(Hitzaldia) "i" letra armairutik ateratzen
Horri guztiari buruz hitz egiteko, eta askoz gehiagorako, aurten Mer Gomez aktibista, egile eta intersexualitateetan espezializatutako ikertzailea izango dugu gurekin, Era berean, "i de intersex" kolektiboko kidea da, eta ikusiko duzuenez, "La receta silencio" film laburraren protagonistetako bat da.
Ekainaren 28ko hitzordua baino lehen ere, gaira gerturatuko gaituen elkarriketa hau gomendatzen dizuegu Larrun ·271 alean argiratu zen. Bertann Naimak,Intersex pertsonen errealitatea eta borroka azaltzen du bizipen intimoenei lekua eginez.
“Binarismo kontu bat da, baina tematze bortitz hori pentsaera heteroarautuak dakar”
Intersexualitatea definitzeko orduan zertan jartzen duzu arreta?
Gizonezko ala emakumezko gorputzen definizio bitarrean sartzen ez diren sexu-ezaugarriekin –genitalak, gonadak edota kromosomak–sorturiko pertsonak gara. Nazio Batuen Giza Eskubideen Goi Komisarioaren definizioa da, ados gaude honekin eta horrek badu bere inportantzia. Horri gehitu behar zaio esperientzia sozialarena: patologizazioa, medikuntzaren esku-hartzea, diskriminazioa... Esperientzia sozial horrek nau intersex pertsona egiten, bariazio ezberdinak ukanda ere, esperientzia sozial horrek gaitu intersex pertsonok batzen. Medikuntzak, jendarteak eta estatuak baliogabetu naute, eta baliogabetze horrek nau egiten intersex pertso- na eta militante.
Zertan da zure definizioa subertsiboa?
Hitzak eman dizkit intersex identitateak: lehen aldikoz medikuntza-terminoak ez diren hitzak jaso nituen. Guk erabiltzen dugu “bariazio” hitza, baina medikuen ahotik baliogabetzen nauten hitzak entzun izan ditut etengabean –"anbiguotasuna", "malformazioa", "osasun-arazoa" eta oroz gainetik gaixotasun izenak–. Horregatik da hain zaila pertsona intersexual gisa existitzea, pertsona intersexualak garela ez zaigulako sekulan erran. Nik eritasun izen bat dut. Sindrome batzuk gara.
Medikuntzarenak ez diren hitzak atzematearekin sentitu dut nire bizitzaren aitorpena. Horregatik
diot existitzea politikoki existitzean datzala.
Ez bada gehiegi eskatzea...hitz horiek noiz entzun zenituen lehen aldikoz?
2017a zen, Collectif Intersexes et Allié.es (Intersex eta Aliatuak Kolektiboa) egiturak antolatu Ikus- garritasunaren Hamabostaldiaren baitan zegoen hitzaldi batean. Intersex pertsona batzuk ikusten nituen lehen aldia zen. Intersex definitzen ziren, baina une horretan ez nuen hitz hori ezagutzen. Kontua da nik bizitutakoarekin antza handiak zituzten bizipenak kontatu zituzte- la... 38 urte nituen.
Elkar topatze horrek badu sekulako balioa. 1990Eko hamarkadan sortu zen intersex pertsonen arteko gutasuna. 30 urteko borroka horretako zein une nabarmenduko zenituzke?
Nola ez, intersex pertsonen lehen egituraren sortzea aipatu beharra daukat. 1993an izan zen, Intersex Society of North America (ISNA). Iraultzailea izan zen. Bariazio intersexualak dituzten eta medikuntzaren esku-hartzeak errefusatzen zituzten pertsona gisa aurkeztu ziren jendearen aitzinera. Lehen aldia zen. Bestalde, 2013ko Maltako Adierazpena ere nabarmenduko nuke. Aldarrikapen bateratu bat adostu zuten 30 bat egiturek, diskriminazio ororen bukaera galdetuz eta gorputz-osotasunaren eskubidea, autonomia fisikoa eta autodeterminazioa aldarrikatuz.
Medikuek diote operazio teknikak hobetu direla eta zuen bizipenak iraganeko kontu bakan batzuk direla.
Egiari zor, mediku banintz argudio bera aterako nuen! Ezin garaituzko argudioa da, gezurtatzeko zifrarik ez daukagulako. Daturik ez daukagu, ez ditugu aurkitzen, gordetzen dituzte. Haienaz hain segur badira, zergatik gordetzen dituzte? 1979An sorturikoa naiz eta nik ere sinetsi izan dut garai zaharrekoa eta etsiturik dauden bakar horietarikoa nintzela. Badakizu, zaila da beste bizipen batzuen topatzea, pertsona intersexualok ez gaude karrika izkina guztietan. Amak kontatu izan dit ttipia nintzela galdetu ziela medikuei bariazio bera zeukaten batzuen ezagutzea. Besterik ez zegoela erantzun zioten. Berriki gurutzatu dut pertsona intersexual bat, nire adin berekoa eta ospitale beretik pasatakoa...
Horrela dago gurea. Ni hamazazpi urterekin atera nintzen osasun sistematik, egunetik biharamunera ez nintzen agertu. Ez ziren sekulan etorri nire bila. Etorri balira jakinen zuten ondorioak zein diren niretzat. Baina ez. Teknikak hobetu dira, egia, baina operazioekin segitzen dute. Hobeto mutilatzen dutela erran dezakegu. Oinarrian pertsona intersexualaren adostasun libre eta argitua izatea nahi dugu. Hain zaila da ulertzea? Bide hau nahi dutenek hobeki biziko lukete, eta nahi ez dugunok salbu ginateke. Belaunaldika bakar bat balitz ere, soberazkoa litzateke. Tamalez, askoz gehiago gara. Nik ez dut arazorik interbentzio kirurgikoak edota hormonalak nahi dituzten pertsona intersexualekin edota transexualekin. Norberaren onespena badeino, aurrera!
Binarismoa zalantzan jartzen duten gorputzak dira intersexualak.
Kontu handiz jorratu beharreko gaia dugu hau. Gure existentziak ez dira arauen barne, beraz, frogatzen dugu antolaketa bitarra eraikuntza soziala dela. Baina aldi berean, gurea ez da genero-sistema bitarraren aurka egiteko argumentu gisa erabili behar. Pertsona intersexualetan badira bitarrak, ni banaiz adibidez. Sistema bitarra gezurtatzen dutenak pertsona ez-bitarrak dira. Kolekti- boan badira ez-bitarrak, beraz ez gara ere binarismoaren ordezkari. Jendartean dauden kategoriak dauzkagu gurean. Guk dioguna da sexukategoriak eraikuntzak direla.
Heteroaraua kokatzen duzu pairatu indarkeriaren oinarrian?
Argi eta garbi. Pairatu dugun guztia da binarismoaren emaitza. Gizonezkoak eta emakumezkoak behar dira eta hori heteroaraua da. Kromosomei so egin –XY, XX edo XXY nintzenez begiratu– eta XX aurkiturik, estereotipa bati segi emakumezko sailkatu ninduten. Binarismo kontu bat da, baina tematze hori pentsaera heterosexualari lotua da: ez nuenez baginarik eraiki zidaten, eta barneragarria izan beharko zuen bagina behar nuen. Hara. Horretan datza nire historia guztia. Operatuz edota hormonak emanez bideratzen dute binarismoa. Hormonak, bizarra pu sarazteko, hormonak titiak pusarazteko... baina inoiz ez zaie bururatu pertsonari galdetzea non kokatzen den. Gordina da haien hiztegia: baginak barneragarria behar du eta zakilak tamaina egokikoa. Heterosexualitatea hori baino zabalago izan daiteke, hor ikusmolde heteroarautu batean gara. Emakume heterosexual “egokiak” eta gizon heterosexual “egokiak” eraiki nahi dituzte.
Ilusio bat da. Gainera, harreman erreproduktiboak ez dira baitezpada bermaturik izanen.
Erran behar da ahal duten guztia egiten dutela eta sekulako baliabideak jartzen dituztela emakumezkoek haurrak ukan ahal izateko. Emakumezko bagara ez dute arazorik horrekin. Haatik, emakume transexualentzat ez dute nahi... Baina, errealitatean, emakumezko izendatu izanak ez dakar beti aukera. Adibidez, “androgenoekiko sentikortasun eza, partziala edo osoa” izendaturiko bariazioetan XY izanik ere emakumezko sailkatuak dira. Ez dute uterorik eta hilekorik –gertatu daiteke ukaitea, baina arraro da–, baina itxura salbatzearren emakumezko kokatuak dira.
Interbentzio hauen eraginez, harreman intimo eta sexualak mingarriak izan daitezke. Plazeran ere badu eragina. Hitz egin dezakegu horretaz?
Nirea galdekatzera eraman ninduten arrazoien artean dago hori. Benetan diot, egina izan zaidanak nire bizitza osoan du eragina. Hitzak jartzen lortzen dut eta hori da nire orainaren eta iraganaren arteko aldea; edo behintzat bizitu dudana ulertzeko hitz batzuk atzeman ditut. Errealki, usu ez da bakarrik operazio bat izaten. Nire kasuan, mediku-txostenik ezin izan dut eskuratu, baina erraten ahal dizut hamabost aldiz operatu nautela. Arazoak agerturik, infektatzeagatik ala beste, urteetan errepikatu dizkidate. Dilatazioak ere egin dizkidate, dilatatzen ez bada ixten delako eraikitako bagina. Hamarnaka eta hamarnaka dilatazio. Sentikortasunik ezaren arazoa ere hor da. Erran nahi dizudana da minek, zikatrizek, sentikortasun ezak...horrek guztiak egunero oroitarazten dizkidala iragan urrun batean buruturiko operazioak. Emakumezko sailkaturik, barnean gorderiko gonadak kendu eta bizi osoan hormonak hartzera behartu duzu pertsona. Ondorio psikologiko eta fisiko oso astunak ditu. Badakit argudio gisa daukatela barrabiletako minbiziaren arriskua.
Operatu beharrean, zergatik ez gaituzte hurbiletik eta denboran segitzen? Bakan gertatzen den minbizia eta hobekien sendatzen dena da barrabilena. Kontua ez da hori: emakume batek bere baitan barrabilak ukaitea trabagarri zaie. Ttipi-ttipitatik hasten dira gure gorputzak baliogabetzen eta zikintzen. Zehaztu dezakete ez dela larria, baina gurea gaixorik den gorputz bezala tratatzearen bortxaz, iristen da unea non sinesten dugun gaixorik gaudela. Bakan onartzen ditut elkarrizketak, inarrosten nautelako, ez zait batere ariketa erraza.
Nolatan ez duzu mediku-txostenik?
Normalean, ospitalera sartzerakoan paper batzuk ematen dizkizute eta ateratzerakoan txosten bat badaukazu. Nik ez dut sekulan ezer jaso... eta ez naiz bakarra, konturatu gara kasik gehiengoa garela kasu horretan. Ez da ez daukagula mediku-txostenik... ez digute pasa nahi. Arrazoi kosmetiko bati segi, fisikoki eta psikologikoki lanjerrean ezartzen gaituzte. Noski, hori ez digute aitortuko. Ez gaituzte “pertsona intersexual” izendatzen, eta hori daukagu zailtasunetan: sindrome batzuk gara, “sexu garapen nahaste” batzuk. Gezurrak ere izan dezake bere lekua. Nik hamabost operazio eta 33 anestesia pairatu ditut, alta, gurasoei erran zitzaien operazio bat ala biren kontua zela. Horregatik dugu adostasun libre eta informatuaren baldintza aldarrikatzen. Osasunarentzat arriskurik ez den kasuetan, umeei bideraturiko interbentzio kirurgiko eta hormonalen bukaera galdetzen dugu. Nire kasuan hiru urtetan abiatu zituzten –eta berandu da, pentsa emazu!–. Nola emanen nuen nik nire onespen libre eta informatua hiru urterekin?
Onespena. Librea eta informatua.
Me Too mugimenduari esker adostasunaren gaia plazaren erdian kokatu da; horri esker gutxik adierazi dezakete adostasunik gabeko sexu harremanak bideratu daitezkeela. Onespenik ez baldin bada, zer dira dilatazioak? Ez dut gustuko termino hori, onartzeko zailtasunak ditut, baina... bortxaketa bati asimilatua izan daiteke. Ume bati objektu bat sartzen diozunean baginan... Ados, medikuntza-objektu bat da, baina dildo baten funtzio bera du. Barkatu gordina bazaizu, baina zer nahi duzu erratea besterik? Horrela da eta ondorio psikologiko asko ditu.
Ume bat hipospadia batekin sortzen bada (pixa ateratzeko zuloa ez du zakilaren puntan) operazioa proposatua zaie gurasoei, zutik pixa egin ahal izateko –hau da ematen zaien arrazoia–. Zakila ongi doala begiratzeko... umearen zakila erekzioan jartzen dute, baieztatzeko gogorturiko zakila zuzen doala. Ume bati egiten diote hori... Ulertzen zergatik gabiltzan borrokan? Pentsa zer nolakoak izan daitezkeen ondorioak. Nireari dagokionez, erran dezaket ez naizela nire gorputzean bizi, gorputz hau ez dudala nire sentitzen. Hiru eta hamazazpi urteen artean ez dut sekulan nire sentitu, indarrez egindako etsaminak, harturiko argazkiak, burutu operazioak eta dilatazioak direla eta. Horra.
Hala eta guztiz ere, intersex pertsona gisa zutik eta harro segitzen duzu. Zuen harrotasunak nolako eragin du medikuen artean?
Egoera ez da aldatzen. Aldatzekotan legeak beharturik aldatuko da. Bioetikaren Legearen eztabaida garaian ehun bat medikuk plazaratu zuten iritzi-testu higuingarri bat. Horrek erakusten digu trabatzen ditugula. Ez genuen uste hainbeste presio sartuko zietenik parlamentariei, ukaldia bildu genuen.