Immigrantea, bada biderik; protestaren bidea

2012/09/19
i22 manifak.jpg
Emigrante gehienak arrazoi ekonomikoek bultzatzen dituzte. Inork ez da bere sorterritik joaten beste nonbait laguntza publikoetatik bizitzeko asmoz, eta are gutxiago gaizki bizitzeko helburuarekin. Ihesi doaz, politika neoliberalen ondorioetatik, ustelkeriatik, biolentziatik eta aberastasunaren banaketa injustutik. Immigranteek bizitzeko aukera hobeak izan nahi dituzte, eta hori lan duinarekin lortzen da; hain zuzen, Europa -immigranteen eskuek ere eraikitzen lagundu duten etxea- da aukera horiek eskaintzen zituen munduko eskualdeetako bat.

Emérita Cuellar, ELA inmigrazioa

Zoritxarrez, neoliberalismoa, herrialde aberatsetan ahulenak esplotatzeko asmatu zen tresna, Europan ere izugarrizko kalteak egiten ari da, batik bat langile-klaseari, krisiaren aitzakiaz ongizate-estatua eraisten ari baitira. Gobernuek, batik bat Rajoyrenak, ezartzen dituzten eskubide sozial eta laboralen murrizketekin herritarrak pobretu eta ito egiten dituzte, bertoko zein immigrante dela ere, eta pertsona asko bere herrietara itzultzera behartuta dago, baldintza negargarrietan.

Gobernuek krisia aitzakiatzat hartuta eskubideak murriztu eta zerbitzuak pribatizatzen dituzte: hor ditugu pentsioen erreforma, erreforma laborala eta negoziazio kolektibokoa, etxeko enplegua, gizarte-segurantza, gutxieneko diru-sarreren bermea edota osasun-erreforma, paperik gabeko immigranteak baztertu dituena. Krisiaren itzalean sortutako iruzurra biribiltzeko, berriz, bankuei 100.000 milioi euro emango dizkiete, hori bai, gu guztion, herritar xeheon bermearekin.

Krisia nondik nora doan ikusita, immigrante askoren etxerako bidaia berriro pateran izan liteke, edo basamortuetan zehar. Horregatik, ELAk dei egiten die bidea protesta eginez urratzera, krisia ez baitu jende xeheak eragin, ez bertokoak, ez kanpotik honaino oinez etorri denak. Langile-klaseak batuta egin behar dio aurre egoera honi, eta ezin dugu manipulazioetan erori, krisiarekin zerikusirik ez dutenekiko jarrera arrazistetara edo diskriminazioetara joaz.

ELAren iritziz, ongizate-estatua galtzeko arriskua eta guztiontzako etorkizun hobea eraikitzeko nahia aski arrazoi bada langile-klaseak aldarrikapen indartsuak plazara ditzan; kargu politikoetan daudenek kapitalaren mesedetan lan egiten jarraituko dute, bere zerbitzura baitaude. ELAn badakigu politikaren erabakiak aldatzeko aukera bakarra dagoela, protesta ozena, handia egitea. Horregatik, immigrante jendeari ere dei egiten diogu irail honetan kalera irtetera, 22an manifestazioetan eta 26ko greba orokorrean.