak bide ematen du hor diren pertsonen arteko mundu “natural” bat sortzeko antzekoak diren kapital ekonomiko eta kulturalean oinarritua. Hortik kanpo, jakina, bestelako mundu “naturalak” ere izango dira baina arrotzak.
Mundu “natural” horietako partaideek, batzuetan, helburu komunak definituko dituzte lan kontziente eta arrakastatsua egin ondoren. Aldiz, beste mundu “naturaletan” ez dute horretarako gaitasunik izango. Hau da, giza taldeek, interes antzekoak edukiz ez dituzte beti proiektuak garatzeko parekoa den gaitasunik.
Beste modu batera esanda, familiek modu kontzientean hezkuntzan inbertsio ekonomikoa eta sinbolikoa egiten dute. Jakina, abantaila nabariak dira kapital ekonomiko eta kulturala dutenen aldera. Hor dira, besteak beste, erpin ekonomikoan diren familiak, baina baita irakasleenak edo ogibide liberalenak. Hauek guztiak eskola berritzaileagoak eta bikaintasunez jantzitakoak sortzeko aukera gehiago dituzte bestelako hiritarrekin alderatuz.
Baloreak, jarrerak eta prozesuak kanpoan gelditzen direnean hezkuntzak duen alde emozionala eta kolektiboa baztertzen da
2. [...] ikastetxea zerbitzu-produktua bilakatu da eta salgaien dinamiketan sartu da: egiten duena, eta sortu nahi duen irudia, gero eta garrantzia handiagoa du.
[...] Beraz, eskolak, aurreko bi planoak “ahaztu” egiten baditu, pentsatuz bere ikasle guztiak egoera berdinean bizi direla oinarrizko hutsa egingo du eta kapital kulturalaren jabetza asimetrikoaren banaketan lagunduko du. Hau eztabaida ezina da. Familien kapital kulturalak, era informalean eta oinarrizkoan lantzen duena, lotura egiten du eskolak duen logikarekin eta honek titulazioen bidez jarraipena ematen dio.
[...] Irakasle garenontzat ebidentzia honek deseroso senti arazten gaitu. [...] gure ibilbidea meritu pertsonalekin lotua dagoela ohiko diskurtsoa da eta ikasle askoren ahalegin faltarena erabiltzen dugu, aldiz, jakintzan eta enpleguan duten posizio ahula edo menpekoa esplikatzeko.
3. Hezkuntza sistemak titulazioen bidez jendartea segmentatzen du. [...] titulazioen gainprodukzioaren garaietan akreditazioak eta lor daitezken posizioak debaluatzen dira. Joera honek hezkuntza sistema muturreko lehiakortasunera eraman du.
[...] Gizartearen haustura hauek ezagutzeak ez gaitu konponbidean jartzen baina ez dira alferrekoak. Ezagutuz, gainditzeko bidean jartzeko aukera dago.
Desorekak eta bereizketak ezagutuz bakarrik, orekatzaileak diren neurriak asmatuko dira.[...]
Kapital kulturalaren banaketa asimetrikoaren aurrean irakaskuntzatik eman diren erantzun asko mahai gainean jarri beharko ziren. Har dezagun bat: irakasle eta profesionalen plantilak ikastetxeetan. Ratioen eztabaida zenbaki magiko eta unibertsalen inguruan planteatzen da. [...] Metodologia mimetikoak erabil daitezke kapital kultural handia edo murritza dituztenekin? Proiektu pedagogiko guztiz irekiak eskaintzen direnean nor ari gara, onerako edo ez, diskriminatzen?
Eskolaren elkarbizitzan era irekiak edo itxiak proposatzen direnean, kontutan hartzen dugu ikasle eta familien biografia asimetrikoak? Eskola eleanitzak denbora eta bitarteko berdinak eduki behar ditu pertsonen aurreko jakintzak eta espektatibak kontutan hartu gabe?
Eskolak lehian: komuna, publikoa, kontzertatua, pribatua
[...] Zer egiten du hezkuntza erakunde batek pobreziarekin, genero diskriminazioekin, indarkeriarekin, dogmatismoarekin, xenofobia edo analfabetismoekin. Sareen artean (publiko/kontzertatu/pribatu) eta sareen baitan normalizatu da familiak erakartzeko eskolen arteko lehia, jendartean moden arabera hegemonikoak diren ezaugarriak jakitera emanez (lehiaketetan arrakasta maila, ikasleen emaitza akademiko apartak, atzerriko hizkuntzak, teknologien erabilera, metodologiak, kirolak…) eta besteak ezkutatuz (pobrezia, bazterketa soziala, tratu txarrak, bortizkeria…). [...]
Ikastetxe publikoek eskolatze maila handia eta hedapen espazial zabala edukita, ez dute gaitasunik eduki irudi koherente eta erakargarria sortzeko. Jendarteari ekarpen handia egiten dio baina ohikoa da eztabaida “zikinen” erdian egotea. [...]
Egitasmo iraunkor eta estrategikoen ordez profesionalei modako paradigma eta autolaguntzaren kontsumoa eskaini zaie. [...]
Bestalde, irakaskuntzako langileok dugun posizioa aldagai esanguratsua da.[...] Lan baldintzetan ustezko posizio pribilegiatua dugu (interinoentzat edo unibertsitatean gazteagoak direnentzat aspaldi bukatu zena) eta ohartu gabe hortik begiratzen dugu: perspektiba laburra dugu. [...] Eta, aldi berean, indar handiz esan behar da, egiten den on guztiaren berri zabaldu behar dela, harremanak sendotu, eraso edo gabezien aurrean komunitatearen irudia indartu eta joera komunikatibo berria asmatu. [...]
Irakasleok asko dugu aztertzeko eta hobetzeko. Eta gure funtzio soziala kuestionatzen denean ez da zilegia ohiko erantzun korporatiboa. Horrelako bat ematen dugun/den aldiro, beste aukera bat galdu dugu.
Aurrera begira zer?
Lehenik eta behin, ezin dira ezinezkoak agindu. Hezkuntza sistemari ezin zaio ezinezkoa eskatu: ekitatea lortzea, gizartea euskaratzea, bizikidetza bideratzea, genero diskriminazioarekin bukatzea edo jendarte kultua sortzea. Baina bai, agian, ondokoa.
[...] Hezkuntzak kultura hegemonikoa kuestionatu behar du: progresoaren ideia, genero banaketa, jokaeren kanona, edo estetikoa eta literarioa auzitan jarriz. Hau da, hezkuntza sistemak ezer baino lehenago funtzio humanista du: inklusibitatea bultzatzeko funtzioa du. Arreta jarri behar da bereizketaren faktore klasikoetan (klasea, generoa, arraza, kultura) eta, gero eta gehiago, bestelakoak kontutan hartuko dira (gaitasun estandarretatik apartekoak, bortizkeriaren egoerak, utzikeria emozionala, bakardadea...).
[...] Hezkuntza formalak galderak erantzunak baino gehiago edukiko ditu. [...] bereziki, pentsaera eta diziplina ezberdinetan komunak diren gaitasunak landuko ditu. Hau da, lanketa erreflexiboa, kritikoa, enpirikoa, historikoa kontutan hartuko du.[...]
Hezkuntza sistemak egiten duenaren, eta ez duenaren, ebaluazioa egingo du. Ez da zilegi irakasle, ikastetxe edo sistemaren ebaluazioa aipatu bezain pronto kontrako jarrerak agertzea. Aurretik esan dugun bezala, ezin da ekitatearen alde egin arazoak zehatz ezagutu gabe. Horretarako ebaluaziok lagungarriak dira. Horregatik, ebaluazioa ezin da jakintza eduki batzuetan bakarrik oinarritu.
Baloreak, jarrerak eta prozesuak kanpoan gelditzen direnean hezkuntzak duen alde emozionala eta kolektiboa baztertzen da. Eta, haria jarraituz, egiturazko faktoreak ebaluatzen ez direnean (administrazioen politikak, irakasleen rolak, ikastetxeen funtzionamendua eta beste) ez da sistema ezagutzen eta ezin dira neurri zuzentzaile egokirik proposatu.
Horregatik guztiagatik, gizarteak edo kasu honetan sindikatu batek ezin du irakasleen esku hezkuntza gaia utzi. Argi esan behar da, beste edozein lan sektorearekin gerta daitekeen bezala. Irakasleok begirada lokala dute/dugu eta hau ezaugarri profesionala da. Ikuspuntua lanbidearen baldintzen morroia da neurri handi batean. Dena aztertzen dugu lantzen dugun arloaren perspektibatik edo ditugun ikasleen adinaren filtrotik, dugun hizkuntzaren profilatik, e.a.
Sindikatu batek, kasu honetan, eskolaren funtzioa, irakasleen misioa, titulazioen ezaugarriak, formazioaren edukiak eta bestelako gaiak aztertu behar ditu jendartearen lan baldintzetan eta bizitzan esanguratsuak direlako. Eta, jakina, irakaskuntzako langileen lan baldintzak.